argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2021eko uztailaren 19a

Adierazpenok egin zizkion Miren Artetxek Berriari: «Niretzat zailena nire bertso txarrak onartzea izan zen. Zeure burua plaza batean protagonista bezala ikustea eta iritzia eman beharra da neskak mutilak baino gehiago beldurtzen dituena».

Felipe Juaristiren hitzok jaso zituen El Correok: «Euskarazko literatura testigantzazkoa da, militanteentzat. Hizkuntzak axola du, baina literatura estandarte gisa soilik erabiltzen da (...) Diruz lagundutako literatura izatean, administrazioak hori sortu du (idazleak funtzionario bilakatzea). Autoreak talentuarekin eta gogoarekin zerikusirik ez duten espektatibekin bizi dira (...) Horrela ezin daiteke sormena mantendu. Administrazioak errazena egin du: dirua ematea».

Antton Irusta ipuin kontalariak honela zioen Berrian: «Garrantzitsuena ez da kontalaria. Komunikazioa eta ipuina da garrantzitsuena. Kontalari askok, nire ustez, protagonismo larregi ematen diote euren buruari, eta istorioa gelditzen da albo batera. Bakoitzak bere estiloa du. Baina ipuin bat kontatzea ez da ikuskizuna. Gorputza mugitu behar da, baina ipuinak esango dizu noiz mugitu, noiz gelditu, noiz isildu... Horretan izan behar du trebea kontalariak».