Fernando Bernuesek Donostiako Txema Zubia ikusle elkarteak ematen duen Zubia saria jaso du, antzerki zuzendari gisa izandako ibilbidea dela kausa. Uneon Vaiven taldeak apirilaren 21ean Donostian estreinatuko duen Nasdrovia Chejov! antzezlanaren zuzendaritza lanetan dago murgilduta.
Patxi Araujo artista nafarrak azken bi urteetan burututako margo organikoak jarri ditu Iruñeko Ziudadelan. Maiatzaren lehena arte izango da zabalik Araujoren Inventarium.
Eneko Bidegain kazetari eta idazleak bigarren eleberria plazaratu du Elkar argitaletxearen eskutik: Mahatsaren begia. Presio sozialak norbanakoengan eragiten duen zamaz dihardu.
Aterkings 2000 urtean sortutako talde markinarrak estraineko diskoa kaleratu du: Rock'n'roll (Gaztelupeko Hotsak). Zuzenekoetan eskarmentua duen taldeak hamasei abesti plazaratu ditu. Hamabi euskaraz, hiru ingelesez eta bat gaztelaniaz.
Abigail Lazkozek (Bilbo, 1972) erakusketa du zabalik Donostiako DV galerian. Pinturan aritua, marrazkiak lantzen aritu da azken bosturtekoan. Maiatzaren 7a arte ikusi ahal izango da.
Ruper Ordorikaren Ez da posible diskoa berrargitaratu du Metak diskoetxeak. Ordorika rock aldera bihurtu zuen diskoa 1990ean plazaratu zuen Madrilgo Gasa diskoetxeak. Ordorikak berak zuzendu du berrargitalpena eta Anjel Katarain arduratu da birmasterizazioaz.