Dantzaren hilabetea
Arte guztietatik gutxien sustatzen denetakoa da dantza Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak antolatu duen Dantza Garaikidearen I. Zirkuitoa aurrerapausoa da, baina asko dago egiteke dantza saioak -araikidea, klasikoa nahiz euskal dantzak-oholtzan maizago ikus ahal ditzagun. Horrexegatik dira garrantzitsuak Dantzaren Nazioarteko Egunaren (apirilaren 29) inguruko ekitaldiak, dantzaz gozatzeko parada izango baitugu. Apirilaren 9an Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko ikasleek dantza emanaldia eskainiko dute Lasarte-Orian, 10ean Kontxako barandan barra saioa izango da, hilaren 16an Andoaingo Bastero antzokian Dantzaren Nazioarteko Egunaren IX. Gala egingo dute eta apirilaren 29an saio andana izango da, besteak beste, Barañainen, Durangoko Plateruenan eta Bilboko
La Fundiciónen.
ETB eta ekoiztetxeen ituna sinatuta
bi urtez eztabaidan aritu eta gero »salaketa administratiboak tartean», datozen hiru urteetan gutxienik hogeita bat film luze egiteko hitzarmena sinatu dute ETBk, Ibaiak eta Euskal Produktoreen Elkarteak: urteko zazpi film. Urteko zazpi horietatik bat gutxienez euskaraz izango da. Zazpi film horietan produktore laguntzaile gisa jardungo da, eta filmeko 150.000 euro jarriko ditu. Euskarazko filmeen kasuan, aldiz, 250.000 euro jarriko ditu. Film guztien euskarazko bertsioen eskubideak erosiko ditu ETBk. Hogeita bat film horiez gain, sormeneko beste hogeita bat dokumental egingo dira eta horien aurrekontuaren %20 bere gain hartuko du Euskal Telebistak. Oraindik ez dute TVmoviei dagokien ituna sinatu.
Sareak gora egin du
430.187 lagun izan ziren iaz Sareak (arte eszenikoak sustatzen dituen Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, udalen eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena) antolatutako antzerki, dantza eta musika saioetan. 411 obra izan ziren ikusgai eta horien 1.332 emanaldi. %83 antzerki lanak izan ziren, %11 dantzakoak eta %6 musikakoak. EAEko antzokietan izan ziren taldeen %49 euskal konpainiak izan ziren eta programazioaren %30 euskaraz izan zen. Berrogei antzokik parte hartzen dute Sarean. Horietatik 21 Gipuzkoakoak dira, 17 Bizkaikoak eta 2 Arabakoak. Aurtengorako hiru helburu jarri ditu Sareak: dantza sustatzea, euskarazko saio gehiago programatzea eta Arabako antzokiak Sarean sartzea.
Hamahirugarren argazki bilera
Aste santuarekin bat hasi ohi da Zarauzko Argazki Bilera. Aurtengoa ere zabalik da, argazkilaritza eremu zabala dela erakusteko helburuz. Zarauzko Photomuseumek lau erakusketa atondu ditu aurtengorako. Angel Urangaren Margoa & argazkia erakusketa apirilaren 10a arte bisitatu ahal izango da Bidea galerian. Beste hirurak maiatzaren 2a arte ikusi ahal izango dira. Carlos Canovasek Zazpi galerian paratu du Bilbo eta Bilbo erakusketa; bertan Bilboko argazkiak jarri ditu, Lucien Roisinek eta Josephe Thomasek duela mende bat egindako lanean oinarrituta. Miguel Oriolaren Atzera begirakoan sexu argazki gordinak ikus daitezke (Torre Luzea). Azkenik, Sanz Enean, hogeita bost argazkilarik Alemaniako dantza garaikidea islatu dute.
* * * * * * * * * * * * * * * *
Trikitiaren historia sarean. Trikiti Elkarteak trikitiaren gaineko dokumentazioa, grabazioak eta irudiak biltzen lan handia egin du hasieratik. Oraino eskuratutako guztia Interneten jarri du Soinuaren Hotsa webgunean (www.trikimailua.com), edonork kontsulta dezan. Hiru atal nagusi ditu: Kronologia, doinutegia eta hiztegia. Horiez gain, argazkiak eta txapelketen eta erromerien gaineko informazioa batu dute, besteak beste.
Volgako Batelariak literatur bloga sortu dute Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Juanjo Olasagarre, Ibon Egaña, Angel Erro eta Iban Zalduak. «Aldizkari digital hau sareratzea erabaki dugu bost lagunok (baina ez Enid Blyton-enak), zenakulo batean hala erabakita, potrotan jartzen zaigulako (bostok gara gizon) literaturaz jardutea, dibertitu nahi dugulako literaturaz jardunez. Gure gustuak eta gure gaitziritziak plazaratzea otu zaigu, ahalik eta zintzotasun handienaz, hori gaur egun garraztasuntzat hartua badateke ere», diote. Besteak beste honalo atalak ditu blogak: Kritikak, Testuak, Elkarrizketak, Irakurri gabeko liburuen kritikak, Inoiz idatziko ez nukeena eta Volgako Batelarien ukaseak.