argia.eus
INPRIMATU
Karlos del Olmo: «Eleberriaren eremua eta antzezlanarena nahasten ditu»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Zein da 2004ko Irun eleberri saria irabazi duen zure lan honen mamia?
Hiltzaile ilegorria gaur egunean kokaturiko eleberri poliziakoa da, barruan antzerki nobelatu bat ere badaramana. Gaur-gaurkoa izan arren, zerikusia du Henrike Higanota eleberri historikoarekin eta Aldi joana, Joana antzezlanarekin. Saiakera moduko bat da, eleberriaren eremua eta antzezlanarena nahasten dituena. Edukiaren aldetik, berriz, aipatu berri ditudan beste lan bion osagarri da.

Eta haren bilbeaz aurrera dezakezu ezer?
Euskal itzultzaile batek Erdi Aroko testu bitxi bat euskaratzeko agindua jasotzen du. Jesusen Lagundiak beretzat hartzen ez duen eskuizkribua da itzulgaia, erregea hiltzea erlijioaren aldetik justifikagarri gerta daitekeela aldezten duen testua. Oso ondo ordaindutako enkargua da. Itzultzaileak ez daki, ordea, benetan nork eskatu dion hura itzultzeko, ezta zeinek ordaindu dion halako aurrerakin goxoa ere. Eta arazoa ikertzeko eskatuko dio informazio agentzia bat duen aspaldiko lagun bati. Bi emakumeak testuaren gaineko argibideak biltzen hasiko dira, eta orduan, mehatxu anonimo eta bitxiak hasiko zaizkie heltzen Internetez. Eta topo egingo dute Henrike Albret magnizidioan asasinatu zuen gizonarekin, Ravaillacekin.

Intrigaren unerik gorenena noiz hasten da?
Baten batek itzultzailea hiltzen duenean eta ikerleak adiskide duen ertzain bati laguntza eskatzen dionean. Azkenean, Euskal Herriko historiari beste modu batera begiratzeko saiakera da hau.