argia.eus
INPRIMATU
7:35
Joxemari Ostolaza 2005eko martxoaren 13a
De la mañana. Goizeko zazpi eta erdiak, alegia, gurean. Egun, trena hartu dudan ordua. Iluna eta hotza oso. Hiru gradu zero azpitik geltokian. Era askotako jendea trenaren zain eta beroki desfilea. Gehienak, elurretara joateko modukoak. Haatik, treneko biztanleak klase bakarrekoak, langileak, zortzitarako lantokietan presente egon behar izaten dutenak. Ez da harrabots handirik entzuten desordu horietan, aski lan da garaiz iristea. Hau ez da Hollyvood. Bezperan, atzo arratsean Nacho Vigalondo bat ikusi nuen telebistan, zinemaren hiperrean sariren baten egarri. Jantzi homologatuz beztituak, ez du aukerarik izan prestatuta zeraman sketcha jokatzeko, bere espektakulo propioa antzezteko. Pena, Euskal Herri espainolak ez baitu borobildu ahal izan bere presentzia hain kultur gune eraginkorrean, gure etorkizun hurbilerako palanka izan zitekeena, gure zinemak gora egin zezan nazioartekora jaurtikorra gerta litzaigukeena. Eta bertan ikusi nuen ere gure Miren Azkarate anderea Julie Roberts baten soinekoaz Nachori babes instituzional beroa erakutsiz. Pozik, bere buruaz harro. Arratsaldez, Heleta herrian "Amaren alabak" xiberotar taldea ezagutu nuen. Deus ikustekorik. Talentu apartaz eskaini ziguten berea berrogei bat minutuz. Emanaldi soila bezain artistikoa. Deus ikustekorik. Hemen, goretexak beharrezkoak ziren, bestela hotzak akabatuko gintuen. Heleta ez da Hollyvood.