argia.eus
INPRIMATU
Jesus Mari Olaizola “Txiliku”: «Lehengo istorio zaharrak ukitu berriarekin agertzen saiatu naiz»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Nolakoa dugu Jokin Galtxagorri?
Galtxagorriak nahiko ezagunak dira Zarautzen, badute halako tradizioa. Baina nik aurkezten dudan galtxagorri hau berezi samarra da. Galtxagorriek, normalean, egiten dutena azkar eta ondo egiten dute eta oso langileak dira. Ipuinekoa, ordea, galtxagorri alferra da. Beraz, liburu honek badu lehengo ipuin zaharren moldea, azpian dagoen gai guztia nolabait tradiziozkoa da, baina badu baita ere ukitu berria, ni behintzat saiatu naiz ukitu berri hori ematen, umore puntu batekin lehengo istorio zaharrak aurpegi berriarekin agertzen.

Zertan mamitzen da aipatu duzun berritasuna?
Liburuak baditu tartean beste ipuin batzuk, baita ere kontatzen du nolabait nolakoak ziren Euskal Herriko tradizioko izaki berezi horiek eta nola pixkanaka-pixkanaka joan diren desagertzen. Hor agertzen da, esate baterako, basajauna nola desagertu zen, lamiak nola desagertu ziren eta gelditzen direnak desagertzeko arriskuan nola dauden. Hori guztia lotuta dago bederatzi-hamar bat urte dituen neskaren istorioarekin. Neska horrek, alderdi batetik, halako galtxagorri bat edukitzearen bentajak jasoko ditu, baina beste alderdi batetik galtxagorri horrek egiten dizkion alukeriak ere jasan beharko ditu.

Gaiztakeria asko egiten al dizkio?
Bai. Adibidez, Txinaraino bidaltzen baldin badu lore batzuk jasotzera, Jokin Galtxagorriri askoz errazago zaio amonak balkoian eginda dauzkan loreak hartu, moztu eta ekartzea. Eta horrelako bihurrikeria dezente egingo ditu.