Jose Mari Pastor: «Kazetariok ez gara ohartzen baina arrazistak eta klasistak gara»


2005eko otsailaren 06an
Lehengo aiton-amonak herriko kontuekin bakarrik bizi ziren. Izan ere, zertarako jakin zuregandik milaka kilometrora zer gertatzen den?
Orain gero eta jende gehiagok daukalako urrutikoaren berri jakiteko nahia. Jakin min naturala ote den ez dakit. Jakin min naturalena izango litzateke, zu bost pisuko etxebizitza batean bizi, eta laugarren pisukoa minbiziz hiltzen ari dela jakitea. Baina zu bigarrenean bizi zara, eta ez dakizu laugarrenekoaren minbiziaren berri. Aldiz sarean konektatuta australiar batekin hizketan ari zara eta badakizu hark zenbat amorante dauzkan, edo bere alaba drogazalea dela. Oraingo joera hori da, antza.

Munduko berri zabaltzeko jaso egin beharko duzu lehenik. Zenbat egunkari irakurtzen dituzu egunean?
Euskal Herriko egunkari guztiak gainbegiratzen saiatzen naiz, eta Espainiako eta Frantziako batzuk ere bai. Interneten saltsan ere ibiltzen naiz batean eta bestean, beste egunkari europar batzuetan sartu, alemanetan, italiarretan, baita AEBetakoetan ere... Baina hori teoria da, ez da beti gertatzen: eguneroko lanak harrapatuta zauzka, eta orduan zaila da egunkariak irakurtzeko behar den denbora hartzea. Batzuetan gehiago irakurtzen dut kanpoan nagoenean lanean nabilenean baino. Esaterako, Bartzelonara joaten banaiz, erosten ditut La Vanguardia, Avui, El Punt, Liberation, Neue Zuercher Zeitung... Jon Mirandek zioen bezala, egunkaria erostea, informazioa bilatzea da oraingo gizakiaren erlijio berria, eskuetan egunkaririk sentitu gabe ezin da eguna hasi.

Egunkariez gain batez ere agentzietatik elikatzen zarete. Munduko agentziarik indartsuenek markatzen dute eguneroko bidea. Zenbaterainokoa da horiekiko menpekotasuna?
Nahi baino menpeago gaude. Saiatu behar genuke nola edo hala menpekotasun hori hausten, eta gure informazio sare propioa lortzen. Bai agentzia horietatik haratago doazen beste agentzien bidez, indymedia esaterako, bai beste egunkari alternatiboak irakurriz. Web orrietan ere sartzen gara eta beti dago zer edo zer. Baina agentzia handien morrontzatik askatzen ez da erraza. Haiek agintzen dute egunero zer den informazioa, eta haiek ematen ez dutena, ez da existitzen. Okerrena da maiz informazioa datorren moduan irensten duzula, kontrastatzeko astirik gabe, eta batzuetan ziria sartu izan digute. Lehengoan BBCk berak ere halako bat irentsi zuen. Informazio faltsu horren arabera, Dow Chemical enpresak Bhopalen, Indian duela 20 urte izan zen gas isurien erantzukizuna bere egin eta kalte-ordainak emango zituen. Bhopalen gutxienez 15.000 lagun hil ziren. BBCk amua irentsi zuen eta "jainkoa" denez, denak erori ziren, eta mundu guztira barreiatu zen notizia. Teknologia berriekin gero eta errazagoa da ziria sartzea, eta sartuko digute berriz ere. BBC "jainkoa" bera ere ez da fidagarria.

Agentzietatik eta beste publikazioetatik bakarrik elikatuz nola garatzen da notizia propio bat?
Ez da erraza, eta ez da beti lortzen. Kazetarien eskarmentua da gakoa, denborarekin ikasten baitu zein iturritatik edan notiziak. Badaki iturri bakoitzetik nolako baldintzatan datozkion albisteak, badaki medio edo agentzia hori noren menpe dagoen, nork agintzen duen bertan. Lehenik kazetariak hori interpretatzen jakin behar du, eta gero idazterakoan argi eduki behar du zer nahi duen berak, eta zer nahi duen medioak. Egunkari batean lanean ari zarenean ez baitzara etxean zeure panfletoa idazten ari.

Gelditu izan zara burura etorritakoa bota gabe zure egunkariaren ildoa ez dela hori pentsatuz?
Bai. Ez dut esan nahi zentsurarik dagoenik, baina autozentsura bai. Batzuetan kristoren ateraldiak otutzen zaizkit, baina pentsatzen dut, "nik orain hau idatziko banu, zer pentsatuko luke irakurleak? Edo Berriak berak?". Iritzia emateko artikulu sinatu bat baldin bada askatasun handiagoz ibiltzen naiz, ni bainaiz erantzule bakarra. Baina beste artikuluak idaztean zure medioaren subjektibotasunak baldintzatu egiten zaitu. Eta badira gai jakin batzuk idazten hasi aurretik bi aldiz pentsatzen egoten zarenak.

