argia.eus
INPRIMATU
Joan Mari Irigoien: «Erakargarri zaizkit garaile diren arren galtzaile direnak»
Pilar Iparragirre 2005eko apirilaren 17a
Zergatik idatzi duzu futbolaz?
Aspaldi idatzi nahi nuen zerbait futbolaren inguruan. Bestalde, betidanik gertatu izan zaizkit erakargarri kirol izarrak, arrakastaren aparretan ibili ondoren hondoa jotzen duten horiek bereziki, edo bestela izanda: garaile diren arren galtzaile direnak; Maradona edo Pantaniren kasuak hor ditugu. Edo, atzerago joanda, Urtainena.

Zu zeu ere futbolaria izana zara.
Bai, gazte denboran. Eta mundutxo hori ezagutzen dudanez, pentsatu nuen egoki izango litzatekeela euskal futbolariren bat jartzea protagonista edo heroi gisa, garai batean heroi zena antiheroi bihurtuko bada ere, nobelan kontazen den historiaren arabera.

Familiak garrantzi izugarria du bestenaz gainera homosexuala den gizon horren bilakaeran...
Gaurko egunean familia dugu, oraindik ere, gure harremanetarako erreferentzia. Baina familiaren kontzeptua zabaldu beharra dago, errealitateak halaxe eskatzen duelako: emakumea ez da etxeko lau hormen artean itxita bizi, eta dibortzioak eta bereizteak hor daude, homosexualen eskabideak ere hortxe dauden bezala. Bide batez, esan dezadan gotzainen iritzien kontra nagoela, guztiz, homosexualen aurka daramaten gurutzada horrekin. Hain zaila ote da, bada, jendea bakean uztea? Gogoraraziko nizkieke Jesusek fariseuei zuzendutako hitzak: «Benetan diotsuet publikanoak eta putak zuen aurretik izango direla zeruko erreinuan». Gaurko egunean biziko balitz, «putak eta marikoiak» esango bailuke Kristok, ausaz.