argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2021eko uztailaren 19a

Iñaki Aldekoak adierazpenok egin zizkion HABEri: «Gezurra da jendeak bere kabuz hautatzen dituela liburuak. Merkatuaren funtzionamendua eta boterea hori da: zuk aukeratzea pentsatuz oso originala zarela, aukeraketa horretan».

Paco Ibañezen hitzok jaso zituen Berriak: «Mila bider entzun dezaket kantu bat, eta niretzat beti izango da entzuten dudan lehen aldia. Eta, aldiz, poema bat hamar, hogei aldiz irakurtzen duzu, eta bat-batean hitzek indarra galtzen dute, higatu egiten dira».

Honakoak esan zizkion Eider Rodriguezek Aizuri: «Liburua baloratu behar da literaturaren ikuspuntutik, ez idazlearen larruazalari, adinari edo sexuari begira. Ez dut txalorik nahi emakumea naizelako eta liburu bat idazten ausartu naizelako. Diskriminazio positiboak ez du zentzurik diziplina artistikoetan».

Jexux Mari Irazuk Berriari esanak: «Futbol jokalariak, idazleak eta beste edonork bezala, dedikazioa eskaini behar dio bertsolariak bertsolaritzari, eta dedikazio horren araberakoa izango da emaitza. Zeure bizitzako ordurik onenak beste zerbaitean emanda bertsotan ez-dakit-zer emango duzula pentsatzea zeure burua engainatzea da».