"Estatua baino lehen, inportanteago da nazioa"


2005eko martxoaren 27an

Enbor adarrak sendo eta azkar dituen pagoa zaitugula, horixe irakurria dut zure gainean, Beñat Oihartzabalek idatzirik...

Bestek esana da eta bestek epaitu behar du. Nork ezagutzen du ongi bere burua? Inork ez. Edo ederresten du, edo gutxiesten. Batek esatea, bestalde, ez du balio. Askok esan behar du. Hori ikasi genuen Logikan.
 

1921ean Hazparnen sortua...

Bai, urriaren 19an, Eulatia izeneko etxean.
 

Mende baten lekuko zaitugula diote. Esanen nuke ikustekoen artean, gorriak ere ikusi dituzula hainbat aldiz, eta ikusi nahi ez zenituzkeenak ere ikusiak dituzula, iragan mendeko gerla andana tarteko. Zein dira ikusi nahi ez zenituzkeen horien artean, adibidez?

Hori gogoetagarri da. Ikusi nahi ez nituenak dira zuek gorrotoa erraten duzuena Guk ere baditugu hitzak horren errateko: zuek "gorroto", guk "herra", edo "hisia" ere. Ez dakit xuxen zein den diferentzia "hisia"-ren eta "herra"-ren artean. Beharbada, behar nuke erran "herra" gorroto xinplea dela eta "hisia", aldiz, denboran gogor irauten duena jendeen artean.
 

Ezinikusia...

Bai, ezinikusia ere bai.
 

Gerlak baino okerrago da herra?

Pentsatzen dut hori gerletatik datorrela, eta gerlak pizten dituela.
 

Joxe Arratibel beneditarrak, 1923an sortua eta egun fraide Estibalitzen, dio mundua gehiago aldatu dela bera sortu zenetik egun arte, Jesu Kristoren alditik bera sortu zen arte baino...

Hori ez dakit, zeren eta ez baikinen han, ez hura ez ni. Ez da dudarik, hala ere, Jesu Kristo sortu zenetik eta gu sortu arte uste dut asko aldatu direla, hala ere, gauzak. Eta erranen dizut zergatik. Berriki irakurri baitut asko maite dudan emakume baten obra, judua; zeren baditut momentu honetan bizpahiru judu guztiz gogokoak. Hiru emazte. Simone Veil, Edith Stein eta Hannah Arent. Hau Gurs-en egona, hortik ihes joana. Maite dut bereziki Arent. Frantsesek ez zuten maite eta hortakotz ere maite nuen nik. Hannah Arent-ek du erraiten hain xuxen gizona beti definitzen dela hilkor balitz bezala. Eta Arent-ek: "Zertako ez erran gizona behar dela definitu jaiotzen, sortzen den izate bat bezala? Zeren sortzeak du berriena ekartzen. Sortzen diren guziek zerbait berri ekartzen dute". Hori dugu gizakiaren handitasuna. Bibliak dioen bezala, kreatzaileak kreatzaile egin gaitu gu ere bere irudirat, kreatzaile, Jinkoa bera bezala. Horra zertako ni ez naizen sartuko gure fraide maitagarriaren bideetan. Gisa guziz, seinale txarra liteke ez bagenu ezer asmatu, berririk, gure mendekoek.
 

Hazparneko Eulatian sortu zinelarik, zein zen zure bizimodua, haurretan?

Aita zen lehen Xarriton jin zena gure etxera, zeren auzoan baitzuen bere osaba, baratzezaina, eta osabari buruz jin baitzen gure aita Eihartzea etxerat. Kultur etxea egun, baina hori baino lehenago Francis Jammes idazlearen etxea izana, hori ukan baitzuen idazleak Belokeko beneditar bati esker, Aita Mixel, erranik bere lehengusua zen emakume aberats bati, ontasun horiek oro behar zituela utzi, Jinkoaren ondora joan aitzin. Madame Gide, komandante baten emaztea, baina jaiotzez Clementine Lardapide izena zuena. Horrek zion utzi bere ontasun oro, erran nahi baita, Eihartzea, gehi beste hamalau etxe.
 

Francis Jammes-i?

