argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2005eko otsailaren 20a

Itsas ondo abisaleko biztanleak
Itsas ondoan 11 km-ko zuloan bizitzea organismo mikroskopikoen esku baino ez dago. Hiroshi Kitazato eta lagunek Challenger deituriko eta 10.896 m-ko sakonerako itsas ondoan foraminiferoak aurkitu dituzte. Ozeano Pazifikoan dagoen itsas ondo hau Lurreko sakonena omen da eta bertan dagoen presioa itsas azalekoa baino 1000 aldiz handiagoa da.
Foraminiferoak itsas azalean ere aurkitzen dira eta plaktonaren osagaietako bat dira eta beren hezurdura kaltzio karbonatozkoa da. Baina aipatu itsas ondoan kaltzio karbonatoaren kontzentrazioa hain da txikia non mikroorganismoek kaltzio karbonatozko hezurdura horma malgu batez ordezkatu duten.
Kitazato eta lagunen arabera, Challenger itsas zuloa orain 6 edo 9 milioi urte sortu zen eta arteko biztanleen oinordeko bakarrak foraminiferoak dira, hauek izan baitira arteko biztanletik presio aldaketara egokitu diren bakarrak.
Laginak lortu ahal izateko, Japoniako itsas ikerketa eta teknologiarako agentziak (JAMSTEC) kaiko deituriko submarinoa jarri du. Submarino honek murgilketa ugari egin zituen Challenger zegoen Mariana irletan eta horietako batean itsas ondoan galdu zen.

Saturnoko gune bero harrigarria
Glen Orton-ek zuzendutako astronomo-talde batek gertaera klimatologiko harrigarri bat topatu du eguzki-sisteman, hots Saturnon zurrunbilo polar bero bat topatu dute. Aurkikuntza hau Lurreko Kech teleskopioan oinarrituz egin da eta une honetan Cassini-k zundak bidaliko dituen datuen azterketen zain daude, ea hobeto ulertzen den eraztunen planetan gertatzen dena.
Berri hau joan den astean argitaratu zen Science aldizkarian.
Lurrean zurrunbiloak edo vortex-ak Artiko eta Antartikoaren gainean sortzen dira. Latitude altuko eta ertainen arteko tenperatura desberdintasunak korronte polarrak sortzen ditu eta aire-masa hotzak isolaturik geratzen dira. Antartikoan, neguan adibidez, zurrunbilo polarrak ozono-geruzaren ahultzean parte hartzen du eta Artikoan, adibidez, Ipar Amerikara haize hotza bidaltzen du.
Orain arte, Lurrean, Artizarrean, Jupiterren edo Marten topatutako zurrunbilo polar guztiak haize hotzez osaturikoak izan dira, Saturnokoa izan ezik. Honen hego poloa berez da beroa Eguzkiaren aurrez aurre baitago orain hamabost urtetik gaurdaino. Polo honetan 30°ko latitudera topatu dute ikerlariek poloetakoa baino beroagoa den gune bat.
Uste denez, partikula ezezagun batzuk Eguzki-izpiak xurgatzean gertatzen da aipatu fenomenoa, baina hipotesi honek ez du oraingoz oinarri zientifikorik. Cassini zundak martxoaren eta maiatzaren artean neurketak egingo ditu zona horretan eta orduan itxaron da datu zehatzagoak izatea.