Nolakoa zen liburua argitaratu zenueneko garaia?
Orain dela hogeita bat urte; ez dakit nola pasatu den hainbeste denbora...! Nolanahi ere, hau izan da jendaurrean aurkeztu dudan aurreneko aldia, garai hartan ez baitzen liburu aurkezpenik egiten »agian gu baino famatuago zen norbaitek egingo zuen, baina bestela...». Kontraturik ere ez zen egiten, eta dirurik kobratu ere ez, guk behintzat. Liburu honekin zer edo zer kobratu nuen, Ramon Etxezarretak Mugika Arregi Ezkerrari nire kontu-korrontean 50.000 pezeta sartzeko esan ziolako »izugarri iruditu zitzaidan!»; baina bigarren liburuarekin ez nuen ezer kobratu.
Ipuinen mamiaz zer esan dezakezu?
Bost dira. Lau fantastikoak -baina nire ipuinetakoa ez da fantasia kapritxosoa, eh! Alegorikoak direla esango nuke. Adibidez, lehenengo ipuina diktadura bihurtzen den iraultzaren alegoria da-, eta bestea errealista da, luzeena. Nire bi eleberriak iragartzen ditu nolabait, Euskal Herriko egoera politikoa eta beste agertzen baitira bertan.
Zein da liburua berrargitaratzearen arrazoia?
Egia esan, liburu hau berrargitaratzeko asmoa betidanik izan dut, ez nintzelako oso gustura gelditu atera zeneko gauza batzuekin. Duela 10-15 urte atera nahi nuen, Elkarren. Zer edo zer gehitu nahi nion, ordea, eta hara non idatzi nituen gehiketa horiekin beste liburu bat egiteko proposamena egin zidaten, eta Bazko arrautzak atera zen. Baina nik hau ere atera nahi nuen, eta azkenean epilogo autobiografikoa gehitu diot.