Bai. Gauetik biharrera horiek erori zitzaizkion Francis Jammes-i eskuetarat, baizik eta bazituela zazpi ume goseak hitzen ari zirenak. Eta hain xuxen, lehenxeago egina baitzuen Francis Jammes-ek bere lehen komunionea Bastidako herrian, Aita Mixel horren etxean, eta beretter zela hor, Paul Claudel, idazlea, aurten ospatzen duguna 50 urte hil izan dela, eta Francis Jammes-en lagun mina. Horiek ezagutu ditugun jendeak dira, zeren eta Francis Jammes zen gure etxeko kurutzeketaria.
 

Baserri batean hildakorik zenean, handik elizara bidean hurrena zegoen etxekoak zirela kurutzeketari esan zenigun behin. Hileta elizkizuna egin behar eta elizara bidean beraiek eramaten zuten gurutzea. Bizkaian, auzoko hurrena, W.A. Douglassen Muerte en Murelaga liburuan...

Hazparnen, kurutzeketari, lehen auzoa, edo auzo lehena... Gure etxean hilak bazirela, eta zorigaitzez umetan anitz hil ikusi dut gure etxetik jalgitzen, eta denbora gutxi barne. Horrek ilundu du ene haurtzaroa. Hori erran nezake. Gure etxean zorionean behar genuen, zeren eta aita osorik jina zen gerlatik...
 

Heriotzak ilundu zure haurtzaroa...

Hiru-lau urtean galdu genuen izeba bat etxean bizi zitzaiguna, 1926an. Gero, amona, 1931n. Gero, haren anaia, Baionako apezpikua, hura ere Hazparnen ehortzi zen. Zortzi egun berantago, ene adineko mutiko bat, nirekin beretter zena. Gero, osaba bat, amaren anaia, 39 urtetan hila bere zazpi haurrak utzirik alargunari Kanbon... Etxean bazen beti amaren beste ahizpa bat, gure bigarren ama, Xarlota izenekoa. Honek gerlan galdu omen zuen bere gizongaia, Milafrangakoa, zurgina. Xarlota ez zen ezkondu; hark altxatu gaitu bereak bagina bezala. Haiekin batean bazen gure ama, Gaxuxa erraiten genion, nahiz paperean Jeanne markatua egon haren izena.
 

Behin edo behin esan zenidan zapata egiten jarduten zutela zuen etxean...

Aitzinekoak oro ehule baldin baziren gure etxean, orduan gure etxean ziren juntatzaileak, etxeetan zapataren gaina, larru horiek, makinaz josten zituzten zolarekin. Hazparnen hamalau zapata lantegi izan ziren denbora hartan, hamalau familietarik. 1900. urtekoa zen lehenengoa. Gure etxean, lehengo ehundegia zena bilakatua zen zapataindegia. Zapata juntatzaileak ziren gure amaren ahizpak. Makinak ere baziren beraz. Lehenengo makinak ez ziren Singer, Alfa baizik! Eibartik etorriak ziren gure etxeko makinak!
 

Hazparne herri berezia zen garai hartako.

Iparraldeko hiri nagusia zen, Euskal Herriarena. Hala kontsideratzen genuen. Eta fama hori genuen ere, harro ginela!
 

Beste kontu bat ere bada, Hazparne berezi egiten duena. Bertako auzapez Pierre Broussain aipatu nahiko nuke, hari buruzko lana egina duzunez. 1905-1920 bitartean herriko auzapez, nortasun berezia zuen, nonbait... Lehen Gerla Handia bukatu eta Frantziako parlamentuak lege bat egin zuen herri guztietan oroitarria eraiki zezaten gerlan hildako soldaduen oroitzapenetan. Hazparnek delako hilarrian ez zituen beste herrietan bezala 'Frantziaren alde' edo 'Frantziarentzat' hil zirenak omendu baizik 'Zuzenbidearen eta justiziaren alde' bizia eman zutenak. Horrela ageri den harri bakarra da Iparraldean.

Berezia zen Broussain hori. Ororen buruko, Hazparneren tradizio berezia berriz eskuratu zuen. Zeren, geroztik jakin dugu izan baitzen iraultza bat Hazparnen, Parisekoa baino lehen. 1785ean Hazparnekoa, 1789an Frantziakoa, Parisekoa. Hor, hiru-lau mila emazte bildu ziren elizaren inguruan eta hilarriak baitziren elizaren inguruan, hilarri haiek metatu eta inguruko etxe guzietako leihoetan jarri ziren. Armekin agertu ziren emazte horiek, sega eta holakoekin. Eta Baionatik jin ziren laurehun soldadu horien zanpatzeko. Beren buru zen emazte gazte eder bat, omen, erran zuena: "Hemen ez da Frantzia! Hemen baditugu gure legeak, eta lege horiekin nahi dugu segitu!". Preso ezarri zuten Baionan. Orain gogoan hartua dut Bordelerat joatea, artxibetan zer dioten ikertzera, Baionako artxibak han baitira. Emazte haren izena nahi nuke jakin, emazte hori baita, nire ustez, inportantea Hazparneko historian.
 

