Pagotxatik errekara

Nafarroa aitzindaria da, hoberena adierazle ekonomiko guztietan: langabeziarik ez, garapen maila izugarria, familiek ez dute batere nekerik hilabete bukaerara iristeko, behar gorrian dagoen jende gutxi, eta dauden gutxi horiek laguntza egokia jasotzen dute; nafarren soldatek ez dute parerik, hezkuntza eredugarria da, osasun publikoa txalogarria, osasun pribatua puntakoa, kultura aberats-aberatsa, gizarte laguntzak aunitz eta plantakoak, errepide sare zabal-zabala, auto pilaketarik ez, ezta etxebizitza arazorik ere... Hitz batean, diren eta ez diren gauza on guztien sailkapenean buru ageri da Nafarroako Foru Komunitatea. Bertzela erranik, ez omen da mundu gerri zabalean, ez erregerik, ez printzerik, gu bezain zoriontsu bizi denik. Horra agintariek eta beren manupeko komunikabideek alde guztietara barreiatzen duten mezua.

Baina teilak ez dira urrezkoak, ez horixe, lurrezkoak baizik, bazter guztietan bezala. Hau da, Nafarroa ez dabil diruz batere ongi eta hori jakin badakite, ongi jakin ere, hemengo agintariek. Horregatik, joan den udan, nafar Gobernuak ahala eman zion Iribarren ogasun kontseilariari, aurrekontu nagusian eskua sartu eta nahi bezala moldatzeko. Erran nahi baita, Nafarroako ogasuna sosik gabe gelditu zen eta, ondorioz, kontusail franko "izoztu" zituzten, hau da, diru partida horiek burutu gabe gelditu ziren. Blokeaturiko kontusail guztiek, osotara, 65.147.307,34 euro egiten dute. Hori dela eta, bertan behera gelditu dira, konparazio batera, osasun etxeetako obrak, ekipo medikuak berritzeko erosketak, Mendialdeko abeltzaintza egiturak hobetzeko dirulaguntzak, minusbaliatuendako zentroetako berrikuntza lanak, kultur etxeak eraiki eta hornitzeko dirulaguntzak, etxeak zaharberritzeko laguntzak eta abar. Erran dute 2005eko aurrekontuen kargura ordainduko direla, baina aurten ere ez da dirurik izanen.

Horretan UPN da erantzule nagusia, alderdi horrek ezarria baita ataka hau ekarri duen zerga bidea. Izan ere, azken zortzi urtean, ogasunak jaso dituen lau pezetatik hiru baino gehiago laneko errentatik etorri dira, soldatapeko langileengandik, alegia. Fiskalitateak on egin die errenta altuei -espekulazioari-, bai eta enpresa handiei ere, ez baitute jornalpeko jendeak adina ordaindu zerga kontuetan, ezta hurrik emanda ere, eta, ondorioz, sos alde ikaragarria gelditu da sartu gabe Nafarroako ogasunean. Erantzuleen artean, bi izen aipatu behar dira: Arakama kontseilari izana »gaur egun, SODENA sozietate publikoko zuzendaria. Berak kobratzen du Nafarroako soldatarik handiena alor publikoan» eta gaur egungo ogasun kontseilaria, Iribarren jauna, alegia.

Aurrera begira, egoera ez da xamurragoa izanen. Nafarroako Gobernuak ez daki nola aurre egin herrilanetan aginduak dituen inbertsio gaitzei -autobideak, ubidea, azpiegiturak, geltoki intermodala...- eta urteroko gastuei eutsi beharko die. Urteroko gastuen artean ez dira gutxi gero Gobernuak berak sortu dituen era guztietako sozietate, erakunde eta elkarteei ordaindu beharrekoak. Hori dela eta, zenbaitek dio Nafarroa teknikoki porrot eginda dagoela. Premia larrian dago, diru beharretan. Hortik heldu dira, bertzalde, Miguel Sanzek egin dituen azken mugimenduak, Gobernuak EHN enpresan zuen partizipazioa saldu eta Iberdrolaren %1 erosteko. Azken finean, diru publikoarekin burtsan jokatzen ari dira, hortik berehalakoan irabaziak heldu eta gastuei aurre eginen dietelakoan.

Bizkitartean, urteak joan, urteak etorri, Nafarroako zorra izugarri handitu da. Jakina, ez dute aitortu nahi, badakite Nafarroa ez dela pagotxa, baina nola jakinarazi haiengan erabateko konfiantza jarria duen gizartearen puska handi horri intxaurrak ez direla hamalau? Ez dute aditzera emanen, aitorpen horrek berekin Amejoramenduan oinarritutako Nafarroak ere erreka jo egin duelako aitorpena lekarkeelako.


ASTEKARIA
2005eko otsailaren 27a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude