argia.eus
INPRIMATU
Elixabete Garmendia (kazetaria): "Errauskine eta gazta"
2005eko apirilaren 24a
Juan Jose Ibarretxeri izerdi tantak ikusi zaizkio hurbileko planoan, eta laster bota du, subkontzienteak eraginda seguru asko: "Merezi du izerditzeak". Maria San Gilek lausotuxe zeukan begitartea, kleenexa erabili berri balu bezala. Patxi Lopez beirazko igogailuan gora agurka, metafora zirudien bidaian. Javier Madrazok neurriko tonua erabili du, ez gora, ez behera. Aintzane Ezenarro pasatu egingo zen Kontxan bainua hartzeko proposamenarekin. Nekane Erauskini ezin izan diot bisaia ondo ikusi, La Casillako argiztapena ez baitzen telebistarako egokiena. Lasaitu ikaragarria hartuta zegoela iruditu zait, hori bai, Goierriko erara "do" eta "don"ka hitz eginez askatu denean.

Festazalea da bat, eta oportunista samarra. Sanferminetan iruindarra izan nahi luke, Iñauterietan tolosarra eta lekeitiarra Sanantolinetan. Gaur gauean berriz, EHAKekoa izan nahi luke batek, eta sentituko litzateke ipuineko Errauskine bezala, hankapean eta zarpail ibiltzetik, plazako eder eta miretsiena bihurtuta. Eta mendekua hartuko luke jasandako jipoi, irain eta gutxiespenengatik.

Festa gauetan, ordea, konturatzerako argitzen du egunak. Zortzietan zeukan jarrita lanarekin hitzordua Ibarretxek, zazpietara aurreratu zaio Patxi Zabaleta eta berandu arteko beta hartu du Arnaldo Otegik. Ordu batzuk gorabehera, xanpainaren eta ozpinaren lurrinak ezkutatzen direnean, hotz-hotzean, izerdia eta malkoak xukatuta, itsasoko kresala garbituta eta tenplea berdinduta, hasi beharko dute taxuz maneiatzen apirilaren 17ak ondutako gazta zapore anitz hori.

Bitartean ebidentzia bat daramat ohera: errealitatea egoskorra dela gero, eta ostrukarena egiteak ez duela balio lege eta bitarteko guztiak horren zerbitzura jarrita ere.