argia.eus
INPRIMATU
Parte-hartzean, non dago zilegitasunaren langa?
Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko uztailaren 27a
Hego Euskal Herriak baiezkoa eman dio (%63,19) Europako Konstituzio-itunari, Espainiak baiezkoa eman dion moduan (%76,73). Baiezko biak berdinak ez direla ez dago zalantzarik ordea. Hego Euskal Herrian parte hartzea hiru puntu txikiagoa izan da (%39,35) eta ezezkoa Estatuan (%17,24) baino bikoitza ia (%32,69). Horrek bere irakurketa berezia behar du, eta hala egiten ari da gainera. Kataluniako ezetzaren ehunekoa ere era berezian irakurri behar den bezala.

Alde horretatik, dena den, ez dago berezitasunik eta bakoitzak bere interpretazioak egin ditu gertatutakoaz. Airean geratuko dena eta aurrerantzean erabilpen politikoa izango duen datua parte hartze urriarena izango da. Batetik, zenbateko parte-hartze maila behar du erreferendum batek »edo hauteskunde prozesu batek» berau zilegi izan dadin? Berdin da erroldaren %10k parte hartzea, %20k edo %60k? Gaurkoz hala dirudi edo ala interesatzen da behintzat. Gehiengoak, gehiengo osoak, gehiengo kualifikatuak eta beste erabateko langa batzuk araututa dauden bezala, logikoa dirudi parte-hartzearen zilegitasuna arautuko duen sistema bat adostea. Datuak beti datuak dira eta, beraz, guztiz interpretagarriak, hala izan da, hala da eta hala izango da, baina arauen kontsentsuak interpretazioen hesia ere estutu egingo luke.

Hego Euskal Herriko erroldaren %25era ez da iritsi baiezkoen kopurua, eta horrek baldintzatuko du gainerako herritar guztien borondatea. Hori oso kontuan hartzekoa da. Espainiako Konstituzioaren onarpen-arbuiatzearen inguruko eztabaida oraindik ere bizia da erreferendum hura egin eta 27 urtera.

Agerikoa da orduko abstentzioa eta egungoa ezin direla berdin interpretatu, baina parte-hartzearen datuei interpretaziorik gabe helduta, zilegitasunari buruzko parekotasunak egin daitezke. Hau guztia ez da txantxetakoa, zeren eta orain agerian jarriko dena zera da: Europako Batasuneko herritarren bizikidetza arautzen duen Konstituzio-itun erreferendum hau zilegi izanik, zergatik ez ote da zilegi parte hartze berbera edo handiagoa izan dezakeen Ibarretxe Planari buruzko balizko erreferendum bat, esate baterako?

Iragan berri den erreferendumak beste pista zenbait ere utzi ditu. Bere barne zalantza eta guzti, argi dago EAJ giltzarri izan dela EAEn baiezkoak izan duen garaipenean. Ezezkoari dagokionez, bistan da honen aldekoek ez dutela asmatu izan abstentzioari ezezko gehiago lapurtzen. Teorian aktiboenak direnak horren aktibo ez direla frogatzen da behin gehiago. Horrez gain, argi zegoen baina argiago geratu da: Europako Batasuna ez da NATO.

Berriz ere, halaber, agerian geratzen da hiriburuek eta herrialdeetako biztanleen jarrera desberdina, batez ere EAEn. Eta ezetzari dagokionez, ezustekoa Iruñeak ekarri du: Hegoaldeko hiriburuetatik arbuiatze mailarik handiena ekarri du ( %34,75).

Euskal Herritarren hurrengo txanda maiatzean izango da, orduan egingo du Frantziak bere erreferenduma. Hexagonoan baiezkoak ez du horren bide samurra izango eta lehia bizia iragarrita dago. Europako agintariek ere beste begi batzuekin jarraituko dute Batasuneko erraldoietakoak zer dioen».