Nahiko iraultza, beraz...

Bestalde, lehenago bada harri bat hatxeman zutena. Eliza zaharra egin zutelarik XVII. mendearen oinarrietan, beste harri bat baduzu. Bazen jesuitek idazten zuten aldizkari bat, Le Journal de Trevoux, horretan badira ehunka orrialdeak Hazparneko harriaz, harri hori baita aldare-harri bat, eskainia herriko jainkoari, genio pagus. Eskerrak bihurtzen dizkio Verus izena duen Hazparne alde horretako jaunari, joan baitzen Erromara eskatzera galiarrenganik berex ezar zitezen novem populi, erran nahi baita Akitaniako bederatzi tribuak. Hori lortu zuen Erroman. Eta eskerrak bihurtzeko eskaintzen dio aldare hori genio pagus, eskualdeko edo lurraldeko genioari, herri bakotxak baitzuen bere jainkoa. Herriko sakristian zegoen harri hori eta nola beretter nintzen, umetan, ikusi dut. Gero, ikasi dudalarik latina ulertu dut gizon hori izan dela Iparraldeko eta Euskal Herrietako gizonik bereziena gehienik beharbada, lortu baitu, gutxienez, ez independentzia baina bai autonomia!
 

Hiru ahizpa eta haien ama ziren etxean. Horietako batek euskaltzaletu zintuela jakin dizut: izeba Maiena. Haurretan, Laphitzen Bi saindu eskualdunen bizia irakurtzen zizun...

Maiena hori zen egona Baionan, luzaz. Zendako? Baitzuen amaren anaia, osaba, apeza, monsinore Diharce, gure amona Diharce baitzen, Baionan izan zen 1890ean Intxausperen orde apezpiku berria jarri zuelako. Intxauspe erregezale zelako, edo Bonapartezale zelako, bota zuten kanpora eta haren orde errepublikanoek hartu zuten Diharce gure osaba. Honek gure amaren ahizpa hartu zuen gelari. Osaba hil baitzen, orduan jin zen izeba Maiena gure etxera, eta hark osabaren liburuak ekarri zituen etxera.
 

Laphitzen liburu hori tartean...

Joaten ginelarik osabaren etxera eta, Hazparneko auzoetan barna, une batez gelditzen ginen eta izeba Maienak irakurtzen zidan liburu hartatik. Liburu hori, hasteko, gogoan dut. Hori eta beste asko ere eraman ditut geroztik kolejiorat. Aita Lhanderen L'Emigration Basque, irakurri baitut nobela bat bezala, edo Martin Landarretxeren Aphurka izeneko liburutto bat, han baitziren erran zaharrak, oso politak zirenak... Osabaren liburuetarik hori ere berexi nuen, gustatu baitzitzaidan, Euskal Herriko historia eta hola.
 

Uste nuen Aphurka hori irakurriz heldu zela zure baitan euskaldun kontzientzia...

Gure etxean, aitzinekoak ehule ziren, errana dut hori. Osabak. Haiek Argentinara joan ziren. Etxean bagenuen horien oroitzapena. Amak kontatzen zizkigun osaba horien berriak. Berak ezagutu ez zituenak, bera sortu aitzin joanak baitziren, eta ez ziren itzuli. Bakarrik bagenuen etxean liburu bat Buenos Airesen publikatua, Jose Mendiagerena, eta horretan ikasten genituen kantuak, eta hortik sartu zaigu abertzaletasuna, etxeko supazterreko kantu horietarik. Eta gero, ikustea ere mendiak eta; hor, beste alderdian bazela Euskal Herri bat ere bagenekien. Hango berriak bagenituen gure etxean. Gerla sortu zelarik, etxetik, arto landan ari ginelarik, entzuten genuen kanoia Irunetik. Eta arratsetan joaten ginen lasterka Baionatik zer kontu zekarren kazetak ikustera. Ari ziren erreketeak Irunera buruz, eta gero nola ari baitziren Donostiara buruz. Eta gero hasi ziren etortzen jendeak, Ondarroako mojak, zirenak Hijas de la Cruz, haiei buruz ikusi nituen etortzen Ondarroako arrantzaleak, gero bizkaitarrak, Robles Arangiz eta familia guztia, Beskoitzerat, gure arreba ordukoz ezkondua baitzen Beskoitzerat eta bagenekin...
 

