argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a

Hegalik gabe hegan egiten duen inurria
Aurkitu berri den inurri planeatzaileen espezieak frogatu du hegalik gabeko hegalaldia posible dela. Hau ez da hegalik gabe hegan egiten duen animalia bakarra, hegan egiten duten urtxintxak, muskerrak eta sugeak egon baitaude. Dena den, inurri planeatzaileek badute desberdintasun bat gainerako animaliekiko: erorketa gidatua egin dezaketela. Txindurri hauek Peruko Iquitos inguruan ikusi zituen lehen aldiz University of Texas Medical Branch-eko Stephen P. Yanoviak ekologoak.
Ekologo hau zuhaitz gainean zegoen 30 metroko altueran, eltxoek ziztatu zain, baina hara zein izan zen bere harridura, inurri sorta batek eraso egin eta beren burua lurrera bota ondoren enborrean lurrartu eta berriro goranzko bidea hartu zutenean.
Inurri-espeziearen izena Cephalotes atratus da, zentimetro bateko luzera du eta Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan bizi da. Yanoviakek inurrien mugimendurak hobeto aztertzeko hankak margotu zizkien eta ikusi zuen airean 180 graduko biraketak egiteko gai zirela.
Zergatik dute portaera hau txindurriek? Ziurrenik, ez galtzeko eta, beraz, ez hiltzeko izango da. Inurriak enborrean geratu beharrean lurrean geratuko balira defentsarik gabe leudeke uraren eta depredatzaileen aurrean, beraz, garatutako abilezia irauteko abilezia dela esan daiteke.
Bideoz egindako grabaketetan oso argi ikus daitezke zein itxura hartzen duten planeatzeko unean, baina lurrartzeko sistemak oraindik misterio izaten jarraitzen du.
4 metro segundoko abiaduran erortzen dira eta askotan errebotatu egiten dute enborrean eta 180 gradu biratu ondoren berriro saiatzen dira.

Emakumeak eztabaidagai

Eztabaida sutsua sortu dute AEBetako Harvard Unibertsitateko nagusi den Lawrence Summers ekonomialariaren adierazpenek, esan baitu matematikan eta fisikan jaiotzez mutilek neskek baino ahalmen handiagoa dutela.
Orain hilabete egindako adierazpenak badira ere, gero eta pertsona gehiago sartu da eztabaidan. Adibidez, New York Timesen joan den astean Michael Cox eta Richard Alm ekonomialariak Summersen iritziaren aurka azaldu dira. Azken honek ez duela iritzirik eman adierazi du, ikerketa zientifikoek frogatu dutena azaldu baino ez duela egin. Antza denez, hainbat ikerketa zientifikok frogatu omen du gizonen eta emakumeen garunek ez dutela berdin funtzionatzen eta honek eragina du hainbat ahalmen garatzean.
Hau dela-eta neurobiologoak ere eztabaidan parte hartzen hasi dira eta oso iritzi interesgarriak plazaratu dituzte. Gehienek diotenez, egia omen da garunen funtzionamendua desberdina izan daitekeela, baina hain dinamismo handia dago garunean non desberdintasun fisikoak funtzionalki berdindu baitaitezkeen.
Ea bada nola amaitzen den eztabaida hau, amaitzen bada, noski...