Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azken urte bietan egin dituen zenbait azterketaren arabera, bost irakasletik batek ahots arazoak dauzka. Portzentaje hori, gutxi gorabehera, lau bider handiagoa da herritar arruntena baino. Gainera, orain gutxi UGT sindikatuak argitaratutako txostenak adierazten duenez, ahots arazoak baja iturri garrantzitsua dira irakasleengan. Horregatik, Hezkuntza Sailak ahots protokolo bat ipini zuen abian orain dela ikasturte bi, irakaskuntza publikoan diharduten irakasleen ahots osasuna aztertzeko, eta ahal den heinean hobetzeko.
Protokoloak alde bi ditu: batetik, irakasle bakoitzak bere bizitzan zehar ahotsarekin izandako arazoak aztertzen dira, historia klinikoari begiratuz; bestetik, ahots-parametroak neurtzen dira. Horretarako, Dr. Speech Vocal Assessment izeneko programa informatikoa erabiltzen da. Programa horrek norbaiten ahotsa grabatu -horretarako aski da mikrofono baten aurrean bokal bat esatea lauzpabost segundoz- eta 2.000 ahots osasuntsu dituen datu-basearekin konparatzen du.
Eztarriko noduloak, lan-gaixotasun izateko bidean
Azterketa horren arabera ahots arazo agerikoak dauzkatenak otorrinolaringologoarengana bidaltzen dituzte; hark kalteren bat aurkitzen badu ahots-kordetan, gaixoak bere ohiko sendagilearekin jarraitu beharko du tratamendua. Hezkuntza Sailak ez du bere gain hartzen, ahots-korden gaitzak ez baitira oraindik lan gaixotasuntzat aitortu. Hori laster alda liteke, hala ere. Lan gaixotasunen araudi berria sortzeko Europako Batasunak darabilen zirriborroak ahots-korden noduloak jasotzen ditu euren lanerako ahotsa ezinbesteko tresna dutenen kasuan: irakasleak, esatariak...
Oraingoz, noduloak beste gaitzik ez da ageri aipatu ziriborroan. Horrek emakumeei eragingo lieke batez ere, eurak direlako gaixotasun hori gehien jasaten dutenak. Hala dio medikuntza literaturak, eta hala diote, era berean, Hezkuntza Sailak egindako azterketek, Bizkaikoek behinik behin. Han, 70 lagun inguru bidali dituzte espezialistengana ahots protokoloaren probak egin ondoren, eta horietatik 27k zituzten noduloak. 26 andrazko, eta gizonezko bakarra. Datu bitxia da, gizonek oro har probetan emaitza kaxkarragoak izaten dituztela kontuan hartuta.
Zenbait irakaslek emaitza onak lortzen dituzte Vocal Assessment programarekin egindako probetan, baina beraien historia klinikoak, edo bestelako arrazoiren batek, etorkizunean arazoak eduki ditzaketela ematen du aditzera. Horientzat prebentzio-ikastaroa egiten da ikastetxean bertan. Zazpi orduz, aditu batek ahotsa erabiltzen irakasten die: nola arnasa hartu, nola ahotsa lasaitu, nola ozenago hitz egin nekatu gabe… Azkenik, hitzaldiak ematen dira ikastetxe guztietan, baita inolako arazorik ez daukaten irakasleentzat ere.
Profesionalak mintzo
Ahotsarekin lan egiten dutenen artean, batzuek beste batzuek baino gehiago zaintzen dute hain premiazko duten lanabes hori. Edozelan, denek azpimarratzen dute atseden hartzeak daukan garrantzia. Tatiana Davidova opera abeslariaren ustez, "egunero gutxienez zortzi orduz lo egitea" da gakoetako bat. Horrez gain, denon gogoan dauden ohitura osasungarriak daude: ez erretzea eta ke asko dagoen lekuetan ez egotea, alkohol gehiegirik ez edatea, ahotsa larregi ez bortxatzea… Davidovak beste "etsai" beldurgarri bat ere aipatu du: haize egokitua.
Davidova dezente arduratzen da bere ahotsa zaintzeaz, eta ez da gutxiagorako. Inorentzat badu garrantzia ahotsak, opera abeslari batentzat du. Beste batzuek, berriz, ez dira horrenbeste arduratzen. Jabi Onaindia, Bizkaia Irratiko esatariak dioskunez, "denok ezagutzen ditugu teoriak, baina gero ez ditugu eguneroko jardunera eroaten: lo asko egin behar dela, tonu altuak erabiltzea ez dela komeni, eztula eta barre algara indar gutxirekin egin behar direla… Hori guztia jakin badakigu, baina normalean ez dugu neurririk hartzen kaltea daukagun arte".
Isiltasuna, ahotsa osatzeko biderik onena
Onaindiak dio irratian -bere inguruan behintzat- baja gutxi hartzen dela ahots arazoengatik. "Ahotsa nekatuta dagoenean, ez erabiltzea da komenigarriena, baina guk ez dugu egiten. Betidaniko etxeko erremedioren bat hartzen dugu -eztia, esne beroa...- edo farmaziara joaten gara zeozer eman diezaguten. Horrekin egiten dugu aurrera. Hori bai, arazoren bat edukiz gero, lan orduetatik kanpo atseden hartzen dugu. Hau da, isilik egoten gara".
Izan ere, ahoa ixtea da ahots nekatua sendatzeko hartu beharreko lehenengo neurria. "Hitz egiteak asko nekatzen du -dio Tatiana Davidovak- horregatik onena etxean geratzea da eta libururen bat irakurtzeko aprobetxatzea. Musika entzutea ere ez da komenigarria, nire kasuan behintzat, nahi eta nahi ez hura abesten hasiko naizelako, ahopeka bada ere". Horrez gain, bakoitzak bere sendagaitxoa dauka. Badira, konparazio baterako, lotara doazenean oliba olioz bustitako zapia eztarri inguruan lotzen duten abeslariak. Batzuen ahotsak zinez merezi du ohea zikintzea.