Agentzien alternatiba norbere korrespontsalak dira. Zenbat korrespontsal beharko luke egunkari batek munduko berri ongi emateko?
Guk dozena erdi bat ditugu, baina nik ahalik eta gehien jarriko nituzke, bat Bruselan, bat Berlinen, Londresen, Pekinen, Moskun, New Yorken, Jerusalemen... Ez dugu, ordea, horretarako mediorik, eta ezin dugu. Korrespontsalik ezean saiatzen gara kolaboratzaileren bat lotzen, han bizi denen bat. Eta beste metodo bat ere erabili izan dugu, telefonoz lekuko egunkarietara deitzearena. Ekialde Hurbilerako, zerbait potoloa gertatu izan denean deitu izan diet bi aldeetako kazetariei, eta galdetu: " Hau gertatu da, zer uste duzu?". Horrelako kontaktuak izan ditugu, eta baditugu; Maariv, Haaretz, edo Palestine Media Center, adibidez. Beraiek pista batzuk ematen dizkizute, baina zuk ez dakizu zuzenak diren edo ez. Kontuz ibili behar izaten da.
Beste alternatiba bat da sekulako lan taldea edukitzea, eta bakoitza aditua izatea leku berezi batean. Bat espezializatua Afrika beltzari buruz, bestea Magrebi buruz... Eta Afrika beltzean espezializatua denak egunero hango berri jasoko luke Interneten sartuz, norbaitekin hitz eginez, edo jardunaldi batzuetara joanez. Beste aukera bat da liburuak irakurriz espezializatzea, baina askotan lanetik saturatuta ateratzen gara, eta ez dugu halakorik egiten. Nik uste kazetariok daukagun problema hori dela, asko omen dakigu, baina ez, guk gutxi dakigu. Gauza askori buruz dakigu baina horiei buruz gutxi. Azal-azalean gelditzen gara eta kristoren hanka sartzeak egiten ditugu.

AEBetako hauteskundeak, berriz, beste askok bezala ongi sakondu zenituzten. Frantziakoei baino orri gehiago eskaini zenizkieten, adibidez. Laguntzen diezue munduko indartsuenak izaten.
Azken batean gurpil bat da: garrantzitsua delako segitzen duzu, eta segitzen duzulako da garrantzitsua. Jende askok esan digu: "AEBetako hauteskundeak dira, eta zer?". Kontua da korronte horretatik zaila dela ihes egiten. Uste dut Manuel Vazquez Montalbanek idatzi zuela bere artikulu batean: "Gaur, gure lehendakaria hautatuko dute". Guk ez dugu bozkatzeko eskubiderik, baina ia 200 milioi lagunek bai. Haiexek aukeratuko dute datozen lau urteotan munduaren nondik norakoak aginduko dituena.

Azkenean Bush aukeratu zuten denontzat. Bushek gogokoen duen hitza terrorismoa da, beti darabil ahoan mundu ulerkera sinplifikatu eta mozte aldera. Zuek Irakekoari okupazioa deitzen diozue, Israeleko armadaren ekintzei hilketa selektiboak.... Nola hautatzen duzue terminologia? Hor iritzia doa...
Beti egoten da zapaltzailearen terminologia eta zapalduaren terminologia. Orain ematen du denak garela oso jatorrak eta zuzenak, eta XXI. mendean zapaltzaileari eta zapalduari buruz hitz egitea ez dela politikoki zuzena, ez dago klase borrokarik eta abar. Baina terminologia hori existitzen da, eta termino batzuk iristen zaizkizunean zuk jakin behar duzu horiek nondik datozkizun. Adibidez, zer da terrorismoa? Garailea bazara heroia zara, eta galtzailea bazara terrorista. Lehengoan Emir Kusturica zinema zuzendariak hauxe esan zuen Milosevici buruz galdetu ziotenean: "Bai, Milosevic genozida zen, baina genozida zen arma nuklearrik ez zuelako. Arma nuklearra izan balu errespetatu egingo zuten, eta ez zuten bere kontra egingo". Hori da botere nuklearraren eta distentsio nuklearraren ondorioa. AEBek ez dute nahi ez Iranek, ez Ipar Koreak, ez inork arma atomikorik edukitzerik, beraiek direlako terrorismo legal edo ofizial horren ordezkariak, eta beste guztiak gaiztoak direlako. Euskal Herrian ere aplika daiteke logika hori, bai eta beste leku guztietan ere. Nelson Mandela kartzelan zela terrorista zen, eta gero estatuburua. Guk printzipioz terrorismo hitza ez dugu erabiltzen, eta erabiltzen baldin badugu hizki etzanetan edo besteen ahotan, oso subjektiboa baita. Espainian errazago ematen dute terrorismo hitza, "terrorista, terrorista, terrorista...", baina nor da terrorista? Estatua bera ere terrorista izan daiteke, eta bada neurri handi batean, indarkerian oinarritua dagoelako.
Hori leku guztietan gertatzen da, hizkuntzak berak ere ideologia transmititzen duelako. Euskaraz, esaterako, lasai asko deitzen diogu Joan Paulo II.ari Aita Santua. Hori ez da beste inon gertatzen. Han Pope, Papa, Pape, Papst deitzen diote. Euskal Herrian izan ezik, non deitzen zaio lengoaia arruntean Joan Paulo II.ari Aita Santua? Inon ere ez, hedabide katolikoetan edo Vaticanoren informazioetan ez bada. Beste hizkuntzetan Joan Paulo II.ari hala deitzen diotenak apaizak edo mojak dira edo jainkojale itzelak, baina euskaraz, ateorik sutsuenak deitzen dio Aita Santua. Nik beti esaten dut aita bakarra dudala eta, hain zuzen, ez dela santua.

