argia.eus
INPRIMATU
Ondasunaren
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Eraikuntzan, norberarenean alegia, dihardun askotxo dabil etxe publikoetako bulego inguruetan. Beti dago koinaturen baten lagunen bat prest, hori bai, eskupekoren baten truk, tranparen tapakiarena egiteko. Koinatuen lagunena da katearen behe maila, sarearen ipurdia, zintzilikatzean agerikoa, hauskorrena. Behiak larrean nola mokauka hausnarrean bizi dute botere garaia, negu hotzerako bazka biltzen. Gizenduta irten dira denak ere, larrea soil utzita. Okatutako batzuk soilik egiten dute goitik, flakiak jota larrera egin zutenak desgaraiz, udazken urrian iritsitakoak, eremuaren hesi-irekiduratik pasa ezinik harrapatutakoak. Nafarroan dabiltza sozialistak aspalditik eraikuntzen zepoetatik askatu ezinik. Oraingoan Otano bulego piratatako bat da agerikoa, Urralbururen eskifaiako buru berantiarra, ontzia abandonatu aitzin okupatzaile berriekin xuritzaile bila ibilitakoa. Sanzek ez du bere begi bakarra erakutsi nahi, eta maskara darabil tapaki. Idiarena egitea du nahiago piratarena baino. Erakusteko baino ezkutatzeko gehiago dutenek, elkarren anparoa behar dute baina ez nahasian, ez dira korta berekoak. Madrilen bildu ziren, denek ere bertan dute beren itzain, beren kapitain. Elkarri diote ukatuko.