argia.eus
INPRIMATU
«Askozaz ere literarioagoa da Etxepare Arcipreste de Hita baino»
2005eko otsailaren 27a
Garrantzi handia al du Sancho Eltsoren katiximak?
Eltsoren eskuizkribua argitaratu zelako da garrantzitsua. Noiz edo noiz liburua topatuko bagenu, nago ekarpen gutxi egingo digula. Euskara aldetik, itzulpena da, itzulpen kanonikoa -hau da, latinezko forma zaindu behar zuen itzulpena-, eta gainera edukiz katixima da. Izan daiteke liburu txarra, dotrina bat, euskara aldetik ezer aportatzen ez duena, nahi duzuna. Baina Hegoaldean inprimatutako lehenbiziko liburua da, eta hori oso datu garrantzitsua da, beti aipatzen diren horietako bat izan beharko litzateke, sekula aipatzen ez den arren. Eta aipatzen ez bada, lapurtu digutelako da. Gainera, argiratua izateak jada ekartzen du zerbait, hemen komertzialki gauzak ez direlako itsuki egiten: erosleren bat bazegoela adierazten du gutxienez. Inprimatzailea, berriz, ez zen bertakoa, Amberesekoa baizik. Ez dut uste horrek euskararen alde ezer egingo zuenik, diruaren alde baizik. Eta horrek ere zerbait erakusten du: alegia, argitaratze mugimendurik bazegoela.

Eltsok argitalpena Erriberan saltzea espero zuen.

Epaitegietako kontu hori agertu zelako dakigu dakiguna: hau da, Cintruenigoko apaiz batek Eltsori eskaera egin ziola, eta Tuterako mandazaina atzeratu egin zela. Beno, liburua elebiduna izanda pentsa daiteke Cintruenigoko apaizak gaztelaniaz zegoelako eskatu ziola batez ere; izan ere, arazoa orduan gauzak batez ere latinez zeudela zen. Dudarik gabe, XVI. mendean Cintruenigon euskaldun batzuk baziren, dokumentatua dago. Nafarroa Beheretik etorritako burgesak askotan frankoak ziren, beste batzuetan okzitanoak, baina euskaldunak ere etorri ziren, abizenetan Sola, Armendariz eta horrelako asko dago Erriberan.

Nolanahi ere, gauza bat: apaiz horiek benetan literatura egiten al zuten?
Betiko matraka da hori. Arcipreste de Hitak ez al zuen helburu erlijiosoekin idatzi? Harena institutuetan irakasten da, ordea; eta askozaz ere literarioagoa da Etxepare bat Arcipreste de Hita bat baino. Askotan sekulako gutxiagotasun konplexua daukagu.