Maria. Santatik, deus ez. PPkoa. Donostiako Udaletxean zinegotzi, bere alderdian EAEko nagusia, Iturgaitz gaitziturri ezkutuko akordeoilaria ordezkatuz. Ezkondua. Senarra Sociedad de Fomenton enplegatua, ongi kokatua. Lehorrean galtzen ez den horietakoak txapela eta turbantea ezarri ditu terrorismoaren ikonotzat. Eta txapelarenak badu zentzurik, arrazoi du txapelokerrak eta txapel berdeak aspaldiko terroristak baititugu. Ahantzi du uniformatuak aipatzea, aspaldian terrorismoa uniformatu zutenak munduan alegia, txapelak desfile ofizialetarako utzi eta burdinazko kaskoak buru tapaki ezarri eta estalperik gabeko kale gorriko herritarrak nonahi masakratzen dabiltzanak industrialki. Gerrari zaintza eta askatasun gurutzada deitzen diona. Aintza zuri Maria. Sarraskiak ondasun, guraso politikoak ukatzea esker txarrekoa du eta uniformatuen biktima lotsadunak etsai. Ongi doakio asuntoa. Marbella, Niza eta ingurutako turbantedunak, beren yate aparkatuetan urrezko bainuak dituztenak ditu gogoko, Donostian nahiko lituzkeen horiek, molotofak bainoago xanpain koktelak irensten dituztenak, kokteletako ondorengo siestatarako Maria Kristina Hotela osorik alokatuko luketeenak donostiarren onurarako. Ave Cesarina.