Gonzalo Centeno Barakaldo Antzokiko zuzendariak adierazpenok egin zizkion Artezi: «Ikusle talde jakinei zuzendutako ikuskizunak falta zaizkigu. Haur antzerkiko produkzioa duina da, baina badakigu badagoela iristen ez garen adin tarte bat, 16tik 30era bitartekoa».
Jose Luis Ramos Gasteizko Euskal Zinemaren Asteko zuzendariak Diario de Noticias de Alavari: «Uste dut euskal zinemari ez zaiola ia ezer falta; agian hutsune txiki bat du gidoilariei dagokienez (...) Zinema ez dago krisian; hainbeste film egiten direnean, seinale norbait dirua irabazten ari dela».
Pello Esnal idazle eta irakasleak Deiari esanak: «Haur eta gazte literaturak jolas egiteko aukera eskaini behar die haur eta gazteei, baina baita gauza sakonagoetara jotzeko bidea ireki ere. Jostalaria izatea ez da txorakeriak esatea».
Iñaki Murua Berrian Bertsozale Elkarteko lehendakari izendatu berritan: «Kulturaren mundua dinamizatzen ari garen elkarteok eta erakundeok ez dugu elkarren berri handirik, eta uste dut, aurrera begira, komeni dela elkar hobeto ezagutzea eta ikustea zertan lagun diezaiokegun elkarri, zer sinergia baliagarri izan ditzakegun».