Ze interes eskaintzen diezue gordailugileei?
PTMcreditek "produktu" ezberdinak ditu herrialde motaren arabera. Batzuk irabaziak lor ditzaketen kooperatiba edo ekimen aktiboentzat dira, erakundeok ez dutelako ohiko bankura jotzerik; interespeko mailegua egiten zaienez, gordailugileei %1,5 edo %2 interesa eskaintzen diegu. Beste produktu batzuk ekimen eta kooperatiba hasiberrientzat dira… horiei "diruz lagundutako" interes zati batekin egiten zaie mailegua; hau da, ohikoa baino txikiagoa denez, diferentzia betetzeko "inbertsogileari" dirua interesik gabe mailegatzeko eskatzen zaio, edota jaso beharko lukeenaren erdia jasotzeko. Badira beste batzuk autoenplegua eta mikroenpresak sortzeko eta horiek inbertsio are handiagoak behar dituzte, miseriatik hurbil bizi diren pertsonentzat izaten direlako. Horretarako "puchitoak" (apur bat, Nikaraguan) edo "funts galdurako" funtsa txikiak eskatzen dira, miseria gorritik irten nahi duen jendeari laguntzeko.
Zer abal motarekin lan egiten duzue?
Euskal banku etikoaren kasuan, FIAREk Banca Popolare Etica de Italia erakundearen abalarekin lan egingo du; ondorioz, azkenak bermatu beharko du inbertitutako diru guztia itzuliko dela. PTMcrediti mailegatutako funtsen kasuan, PTM Mundubat GKEak berak ziurtatu beharko du mailegatutako funts guztiak PTMcrediten bitartez itzuliko direla. Lanean igarotako hamar urteetan behin ere ez diogu huts egin Hegoaldeko Kreditu eta Mikrokredituak bultzatzeko aurrezkiak eman dizkigun inbertsiogile bakar bati ere.
BBK Solidarioa, PTMcredit, Oikocredit, Fiare... ez al dira euskal ekimen gehiegi?
Gai guztiek ikuspegi ezberdinak dituzte, baita interes ezberdinak ere. Ez da kasualitatea hainbeste sindikatu, alderdi politiko eta GKE egotea. Banku etikoan ere, egoera halakoxea da. Ekimen batzuk ohiko aurrezki kutxek eta bankuek sortu dituzte; beste batzuk GKE, Hirugarren Sektoreko Elkarte edo kooperatiben jardunbideak dira. Horietako bakoitzak sorrarazi dutenen helburuei erantzun nahi dio bere filosofiaren bitartez.
Zein dira zuen helburuak?
Guk, PTMcrediten bitartez »gure mikrofinantziazio erakundea Ertamerikan» kreditu-sistema alternatiboaren aldeko ekimen ugari bultzatu nahi izan ditugu, dirua besterik gabe "dohaintza" gisa eman beharrean, hainbat eta hainbat onuradunen artean "txandakatu" dadin. Txandakako funtsak, kooperatibak sustatzeko kreditu-sistemak, nekazaritza eta abelazkuntzako teknologiak indartu eta elkartrukatzeko kredituak, aurrezki eta kreditu kooperatibak, mikrokredituetarako mikrofinantzazio erakundeak… gure ekimenetako batzuk dira. Ekintza horiek guztiak aurrera ateratzeko milioi eta erdi euroko funts sozial bat dugu Nikaraguan; eta sei milioi euro baino gehiago banatu ditugu hainbat kooperatiba eta familientzako maileguetan. Ekimen horiek guztiak FIAREk koordinatzen ditu eta bere baitan hirurogeita bi euskal antolakunde biltzen gara sare berean.