argia.eus
INPRIMATU
Legala eta ilegala
Igor Estankona 2005eko apirilaren 10
Grimau-ri hogei urte geroago ordainarazi zizkioten egindako guztiak. Oraindik gogoratzen zen bat baino gehiago, antza, gerran gertatu zenaz.
Tribunalaren aurreko Grimauk ere presente izango zituen, zelan ez, historiaren putzu beltzetatik zabaldu eta "edo zuek edo gu" esan zioten ahotz haiek. Aurrean zain zituen azkenik.
Irabazleen azken hitza izan zen, heriotza zigorra. Astiro, baina atzera bueltarik ez duen historiaurre baten antzera. Gerogarrenean konturatu ziren, ordea, auzia prestatzeaz arduratu zen fiskal militarrak ez zuela kargu hori betetzeko behar zen titulurik. Epaia, beraz, baliogabea izan zen. Garantia guztien azpian zegoen harrezkero Grimauren zerraldoa.
Testigantza guztien artetik eta aztergai ziren folio guztien azpitik sartu zuten orduan ere golde erraldoia, eta bere egitekoa izan zen, eta da, lurrean erein den edozein hazi irauli eta ahoz gora abandonatzea. Norbaitek egin behar du, titulua izan zein ez. Norbaitek egin behar du, klase sozialak eta nazioak epaitzeko eskumenik eduki ez arren.