PSOEk Moncloa berreskuratu zuenean, gure egoerak hobera egingo zuenaren esperantza hedatu zen bazterretan. Eta Zapateroren irudi komertzialak horretarako beta irekitzen zuen, elkarrizketan oinarritzen baitzuen iduriz bere estrategia. Laurogeigarren hamarkadan Frantzian Mitterrandekin bezalaxe, euskal errefuxiatuek ezagutu zuten garairik ustelena, egun guri dagokigunez behintzat, Aznar bezain genozida gertatzen ari zaigu Moncloako biztanle berritua. Espainiako komisaldegietan torturatzen dira euskal militanteak ia salbuespenik gabe. Eta hemengo politikari onartuek, abertzaleak barne, txintik atera gabe gure desesperaziorako. Ez da euren arazoa, auzokoena baino. Bik jaten duten mahaian hiruk jan dezaketela baino, hauek hiruentzakoa biren artean jatea dute gogoko. Eta hala, aukera guztiak baino geronen aukerak baliatzea dute helburu. Guztiak daude Moncloaren aurka. Hitzez. Hitza baita armarik azkarrena beren demokrazian. Baina hitza ere, boterearen mahaian jangarria denez, osasun on. Hartzen zaituzte jangelan, erakusten zaituzte mahaia, baina jan, berek jaten dute soilik. Eta nik, parte hartzen uzten ez didaten otoruntzan, ez dut jangelarik ikusi nahi, are gutxiago mahaia eurentzat prestaturik dagoelarik.