argia.eus
INPRIMATU
Landareak: Lore berdea buru
Jakoba Errekondo 2005eko maiatzaren 01
Barazki jendearen aukera gero eta zabalagoa dugu. Azoka eta kutixi dendetan zeinek urrutiagokoa, ezezagunena edo arraroena den barazki edo fruta eskaini, ikaragarrizko dema dago. Erosleen atentzioa bildu eta ondo saltzen dena laster probatuko dute etxeko sailetan baserritar barazkigileek, nobedadea izaki euro-putzua baitira puska baterako. Hauetakoa da brokolia, Brassica oleracea botrytis. Aza eta konifloraren familiakoa, ahosabai gehienen arabera hauek baino finagoa da eta haien usain-kiratsik ez du.
Garai batean baratzazain bereziren baten ortuan tarteka eta sukaldari xelebreren baten mahaian aldian behin ikus zitekeen brokoliaren berdea. Azken aldi honetan, ordea, urte osoan eta ia nonahi topa dezakezu.
Osasun iturri ederra da lore hau: bitaminetan C, B1, B2, B6, A eta azido folikoa, eta kaltzioa, burdina, potasioa, poxpoloa, iodoa, zinka, kuprea eta manganesoa ditu. Gorputzarentzako osagai garrantzitsu hauek emateaz gain zenbait gaitzei aurre egiteko ere eraginkorra da oso brokolia. Minbiziari aurre egiten dio hura sustatu dezaketen gai kimikoen erasoetatik babestuz; ikerketen arabera, astean 350 gramo brokoli janez gero heste lodiko minbizia izateko arriskua nabarmen jaisten omen da. Urdaileko ultzera eragiten dutenetako bakterio bat atzeratu eta deusezta dezake antibiotiko gisa. Burdin premia handia duten anemikoentzako aproposa da bere burdin, klorofila eta azido folikoa direla eta. Menopausia eramangarriagoa egiten duten sojaren antzeko fitoestrogenoak ditu. Gorputzaren iragazki garrantzitsuena den gibelaren lana sustatzen du garbiketa sakonago bat burutzen lagunduz.
Nahikoa arrazoi bada bai brokolia zopa, entsalada, menestra, purea, krema, arroza edo nahi duzun saltsa berdetzeko... eta bide batez zerorri.