Begiak bakarrik ikus dezakeena
Gauza asko ikus ditzake begiak, kamerarentzat ezinezkoak direnak. Hau, batez ere, argi gutxi dagoen lekuetan gertatzen da.
Ikerlari-talde batek begiak ez beste ezerk ikusten duena detektatzeko sistema asmatu du. Honela argitasun eskaseko aireportuak hobeto kontrolatzeko ikusmen berezia erantsi diezaiokete robotei edo eguraldi oso txarretan pilotu automatikoek erabakiak hartzerik izango dute edo ibilgailu ez tripulatuak hobeto zuzendu daitezke.
Ikerlari burua den Vladimir Brajovic-en helburua gure begia ahalik eta hoberen simulatzen duen txipa garatzea zen, hau da, ohiko sentsoreetatik urrundu eta erretinaren funtzionamendura hurbildu. Bide horretan lehen lorpena software bat garatzea izan da, iruditan egon daitezkeen xehetasun ezkutuak agerian jartzen dituena.
Egindako lehen probak oso arrakastatsuak izan dira. Softwarea »Shadow Illuminator deitzen da» gailu batean kokatu da eta mundu osoko 80.000 argazki baino gehiago aztertu ditu. Azterketen emaitza oso positiboa izan da, zeren eta erdi ezkutuan zeuden pertsonak detektatu ditu eta X izpiko mediku-plakan egitura ilunak bereiztu.
Sumatra 20 zentimetro urrutiago
Abenduaren 26ko lurrikara handia izan bazen ere, Sumatrako irla 20 zentimetro baino ez zen higitu Espazio-zentro daniarreko Shfaqat Abbas Khan eta Olafur Gudmundsson ikerlariek diotenez. Hauek neurketa zehatzak egin dituzte eta hainbat geologok iragarritako hamar edo hamabost metroko desplazamenduen ustea bertan behera geratu da.
Copenhague-n ikertzen aritzen diren ikerlari hauek satelite bidez lortutako GPS datuak aztertu eta horrela plaka tektonikoaren desplazamendua kalkulatu zuten. Sumatratik 200 kilometro mendebaldera, 7 metro desplazatu ziren horizontalean, baina Sumatran askoz apalagoak izan dira desplazamenduak.
Leo-ko arrautza
Leo konstelazioko izarrik distiratsuenetakoa Regulus da eta aspaldidanik ikerlarien arreta bereganatu du bere buruarekiko biratzean kanoi bolaren antza duelako. AEBetan Chara teleskopio-sarearen bidez egindako neurketekin izarrei buruzko datu gehiago ezagutu dira.
Itxura, antza, errugbi baloiarena du eta eguzkia baino 350 aldiz distiratsuagoa da.
Ekuatorean, Regulusek 1,1 milioi kilometro orduko abiadura du eta Eguzkiak, adibidez, 7.242 kilometro orduko. Regulusen abiadura %10 handituko balitz, bere orbitatik atera egingo litzatekeela uste dute Georgiako unibertsitateko McAlister eta lagunek.
Reguluseko poloetan tenperatura altuagoak daude ekuatorean baino, poloetan 15.100 °C dauden bitartean ekuatorean 10.000 °C baitaude.