Hortik sortu zen giroa...

Bai. Seminarioan gero, eztabaidak baziren irakasleen artean, gehienak eskuinekoak ziren. Irakurtzen zuten Le Figaro eta Je suis partous eta. Hogei apez baziren eta erran nezake hiru-lau bazirela eskualdun sentimenduak zituztenak. Etienne Salaberriren alde erran behar dut, sartu zirelarik etsaiak Bilbon, biharamunean, paseoa baitzen astean bitan, astearte eta ostegunetan, Etienne Salaberrik erran zigun: "Etsaiak sartu dira Bilbon. Ez dut lorik egin". Hori Etienne Salaberrik errana. Bazen beste bat, Harinordoki, euskaltzalea; edo Beñat Oihartzabalen osaba ere, hura ere aldekoa zen, arras. Gu tartean, etxeko ideiak zituzten denek eta hemengo jendea kontra zen, gorriak baitziren.
 

Nola izan zen apez joatea?

Hori, egia erran, gure herrian eskola "serio" bakarra zen apezen eskola. Bistan da. Adolphe Thiers ministroa pasatu zen egun batez Hazparnen eta ikusi zuen arratsaldearekin bazihoala elizara. Berekin zuen Garat famatua, beste ministroa, beleta deitzen zutena, haizearen arabera, badakizu. "Ze pasatzen da hemen?", Thiers-ek. Eta Garat-ek: "A, hemen bada apez bat, nire familiakoa, Garat, hori da Euskal Herriko sermoilari onena, famatua, eta jendeak jakin duela heldu dela elizara hitz egitera, joan dira denak". Eta egia da. Garat hura zen Napoleonen soldadu lehenik, gero zen konbertitu, eta familia baitzen Larresoron Iraultza aitzin izan zen azken buruzagiarekin, Iraultza ondotik izan zen apez Ahetzen eta gero Baionan. Hasi zen apez behar zuela erranik, igorri zuen apezak bere kusiaren etxera latin ikastera. Gero, Uztaritzera bidali zuten. Egun batez, Hazparneko erretore xaharrak erran zion Hazparneko bestak zirela eta "eginen duzu zuk predikua!". Egin zuen sermoia eta Hazparne guzia ezarri zuen negarretan, zeren eta bere bekatuen konfesioa egin baitzuen eta barkamendua eskatu herritarrei. Gero, jin zen Hazparnerat eta izendatu zuten bikario. Horrek sortu zuen misioneroen etxea, eta eliza.
 

Giroa bazen Hazparnen, beraz, ez zapataren egiteko bakarrik, baita apez egiteko ere. Zure aldian, zortzi bat gazte ere joan zineten apez, adin berekoak denak...

Biga Betharramerat, eta gu, sei, Hazparneko kolejiora. Sei horietarik lau apeztu.
 

Zure De re publica edo politikaz liburuan bada seminario garaiko aipamenik. Diozu eztabaidak ere bazirela. Batak zioela, "ni frantses nauk", zure lagun batek, Ximun Duhurre hazpandarrak bestela esan zuela: "ni ez, ni euskaldun!". Hori entzunik, behin, Filipe Aranart irakasle zuberotarraren erantzun gordina jasoa duzu, errana ziolarik: "Ez baldin baduk frantses izan nahi, ez haiz sekula apeztuko!".

Hori gertatzen zen seminarioan. Ez dut dena gogoan zertan zen solas, baina, Uztaritzeko seminarioan hori gertatu zen. Hala da. Espainiako gerla hasi aitzin, edo urteetan, 1935ean arribatu ginen Uztaritzerat eta 36an, gure oporrak zirelarik, entzun genuen hasi zela gerla. Eta etorri zitzaizkigun gurekin bizitzera, seminariora, apezgai gazteak. Eta baditugu lagunak Uztaritzen gurekin ikasle izanak. Adibidez, Xabier Leizaola, berriki hila dena, gurekin egona zen Uztaritzen.
 

Uztaritzeko apezgaitegian ateratzen zen Aintzina aldizkarian hasi omen zinen idazten, Xabier Gasteiz goitizenez...

Idazten, idazten, Uztaritzetik lekora, Baionako seminariora joan ginenean hasi nintzen idazten. Orduan 20 bat urte izango nituen, alemanen okupazio denboran zen. Lehen liburua, Eskualdunak, liburu ttipitto bat.

 

Uztaritzeko seminariotik Baionakora. Handik, Erromara, Teologia ikastera. Handik itzuli eta...

Hemen zer egin ez zekiten eta bidali ninduten Hazparnerat. Hor nintzelarik, irakasle bat bazen seminario garaikoa, eta hark erran zidan: "Behar duzu izena eman Bordelen, eta hasi Filosofia!". Eman nuen izena eta gero, ondoko urtean, ikusi nuelarik ene kusia, Filosofia irakasle baitzen eta gero superior ezarri baitzuten, erran zidan: "Ni nekatua nauk eta behar duk jin ene laguntzera, Hasi haiz Filosofia egiten? Orai etor hadi enekin Maulera!". Eta joan nintzen harekin Maulera, hari laguntzen parropietara. Eta han, gazteekin egin nuen lan. Maulen eta inguruetan ere bai. Larrainen 80 gazte bildu nituen egun batez. Ez nuen sekula pentsatzen handik zenbait hilabeteren buruko Parisen horiek berak ikusiko nituela, denak hotel batean: Empire Hotel, larraindar batzuek zuten erosia eta denak Larraineko jendea ziren han.
 

Izan ere, Parisen ere izan zinen apez eta euskal etxea abiarazi zenuen...

Mauletik Parisera bidali ninduten. 1953an. Parropia batean egon nintzen han ere, Saint Pierre de Chaillot izena zuen. Orotara hamaika apez ginen han. Gure eginkizuna zen egun bat osoa egotea konfesategian, probintziatik heldu baitziren jende asko Pariserat, eta haiek etortzen ziren Chaillot-era, konfesatzera, Etoile-tik berean. Han, larraindar haiek ikusi nituen! Eta ezagutu nuen ere apez bat donostiarra, Mendiola izena, gure hurbil bizi zena. Miranderi bretoinek erran ziotelarik behar zuela lehenik euskara ikasi, horrekin hasi zen, gipuzkoar apez horrekin!
 

Garai hartan bururatu zitzaizun euskal etxea egitea?

Bai, zeren han ikusi nituen ene kusinak, neskame etorriak Parisera, eta horiekin egiten nituen bilkurak nire etxean, Chaillot-en. Egun batez etorri ziren hogeita zazpi mutil gazte Parisera. Baserritarrak ziren, morroi egonak. Baionan asmatu zuten formazio zentro bat egitea, baserritar horiei ofizioa irakasteko. Aitzurra erabiltzen bazekiten, baina zurgin, hargin, igeltsero... ikasi zuten, eta horiek berehala bazuten lana Parisen. Lana bai, egoitzarik ez! Bilduak ziren Hotel Rue de la Solidarité-n eta oheak, berriz, bat bestearen gainean. Eta Maulen nintzelarik herrietan ibiliz ezagutu nituenak etorri zitzaizkidan. Nola Chaillot-en baitzekiten eskualduna nintzela heldu ziren nire ikustera ere etxekandereak! Enbaxadek bazituzten neskameak. Lehenago ziren altsazianoak; gero, bretoinak ere; eskualdunak gero... "Ez zenuke ezagutzen neska bat?", neskame nahi zuten. Eta nik: "Bai, ezagutzen dut. Baina zuek, baduzue gela bat mutil batentzat?". Banituen kokatuak kusinak Parisera etorriak baina hogeita zazpi etortzen zaizkizularik orduan hasi ginen Pariseko itzulia egiten. Orduko, baziren "langile gaztearen etxea" izenekoak. Joan batera, joan bestera, eta batean, apeza zen zuzendari, 60 gela bazituen eta galdegin nion: "Bazenuke gelarik enetzat, eskualdunentzat?". "Zenbat?". "Baditut hogeita zazpi!". "O! Zuhaurk egiten ez baduzu ez duzu ezer sekula ukanen! Zeren nik, bat, beharbada!, libratuko zait! Bada Gazteriaren ministroa erran duena Frantzian behar duela egin gazteentzat cité universitaire gabe, cité ouvrière! Hori egin orduko pasatuko dira urteak eta urteak. Zure hogeita zazpi horientzat ez duzu ezer ukanen ez baduzu zuk egiten!".
 

Eta egin zenuen...

Ene nagusia Piarres Narbaitz eta biok joan ginen baimena galdatzera kardinalari. Kardinalak erran zigun: "Nahi duzue dirua? Ez dut dirurik. Nahi duzue benedikazioa? Hori emaiten ahal dizuet". Eta gero erran zuen: "Gainera, hori da, xuxen-xuxen-xuxen gaurko Erromaren politika. Igorri digute Erromatik ohartxo bat: hiri handietan munduan, Paris bezalakoetan, nahi dute egin dezagun Ameriketan egin den politika. Erran nahi baita, parropiak egin pertsonalak: irlandesen parropiak, polakoenak... Zergatik ez hemen eskualdunenak? Ni konforme nago!". Horrela lortu genuen parropia euskaldun bat Parisen. Baina gero, Baionarat itzulita Baionan ez zen parropiarik haizu. Eskuarak ez zuen parropiarik Baionan. Hori izan zen nire txoke handietarik bat: Parisen haizu dena Baionan ez da haizu. Zergatik? Hemen Frantziak bere kolonia baitauka Baiona! Eta Elizak onartzen ditu horiek. Gaur oraindik, Frantziako Eliza Frantziaren Eliza baita, estatuarena! Irakurtzen ari naiz Aita Sainduaren memoriak eta hor ere galdera: Nazioa ala estatua zein da lehenago? Eta han du erantzuna ere: estatua baino lehen inportanteago da nazioa. Hori bera erraiten du Erromak gaur egun: nazioaren inportantzia. Badira nazioak estatu izateko eskubidea lortu dutenak, eta badira nazioak estatu gabe direnak. Hori behar luke Elizak aplikatu, berak!
 

Nondik sortu zenuten euskal etxea egiteko sosa?

Ez genuen dirurik. Eskean. Lehen eskean berean berrehun mila franko bildu genuen, parropian. Diru-emaileak ere izan ziren 5.000 franko urtean eman dituztenak, Parisen bizi zen familia eskualdun dirudun bat eta.
 

Bi urte egin zenuen Parisen atzera Baionara itzuli baino lehen, Filosofia eta Historia irakasten eta gazteen kaperau. Hazparnen kolejioa sortu zenuen...

Baionatik ibiltzen nintzen Euskal Herri guzian, apezetxeetan. Eta nire harridura, itzuli eta Parisetik! Han egina genuen eskual etxea, denek haren alde, baina hemen, zer ez zen egin behar! Gure gazteak bazihoazela Parisera, ongi, baina ez ote ziren hemen gelditzen ahal? Egin balute formazioa! Hau zen ene buruan zen gauza bat ezin barkatua Elizari. Familia euskaldunetarik bidaltzen zituzten moja edo apez, eta gero, egiten zituzten estudioak, latina, grekoa... eta, gehienak, amerikanoer edo medikuen semeer edo alaber egiten eskola. Eta moja edo apez joan ziren eskualdun horien anaia eta arrebak, baserritarrak, horiek Parisera, ezer preparaziorik gabe. Beraz, nire ustez, beharrezko zen hemen egitea zer edo zer. Hamabi kolejio bazituen apezpikutegiak, horietarik bat bazen Pauen, beraz, behar zen Euskal Herrian berean egin kolejioa. Baionan bai, bazen formazio zentro hura, baina publikoa. Nik nahi nuen gazteendako zentroa, Elizak berak egina. Elizak baitzuen indarra!, baitzituen hamabi kolejio. Orduan, egun batez, San Joseko egunean, Beloken nintzelarik kafea hartzen ari, "deitzen zaituzte, apezpikutegitik!" eta "Kolejioa, zuk, egizu!". 1959an zen.
 

Horrela abiatu zen gero ikastegi ezagun izango zena...

Horrela. Kolejioa egiteko behar zenuen zenbait jende ofizioko. Nik banituen anaiak, eta haiekin egin nuen lan. Hortakotz erran zuten: "Hiru anaiek gidatuko dute kolejioa: batek hartuko du laborantza adarra, besteak mekanika, eta besteak buruzagitza!". Hara nola mintzo ziren jendea. Abiaturik, ikusi nuen nagusiek ez nindutela biziki lagundu. Gehienak kontra.
 

