Informatikari euskaldunen V. bilkura: Softwaregintza puri-purian

  • Apirilean egingo dute Informatikari Euskaldunen V. Bilkura. 1996. urtean abiatu zituen bilkurok Udako Euskal Unibertsitateak. Ordutik softwaregintzan, hizkuntza aplikazioetan, Interneten... egindako bidea garrantzitsua izan da, baina UEUko Informatika Saileko Olatz Arbelaitz eta Xabier Artolak diotenez, egiteko asko dago oraindik. Bederatzi urteko ibilbideaz eta aurtengo asmoez idatzi digute Arbelaitz eta Artolak.

2005eko apirilaren 10an

Informatikari euskaldunak biltzeko lehen asmoa Udako Euskal Unibertsitateko Informatika Sailetik sortu zen, 1996an, eta hala antolatu ziren estreinako aldiz, urte hartako udazkenean, Informatikari Euskaldunen I. Topaketak. Handik bi urtetara, 1998ko azaroan, bigarren aldia izan zuten topaketa hauek. Hurrengoa egitea, berez, 2000ko udazkenean tokatzen bazen ere, elkarretaratze hori atzeratu egin zen, eta 2001eko udaberrian izan zen Informatikari Euskaldunen III. Bilkura. Gerora, IV.a, 2003ko apirilean egina, eta V.a aurten, Miramon Enpresa Digitalarekin elkarlanean antolatu eta Donostian, apirilaren 22an, hain zuzen, egingo duguna ditugu.

Lehenengoa antolatzerakoan zer-nolako harrera izango genuen ez bagenekien ere, parte-hartzaileen kopuruak, eta, batik bat, parte-hartzaile horiek hitzaldietan, software-erakusketan nahiz mahai-inguruan agertutako interesak argi erakutsi ziguten egindako ahalegina ez zela alferrikakoa izan. Horrek bultzatuta, noski, bilkura hauek bi urtean behin egiteko asmoa sendotuz joan zen. Saio guztietan ehun eta berrogeita hamar lagun inguru bildu izan gara, irakaskuntzaren, administrazioaren, komunikabideen zein industriaren mundutik etorritakoak, eta ekitaldiaren bukaeran betearazitako inkestetan beti agertu da berriro egiteko nahia eta beharra.

Bilkuron formatua ez da asko aldatu urte hauetan: gonbidatuen hitzaldiek, deialdi irekira aurkeztutako komunikazioek, software-erakusketak eta mahai-inguruak osatu izan dute, aldeak alde, egun osoko jardunaldia. Ekitaldi bakoitzean gai nagusi bat aukeratu izan da ardatz: Euskarazko softwarea (1996), Euskara eta Internet (1998), Informatikaren irakaskuntza eta informatika irakaskuntzan (2001) eta Informatikaria gizarte elektronikoan (2003). Aurtengoa berriro ere softwaregintzaren aldetik bideratu nahi izan dugu: Softwaregintzaren erronka berriak.

Lehenengoa antolatu zenean hasi berria zen, administrazioaren eskutik batez ere, software erabiliena euskaratzeko bidea. Izan ere, lehen topaketa haien ondoren egindako balorazioan honako hau irakur daiteke: "Euskarazko produktuen zabalkuntza bideratu behar da, erabiltzeko ohiturak ere sortu behar dira, eta martxan jarri behar dugu euskarazko softwarearen merkatua". Bederatzi urte joan dira ia hori idatzi genuenetik, eta, aurreratu dela ukaezina bada ere, erabiltzeko ohiturei dagokiena, esaterako, bete ote da? Ordenagailu bat erosterakoan, ez al da oraindik normalena dendatik erdarazko sistema eta programak instalatuta ekartzea? Ez al da gehiegitan gertatzen oraindik, dela alferkeria, dela erosotasunagatik, bere horretan uzten dugula, aldatzen hasteak ekar ditzakeen arazoei aurre ez egitearren? Egia da, aurreratu egin da, euskarazko softwarearen katalogoa inoiz baino hornituagoa dago egun (http://softkat.ueu.org/), nahiz eta oraindik oinarrizko aplikazio asko falta izan, baina asko geratzen da egiteko. Azken aldian, programa eta aplikazio erabilienak dezente azkar euskaratu dira, eta, hasierako urte haietan ez bezala, gero eta prestatuago dator softwarea lokalizazio-lanetarako, eta gero eta agudoago dugu eskura euskarazko bertsioa. Hori dela eta, aplikazio horien inguruko terminologian egindako aitzinamendua ere bistakoa da. Baina, hizkuntza-normalizazioaren kontuan bezalaxe, honetan ere erabilpena dugu gainditu gabeko irakasgaia.

Bilkura hauetako gehienetan presente egon den beste gai bat hizkuntza-aplikazioena izan da. Teknologia berriek daramaten abiada ikusita, arlo horretan atzera geratzeak ezinezko bihurtuko bailuke, etorkizun hurbilean, euskara jarduera askotako hizkuntza normala izatea. Esate baterako, sakelako telefonoetako mezuak euskaraz idazterakoan hitzak osatzeko laguntza ematen duen aplikaziorik ez badaukagu, ez al gaitu horrek berak erdaretarantz bultzatuko? Horretan ere aurrera egin da, azpiegituren prestakuntzaren aldetik batez ere, baina asko dago egiteko, eta larria da. Ahotsa ezagutzen eta sintetizatzen duten sistemak behar ditugu hainbat aplikaziotan, era guztietako hizkuntza-tresnak testuen lanketako programetan, hizkuntza-ezagutza izango duten aplikazioak informazioaren bilaketan eta eskuratzean, itzulpengintzarako laguntzak eta abar luze bat.

Azkenik, ezin, bada, aipatu gabe utzi Interneteko mundua. Izan ere, horixe izan baita beste kezka-iturri bat, bilkura joan eta bilkura etorri agertu dena. Dudarik ez da, euskarak bere tokitxoa eskuratu du sareen sare horren erakusleiho erraldoian, baina arlo horretan ere normalizaziotik urrun gaudela esango genuke. Gogoak eta kezka ez dira falta, eta horren erakusgarri bigarren bilkurako ondorioen artetik jasotako hau: "Euskaldun zibernauten sare bat antolatu behar dugu".

Aurrekoetan bezala, aurtengo ekitaldian ere interes handiko gaiak jorratuko ditugu; horretan gaude, behintzat, antolatzaileok. Hiru jarduera nagusi izango dira: hasteko, softwaregintzaren munduan puri-purian dauden zenbait arlo landuko dira: web zerbitzuak, aplikazio informatikoen segurtasuna, osagaien bidezko programazioa, software-patenteak, grid delako konputazioa, inguru-adimena eta abar; bestalde, azken aldian garatu diren euskarazko aplikazio berrien aurkezpenak egingo dira; azkenik, egunari bukaera emateko, software jabedunetik software librerako bidean dauden aukerak eta arazoak jorratuko dira mahai-inguru batean, bide horretan ari diren enpresa eta teknikarien eskutik. Mahai-inguruko gai hori ardatz hartuta beste saio batzuk ere antolatu izan dira urte hauetan Informatika Sailaren eskutik (Software Libreari buruzko I. eta II. Euskal Mintegiak, 2001ean eta 2002an), eta, piztu duten interesa ikusita, espero izatekoa da aurtengo bilkura itxiko duen mahai-inguru hori ere erakargarria izatea jende askorentzat.


* * * * * * * * * * * * * * * * * *


Informatikari Euskaldunen V. Bilkura apirilaren 22an, Donostian, Miramoneko Teknologia Elkartegiko eraikin nagusiko aretoetan izango da. Informazio gehiago nahi izanez gero, sailaren helbidera jo (http://www.ueu.org/groups/
informatika/), eta jarraitu V. edizioaren esteka.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude