argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a

Eguzkiak kliman duen eraginaren aztarna
Maine unibertsitateko ikerlari-talde batek lotura topatu du eguzkiaren jarduera-aldaketen eta Lurraren klimaren artean.
Hori lortzeko Antartikoko orografia desberdineko lau gunetako izotz-plaketan kaltzio, nitrato eta sodioa neurtu dituzte eta Hego Poloko izotzean dagoen Berilio-10 indikatzailearen (eguzki-jardueraren neurtzailea) datuekin alderatu dituzte. Ikerlariek gauden garaiko 1400. urtetik aurrera 500 bat urte arakatu dituzte, epe horretan Lurrak Aro Glaziar Txiki bat jasan baitzuen.
Lortutako datuen arabera, eguzki-erradiazioa handitzen denean bi gunetan beste bitan baino kaltzio gehiago azaltzen da. Kaltzioa haizeak ekartzen du, kasu honetan, Australia, Afrika eta Hego Ameriketatik eta baita Ozeano Atlantikoko itsasotik. Beraz, eguzki-jarduera handitzeak latitude ertainetan dagoen ozono-kantitatean aldaketak eragiten ditu eta honek haize-boladak eragiten dituela ia erabat frogatuta geratu da.
Sodio-aldaketak ari dira uneotan aztertzen, baina Hego Ozeano Pazifikoan gertatzen diren presio-aldaketekin zerikusia izan dezakete.

Espazioko laino erraldoiek Lurra izoztu zuten
NASAren Astrobiology Institutek egindako ikerketa-pare baten arabera, antzinean espaziotik Lurrera etorritako laino erraldoiek izugarrizko suntsipena ekarri zuten. Aipatu lainoak glaziazio orokorrak sortzea ezezik espazioko ioien bidea erraztu zutela uste da eta ozono geruza babeslea ahuldu zutela, suntsipen orokorrak eraginez.
Coloradoko unibertsitateko Alez Pavlov-en ustez, izarrarteko hautsa atmosferan pilatzen bada eta Lurrak espazioko laino erraldoi batekin topo egiten badu, aldaketa klimatiko erabatekoak gerta daitezke. Ikerlari honek dioenez, atmosferako hauts-geruzak eguzki-erradiazioa xurgatu eta dispertsatuko luke eta horrela Lurreko beroak ihes egingo luke libreki.
Orain 600 eta 800 milioi urte-bitartean gutxienez bi glaziazio gertatu ziren, baina inoiz ez da ezagutu horien benetako arrazoia. Geologoak laino erraldoien arrastoari segika ari dira, gertaera haiek zuzenean jasan zituzten harkaitzen bila. Material hau topatzean uranio-235 kontzentrazioa neurtu nahi dute zeren eta hori da hain zuzen ere espazioko lainoek garraiatzen dutena.
Espaziotik etor daitekeenaren peskizan beti dabil gizakia; askotan zer dagoen hor ezagutzea eta topatzea izaten da helburu nagusia, baina azken urteotan zer etor daitekeen eta nola egin aurre kezka zientifiko bihurtzen ari da.