Oi irakasle gaxua


2005eko otsailaren 13an
Irakasleek ez daukate lan erraza, ikasleak oldartzen zaizkie, erasotzen ere batzuetan. Hortaz, lagun baxenabartar batek zioen, erdi irriz erdi etsitua, berari ere hola gertatzekotan, konformatuko zela kaltea aski larria bazen ezintasunagatik erretiroa hartzeko. Hegoaldekoak arranguratzen dira erantzukizun guztiak dituztela eta batere ez erabakitzeko ahalik; adibidez, ezin dutela, legez, ikasle bat etxera behin-behineko bidali espediente bat ireki gabe, hau da, prozedura larri, astun eta konplikatua burutu gabe.

Zenbaiten iritziz (ikus Larrun 78), gazte batzuk agresiboak dira onartzen zaielako, inork ez dielako trabarik jartzen. Pertsona helduen autoritatea eta haienganako begirunea aski gutxietsiak diren joera orokorrean sartzen da eskolako giroa eta haren porrota baduke horrekin zerikusia. Kontua oso aipatua da Hexagonoan. Hogeita hamar urte hauetan eskola asko aldatu da; irakasle-ikasleen arteko harremanak demokratizatu dira; gazteen interesa pizteko edo talde sozial marginatuetako kideei bideak errazteko, haien nahiei egokitu dira ikasgaiak eta testuak.

Ondorioak, ordea, ez dira asegarriak, alderantziz: aupatu eta lagundu nahi diren horiek gero eta baztertuagoak dira, gero eta gutxiago iristen dira goi mailako ikasketetara, eta eskolak, desberdintasun sozialak ezabatu orde, azkartu egin ditu. Batzorde bat osatu zen gogoetak egiteko eta erreforma bat bideratzeko, eta eztabaida anitz izan dira bi jarrera nagusien artean, "pedagogo" eta "errepublikarren" artean.

Errepublikarrek aldarrikatzen dute eskolak ez duela zertan ikasleria berriari beti moldatzen ibili; berdintasuna estakuru, ikasle ahulenak klase aurreratuenetan sartu direla eta, ondorioz, exijentzia eta maila orokorki apaldu. Ikasleei gustatzen zaiena emanez pobreak dira kaltetuenak. Izan ere, aberatsek eskolaren eskasiak gaindituko dituzte eta beren inguru sozialean eskuratuko jendartean aurrera egiteko behar diren kultura-baliabideak. Baztertuek, aldiz, eskolak ematen ez badizkie, nekez aurkituko dituzte desberdinkeriatik ateratzeko tresnak; irakaskuntzak bakarrik laguntzen ahal ditu haurrak beren unibertsoaren horizonteak zabaltzen, gauza ezezagunak dastatzen, hala nola goi mailako testu literario bat, erraza ez denean ere. Hain zuzen, testu klasikoen falta deitoratzen dute errepublikarrek, irakasleak berak prestatzen omen ditu errazagoak, ikasleengandik hurbilago egotearren. Irakaslea maisu ere dela onartu behar du ikasleak, zerbait transmititzeko baduela, adinak eta jakintzak autoritate ematen diotela; alabaina, norbera jaio orduko munduak mende asko dituela, haren aldatzeko saio asko egin direla eta badela zer ikas, ez bakarrik zer asma.

Pedagogoek diote autoritatearen funtsa aldatu dela, ez dela gehiago inmanentea baina itun edo banaketa batetik etorria, eskola egokitu behar dela, gauzak ez direla konponduko iraganari begiratuz. Eta proposatzen dute denentzako "ezagutzen eta gaitasunen oinarri amankomun" bat. Batzordean pedagogoak nagusitu diren arren, hartuak diren neurri batzuetan besteen kezkak igartzen dira. Diktatua eta errezitazioa egingo dira berriz, bigarren hizkuntza ez da baitezpada ingelesa izango eta batxilergoan greko eta latinari koefiziente gehiago emango diote.

Irakasleen autoritatea indartuko da eta haiek dute erabakiko, ez gurasoek, ikasle batek errepikatuko duen ala ez; zigor kolektiboak zilegituko dira, azken lau urte hauetan baztertuak egon ondoan.

Bortizkeria ekiditeko helburuan, klasean kalapitak sortzen dituzten ikasleak eskolatik kanporatzea ahalbidetzen da, aste batzuetako bederen.

Gurasoen elkarteak ez dira kontent, eta profesional asko ere ez.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude