Kataluniako zenbait udalek martxan jarritako www.compartir.org ekimenari batu zaizkio Bilbo eta Arrasateko udalak. Bakoitzak ordea, modu ezberdinean eskaintzen du bidaiatzeko laguna topatzeko zerbitzua. Donostiako Udalean ere sare honen kide izateko proposamena agertu da:
- Bilbo (www.compartir.org/bilbao): Bizkaiko hiriburuko Udalaren web gunean bidaiak lau ataletan banatu dituzte. Batetik Bilbotik irten edo hara iristen diren lagunek proposatutakoak daude eta, bestetik, inguruko herri batetik atera edo herri horietara heltzen diren bidaiarienak.
- Arrasate (http://www.compartir.org/arrasate/): Gipuzkoako udalerriaren kasuan, bidaiak hiru multzotan daude banatuta: "lanera joateko", "unibertsitatera joateko" eta "bidaia bat egiteko". Aurreneko zerrendan Arrasate bertako eta inguruko herrietako hainbat lantegi agertzen da; bigarrenean EHUko kanpusak, Nafarroako Unibertsitatea, Arrasateko Goieskola Politeknikoa, Oñatiko ETEO eta Eskoriatzako ALMEN eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Unibertsitatea; eta hirugarrenean, batez ere Euskal Herrian barnako bidaiak daude.
- Donostiako Ezker Batua-Berdeak taldeak ibilbide bera egin behar duten bidaiariek ibilgailu bakarra erabiltzea proposatu du, batez ere langileengan eta unibertsitateko ikasleengan pentsatuz. Hala, Donostia ere jada Bilbo eta Arrasate hartzen dituen compartir.org sareko kidea izatea nahi du. Dioenez, "sistema honen helburua ez da garraio publikoaren erabiltzaile kopurua murriztea, auto pribatuen zentzuzko erabilera sustatzea baizik".