Derbya bururatu berri da eta Baionak aise galdu duen arren Biarritzen aurka (16/41) oraindik ere auzo txikiko karriketan sostengatzaileen oihuak entzuten dira, oihu baino orro salbai direnak egia erran. Ostatuen barnetik Baionako errugbi taldearen himnoa oihartzen da et la penaaa baionaaa eta hamabost garagardo otoi!
Hilabete honetan guztian solasgai zen derbya: lekuak badituzu? Agian denbora ona eginen du! Goizean jadanik aski berotu zaleak, merkatuko saltzaileen erditik ibiltzen ziren, zuriz eta urdinez apaindurik. Anitzentzat partiduaren ikusteko aukera bakana telebista izango zen segurki. Baina ez zuen nehork hitzorduaren hutsegiteko menturarik. Eta ez zen gehiago Baiona eta Biarritze Top-16ko bi talde profesionalen artean talde bakarraren osatzerik aipatzen.
Garai batean eztabaidatzen zen bi ekipoetarik baten moldatzeko ahalmena, diru publikoa zuhurki bana eta kiroldegi egokiak plantan jarri asmoz. Debadioa ahulduz joan da, baina zer gerta ere, BABko errugbi arduradunak geroan, super-talde horren izen bila baldin badoaz, hara neure proposamena: Aviron Biarronnais Olympique (Pays Basque, ahantzi gabe)/Arraundi Biarrones Olinpikoa, alegia, euskaraz.