Aitzakia eta estakuru ere izan zuten. Hainbat errefuxiatu izan ziren irakasle kolejio hartan...

Nik harremanak banituen eta zenbait irakasle hartu nituen Paristik eta beste batzuk Donostiatik. Irakasleak behar nituen. Errefuxiatuak ere bai tarteko, bistan da: Txillardegi, Elosegi bat, Irigarai bat, Aleman, Jurramendi, Juanjo Pujana -ez irakasle, baina ihesle-,... Hortakotz, EA-n sartu nintzenean, berak ezagutzen ninduen Hazparnetik!
 

Horrek, gorabehera bat baino gehiago ekarri zizun frantziar justiziaren aurrean... 1965ean. Beñat Oihartzabalek dio Frantziako agintariak oldartu zitzaizkiela Hazparneko kolejioan irakasle ari ziren hegoaldeko zenbait ihesleri, eta zu agerian mintzatu zinela epaitegian haien alde: "Ez baitzen eskandala tipia izan, orduan bereziki, estatuko edo elizako agintarien aitzinean isil eta umil egotera ohitua zegoen Iparralde hartan".

Bai, auzia izan zen, tribunalean, Baionako katedralaren gibelean. Mintzatu nintzen, beste asko bezala: Monzon, Azpiazu, monsinore Larrañaga kaputxinoa...
 

Eta bigarren aldi bat egitera bidali zintuzten Parisera urte hartan berean, atzera Baiona ondora ekarri arte...

Saint-Amand parropiara. Eliza berri bat. Hor zen ere, ondoan, PNB-ren etxea. Villa Izar, Georges Lacomberen amaren etxean izana. PNB-k erosi zuen etxea, eta han zituen artxiboak. Parrokiako apez nintzen eta ezagutzen nituen jende horiek. Funtsean, nire gelaria ere Lasagabaster bat zen, Rosario bere emaztearekin apezetxean bizi zirenak. Lasagabaster hura ELAkoa baitzen, handik bota izana, omen. Beste bat ere banuen, Arrasatekoa, Txikia Mendizabalen senide egiten zuena, koinatua edo ez dakit xuxen...
 

Hazparne, Uztaritze, Baiona, Paris... Kanada ere bai.

1973an, arreba hil baino zortzi egun lehenago, pasatu nuen ene tesi doktorala hemen, Tolosan. Nahi nuen publikatu eta presentatu nuelarik Parisen, inor ez zen interesatzen gai honi, eta, orduan, Harluxetek egin zuen. Harluxet ingeniari zen eta informatika nahi zuen ikasi eta Kanada aurreratuago zen Frantzia baino, informatikan. Emaztea zuen odontologoa eta han Kanadan egiten zuen bakarrik hori. Ezkondu orduko biak joan ziren hara. Nola nik egina bainuen ezkontza, hargatik adiskide ginen. Berak erran zidan: "Han ez dute atera nahi hire liburua? Zoaz Quebec-era! Han segur asko hartuko diatela!". Eta abionetik jautsi orduko izan nuen publikatzeko aukera.
 

1974an joan zinen Kanadara. Tesia argitaratu zenuen: Les droits des peuples à leur identité... Parisen interesik ez zuen gaia, esan duzunez. Hiru urte egin zenituen bertan Kanadan, irakasle...

Lehen urtean ahal nuena, Historia eta hola. Bigarren urtean, Teologian doktore nintzen bezala, posible izan nuen beste zerbait irakastea. Ordaindua izan nintzen aski ongi, estatuak ordaindurik. Erran dudan bezala lehen ere, ez dut hainbeste diru irabazi irakasteko! 1976an han nintzelarik eskatu nuen oinezko kristau bilakatzea. Hango artzapezpikuari galdatu nion eta ukan nuen hori, baina Baionakoari bidali baitzion nire berria honek nahi zuen firma nezan ez nintzelako itzuliko herrirat! Nik ez nuen hori firmatu nahi, ikusten bainuen Kanadan bazirela hiru ministro apez izan ondoan! Bata, Finantzetakoa, bestea Lanekoa, hirugarrena Justiziakoa. Apez izanak, nik ezagutzen nituenak. Etxera jin eta hara zer ukaiten dudan! Roger Etxegarai baitzen kontu horretan sekretario eta Erroman ikasle izan ginelarik elkar ongi ezagutzen baikenuen, erran nion: "Hara, ikus dezaten, giza eskubideen legea, nahiz Aita Sainduak onartua duen, ez duk oraino heldua Baionako gotzaindegira! Munduan nahi dugun bezala ibiltzeko eskubidea!". Ez zidan fitsik ihardetsi... Hemen kalonje batek erran zidan ene hitza jan nuela eta ez zuela nahi bere hiletara joan nendin; baina, otoi, otoitz bat egin nezan haren arimaren alde. Nik erantzun nion: "Ez dakit zu ala ni joanen garen lehenik, baina hitz ematen dizut eginen dudala otoitz, eta ez naizela jinen!".
Jose Antonio Agirre
«Agirre oso maite nuen. Heldu zen umil-umila, gure beste jendeak ez bezala. Gure jende buruzagi horiek oro behar zuten beti apezaren agurra elizara jiteko, eta beti lehen lekua. Aldiz, Jose Antonio Agirre heldu zen, familiarekin, eta jartzen zen denen artean. Ez zuen lehen lerroan egon nahi sekulan elizan. Hori estimatzen nuen. Eta seminarioan apezgai ginelarik etorri zelarik Jose Antonio Ameriketatik Miarritzerat, eskapatu ginen seminariotik hamar apezgai sotana eta guzti Miarritzeko kasinorat joateko gure Lehendakariaren agurtzera. Ez zen Petain, ez zen De Gaulle, zen Jose Antonio Agirre!».

Nortasun agiria
Piarres Xarriton (Hazparne, 1921). Apaiz ikasketak egiten hasi eta Ipar Euskal Herriko apaizgaitegi andana korritu zuen, euskal kulturaren habia bakar zirenean. Gero, Parisen eta Erroman ere izan zen, ikasitakoak irakasten hasi zen arte. Pariseko euskal etxea abiarazi zuen 60ko hamarkadan, hiriburura lanera joandako larraindar gazteei babes eta aterpe emateko asmotan. Jean Etxepareren eta Piarres Lartzabalen lan osoen edizioak egin ditu, eta hainbat autore klasikoren itzulpenak. Politikan ere nabarmendu zen EA alderdiko kide. Euskaltzain oso da. Eta hizlari bipila. Baionan bizi da Aña emazte eta Naiara alabarekin. Mende bat bete-beteko pertsonaia.

Bertsoa

Doinua: Espainian behera

Beraz Scaligerok,
igarle lanetan,
De emendatione
temporumen bertan,
zion elkar ulertzen
dugunik denetan
entzunda ez zuela
sinesten benetan.
Irakurri al duzu
aspaldi honetan?

De emendatione temporum
"Bada liburu bat Scaligerok latinez idatzia, De emendatione temporum. Ez dakit Scaligero aitak ala semeak, biak baitziren. Aita, Nafarroako erreginak ekarri zuen hona, Joana Albretekoak, Nerac-eko gortera. Semea hor sortu zen eta bilakatu zen bera ere jakintsu, eta protestante egin zen. Holandan hila da. Scaligero horietan bat bada, munduko historia kontatzen duena, zein diren munduko nazioak eta horrela. Nik ez ditut horien lanak aski ezagutzen baina bada bat, euskaldunez mintzo dena, erraiten duena: 'Diote elkar konprenitzen dutela, baina nik ez dut sinesten'".

Beñat Oihartzabal
Buruz buru, pekoz peko ari dira Euskaltzaindian lanean Piarres Xarriton eta Beñat Oihartzabal. Ordea, lankide izan baino askoz lehenago ezagutu zuen batak bestea. Oihartzabalek idatzia du: «Duela mende erdia abantzu, Parisen apez gazte laguntzaile zelarik Saint Pierre de Chaillot parrokian, igandeetan meza eman ondoan, elizaren gibeleko karrika iragan eta euskaldun hazpandar baten etxera heldu zen Xarriton goizeko askariaren hartzera. Hiru mutiko baitziren han, gazteena, ttipiegi baitzen orduan, apezaren bisita haietaz oroitzapenik atxikitzeko. Denbora iragan da hartaz geroztik, eta apez hura bezala mutiko hura ere biziaren itzuliek ekarri dute euskalaritzako larre horietara».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


Eguneraketa berriak daude