Etorkizuna laranja da


1969ko uztailaren 20an, Armstrong eta Aldrin astronautek Ilargiko "Baretasunaren Itsasoan" lurrartu zuten. Handik 35 urte eta erdira, iragan hilean, 2005eko urtarrilaren 14an, Saturnoren Titan ilargian lurrartu zuen Huygens Moduloak »bidenabar, Saturnok 18 ilargi ditu ziur, gehi beste 15 zeharo ez baietsiak». Zalantzarik gabe: bi zedarri historiko gizateriaren kondairan. Eta bidezkoa ere munduan barrena hedatu den esaldia: «The future's orange».

Cap Canaveral-en abiatu zen balentria 1997ko urriaren 15ean. Cassini Zundari itsatsita, zazpi urte luzez 3.500 milioi kilometro egin ondoren, 319 kiloko Huygens behatokia Titango azalean pausatu zen poliki-poliki. Hortik aurrera hiper-robotak igorriko zituen seinaleek 69 minutu beharko zuten guganaino iristeko -1.242 milioi kilometro egiteko, segundoan 300.000 kilometro ziztuan-.

Arrakasta gaitza. Dudarik gabe.

Bost estatu indartsuren arteko lankidetzari esker lortua; proiektuan eskuz esku ari izan baitira Frantzia, Italia, Alemania, Britainia Nagusia eta Estatu Batuak.

Eta jakintsuen iraunkortasunari esker ez gutxiago. Daniel Gautier frantses astronomoak 1982an proposatu zuen Titanera zunda bat bidaltzea.

Europar Zientziaren arrakasta izan da, azkenik: E.S.A.ko Zuzendari Orokorrari Jean Jacques Dourdain deritzo; eta bidalitako seinaleen bilketa eta ikerketa Darmstad-en burutzen ari da, Alemanian. Moduloak, erortzean puskatu ez denez, lau ordu eta erdiz bidali ditu seinaleak.

Titanen ez da giro. Tenperatura -179 grado Ckoa da (Antartidan erregistratu den hotzena -90 delarik); eta, batera, 1.600 km/orduko haize ikaragarriak daude.

Iristerakoan bidali dituen argazki txundigarriek ez dute zalantzarako zirrikiturik utzi. Titanen metanozko itsasoak daude; eta itsaso horretara doazen ibai-harroak guztiz garbi agertu dira.

Planeta beti ezkutatzen zuen laino trinkoa metanozkoa da, osagai karboniko batzuekin nahasia. Eguratsa nitrogenozkoa da, oro har (%94). Eta laranja kolorea izoztutako partikulek eransten bide diote.

Bistan da: Titanen ez dago bizirik.

Alferrikako bidaia garestia, beraz? Ezta inondik ere. Stanley Miller-ek 1953an frogatu zuenez, egurats mota horretan tximistak gertatuz gero, biziaren oinarrian dauden molekula bereziak sortzen dira .

Aste hauetan burutuko diren datu-ikerketaren ondorioz jakingo dugu Titan-en sortuak direnez. Baiezkoan, eta tenperatura egokietan, bizia automatikoki sor daitekeela pentsatzeko arrazoi sendoak egongo dira.

Gure Eguzki-Sisteman nekez aurki daiteke horrelakorik. Etsi egin behar. Baina beste izar-sistemetan zer?

Gaur arte 134 exo-planeta aurkitu dira. Eta lehenengoa 1995ean Geneva-ko Mayor eta Queloz astronomilariek.

Hots, gure Galaxian bakarrik 300.000 milioi izar daude; eta «aldameneko» Andromedan 400.000 milioi izar. Eta Kosmoan milaka milioi galaxia daude.

Unibertsoan bakarrik gaudela, eta eboluzioaren gailurra gu garela pentsatzea, antropozentrismo merke eta iñoxoa iruditzen zait. Arazoa besterik da. Mundu horiek guztiak irits ezinak dira guztiz.

Barka bekit zifra batzuk ematea.

Mayor eta Queloz-ek aurkitutako exo-planeta, 51 Pegasi multzoan dago. Gure Galaxian, bai; baina 50 urte-argira. Alegia, 500 bilioi (b, bai) kilometrora.

Cassini Zundak 7 urte behar izan ditu 3.500 milioi kilometro egiteko. Alegia, urtean 500 milioi kilometro egin ditu.

Egin dezagun zatiketa. Cassini Zundak milioi bat urte beharko luke 51 Pegasiko exo-planetara joateko.

«Etorkizuna laranja da», «Espazioaren konkistan lehenengo urratsa egin dugu», eta abar, eta abar.

Egia? Bai, baina ez. Ez gaitezen kaikuak izan!


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude