La Perlako Talasoterapian bada lurrinezko bainua hartzeko gela borobil bat, hezea ikaragarri eta beroa, erdi ilunpetan, figurak eta geometria lausotu eta ideiak hegan askatzeko aproposa. Isilik egoteko araua hausten dutenek bakarrik oztopatzen dute bertako magia, eta lehengoan, zorionez, ez zegoen halako hitz-jariorik. Eta orduan, da! Goian entseatzen ari ziren danbor hotsek hautsi zuten ur tanten musika. Sansebastianetako danborrada sartzen ote da euskal curriculumean?
Izan ere, euskal curriculuma nerabilen burua. Zehazki, herri honetako ikasleek Herri honi buruz eskolan ikasi beharko luketen hartaz pentsaketan. Eguneroko lanbideak ematen dit niri aukera eskolan izan ez nituen lezioak jasotzeko. Maistrak erakutsi zigun, adibidez, Gipuzkoako erdigunea Ernio aldean zegoela, baina non dago Euskal Herrikoa? Egia esateko, galdera hori egin gabe nengoen sekulan neure buruari. Horregatik Berrian irakurri nuenean Felix Isasa injineruak behar ziren kalkuluak egin eta kokatua zuela hura, denborarik galdu gabe deitu nion kamera aurrean erakutsi ziezagun. Curriculumerako fitxa bat da, nire ustez. Eta horrela, zenbat eta zenbat lezio, pertsonaia eta ohar ez ditudan topatzen erreportaje lanetan ari naizela.
Adibidez, Azpeitiko elizan, Soledadeko kapera berritzen hasi, eta non topatu dituzten grisallak -izenak adierazten duen koloreetan egindako freskoak-. Eta marrazkietan, hara non azaldu zaien gizon baten irudia, konpasa eskuetan, munduko bola aurrean, erretratu errenazentista borobila, kapera egitea agindu zuen Peruko konkistatzailearena seguruenik. A! Errenazimenduan ere sartu ziren herri honetako gizon-emakumeak.
Felipe Gorritik, Tolosako Santa Mariako Kapera maisu zenak, elizarako daukan errepertorio zoragarriaz gain, ba omen du opera bufo bat ere, baina partiturak hautsak janda egongo dira, dakigula ez baita sekula antzeztu eta jo opera hori. Ez genekien »ez nik behintzat» Gorritik musika profanoa ere konposatu zuenik.
Berrikiago -eta barka norberaren aipamena egitea-, Joxe Azarola pianista zumaiarrari buruz astekari honetan argitaratu berri dudan erreportajearen ondoren, batek baino gehiagok erakutsi dit sorpresa eta poza halako figura bat izan genuelako, garaiko musika arinaren baitan. Pianoarekin segituz, Emiliana Zubeldia, piano-jole, orkestra zuzendari eta musikagile nafarra. Euskalerriaren Alde aldizkarian, 1920 aldera, "delicada", "excelente", "meritísima" kalifikatiboez ageri zaigu, baina Elhuyarren Hiztegi Entziklopedikoan alferrik bilatuko duzu. Helena Taberna zinegileak plazaratu zuen film labur batean, 1993an, eta Maite Idirinek eta Marta Knörr mezzosopranoak bere piezaren batzuk kantatu ohi dituzte »kasualitatea emakumezkoek erreparatu izana beregan». Mexikoko Sonoran hil zen Emiliana Zubeldia 1987an, eta bere izena darama hango Unibertsitateko antzokiak.
Beti eta nonahi geratuko dira ezkutuan halako harribitxiak, baina gurean, nago, inon baino gehiago galtzen ditugula bidean. Arrazoiak bilatzen hasita, Gerraren etena eta ondorengo lehortea, elizaren monopolio ideologikoa eta beste ortodoxia batzuk ez dira urruti ibiliko. Baina susmotan jarrita, euskal curriculumaren »azken batean euskal kulturaren» ikuspegi murritzegiarekin ez ote garen konformatzen iruditzen zait. Barandiaranen eta Oteizaren eskutik, salto batean jartzen gara Neolitikoan. Eroso sentitzen gara gainera han, azken batean, artean berri izango zen gure hizkuntzan mintzatzen ei ziren gure aurrekoak eta kosmosaz gaur dugun ikuskera antzekoa zeukaketen. Zortea da, egia esan, hain erro luze zahar sustraituak izatea. Baina zer pentsatu, egin, sinetsi, sortu eta gozatu dute harrezkeroko belaunaldiek?
Alde batetik letra larriko historiara pasatu diren santu, itsasgizon, eskribau eta estrategei zeharka begiratzen diegu, auzoko errege eta inperioen mesedetan jardun zutelako. Eta bestetik, onartu dugu geure buruaz Txomin Agirreren pertsonaien estereotipoa, garo artean nahiz kresal usainetan, beti pobre baina txintxo izatea ezaugarri duen hori. Eta horrela, gure kultur sortzaileen erakusleiho ofiziala betetzen dugu abade-idazle eta letra gutxiko bertsolariekin, jenialak batzuk, jator askoak denak eta, onenera jota, komikietarako geratzen dira heterodoxoak. Azkenean, Herri pobre honetan kultura pobrea izan dugula sinesten dugu.
Xabier Leteren Habanerako etxean ez zegoen pianorik, baina bai beste batzuetan, azkenean pianisten arrastoa Ameriketan galdu bazaigu ere. Euskal curriculumerako fitxa guztiak bildutakoan hitz egingo dugu, ea gure kultura hain pobre, apal eta ezdeusa izan ote den.