Hamar egunetako Berriako mundua saila aztertu eta datuak hauek dira: hamahiru orri jan ditu Asiako itsasikarak, ia zazpi Ekialde Hurbilak, eta beste hainbeste Irakek. Afrika kontinente osoak, berriz, orri bat eta gutxi gehiago, Hego Amerikak are gutxiago. Ez al duzu uste hirugarren mundua goseak egongo dela?
Bai, baina hor irizpide kontua dago. Berriako Mundua sailean informazio politikoa da nagusi. Bost orri ditugu normalean, eta baliabide gutxi. Bestalde, zerk eragiten digu gehiago: Irakeko gerrak ala Paraguaiko estatu kolpe saio batek? Estatu kolpe saio hori Indikoko estatu batean gertatu balitz, Paraguaikoari adina orri eskaini beharko genioke? Zergatik ez? Paraguai Espainiaren eremu ohia delako? Zeren arabera jokatu behar dugu euskaldunok? Oraintxe onartu dute amnistia lege eztabaidatsua Senegalen, Frantziaren kolonia ohian. Baina horren berri ez emateak ez ditu Paraguairen berri derrigor nahi duten euskaldun asko kezkatzen. Paraguaik erreferentzia izan behar badu euskaldunontzat Senegalek ere izan beharko luke, ez ala? Baina ez, badirudi soilik Espainiaren menpeko lurraldeez arduratzen garela. Eta Frantziaren menpekoak izandakoez? Hain ahulak dira gure lurraldetasunaren kontzeptua eta sentimendua, non gure menperatzaileen erreferentzia historiko eta sentimentalek hausten dituzten.
Eta bai, beste alde batetik zuzen zaude: miseriarik handiena ez existitzea baita. Afrika hor dago ahaztua, paterak Europara heltzen direnean bakarrik begiratzen diegu, bestela ez da notizia, edo mundu ofizialari ez zaio interesatzen. Hirugarren mundu delakoak zein pisu gutxi duen garbi ikusten da hondamendi bat gertatzean. Tsunamiarekin ia 200.000 pertsona hil dira Asian, baina berdina gertatu izan balitz AEBetan, edo lehen mundu delako herrialde batean, gizaki zuri eta aberats horien artean, kristorena izango zen. Amerikar bat berdintzeko berrogeita hamar edo ehun afrikar behar dira. Beraz, oraindik badaude arrazen arteko ezberdintasunak, bai, kazetariok ez gara konturatzen baina arrazistak eta klasistak gara. Eta afrikarren kasuan are gehiago, ehun afrikar hiltzen badira gainetik komentarioa entzun behar baituzu: "Ba, hauek istripuz hil ez balira gosez hilko ziren datorren astean". Zinismo hori kazetarien izaerari lotuta dago, lanbideari. Lurperatzaileekin batera bakarretakoak izango gara geure lanaren onerako inoren heriotzarekin pozten garenak. Begira, bestela, Jean Pierre Beregovoy Frantziako lehen ministro ohiaren suizidioarekin gertatu zena, 1993an. Guk lehen orrian hilik zegoela idatzi genuen eta egunkaria bukatu eta gero plantxak hartu, kotxean sartu eta inprimatzera eraman genituen eta bidean, 10etako albistegian, irratian entzun genuen Beregovoy hilzorian zegoela artean. Azala idatzi zuena hortxe hasi zen madarikazioekin, "hau hiltzen ez bada akabo, hanka-sartze ederra egin dugu, bihar Egunkaria barregarri". Baina Beregovoy hil egin zen azkenean, biharamonean ez genuen hanka sartu. Bera hilik beraz, eta gu, pozik.

Nazioarteko harremanak definitzeko teoria ezberdinak eman izan dira. Hugo Groziok zioen nazioarteko mundua komertzioaren mundua zela.
Bat egiten dut teoria horrekin, lehen eta gaur trukaketa ekonomikoek baldintzatu dute dena. Kolon Ameriketara joateko ez dakit nori diru eske joan bazitzaion, ez zitzaion joango "uste dut hor badagoela lur bat guk ezagutzen ez duguna eta..." esanaz. Eta hala joan bazen besteak azkar erantzungo zion: "Bai, bai, joango gara, baina ikusiko dugu zer dagoen han, handik ahalik eta gehien harrapatu eta geure inperiorako eta geure bizimodurako ekarriko dugu". Beraz, dena da komertzioa, dena da salerosketa. Bestela, irizpide ekonomikoengatik ez bada, zergatik ez dute Txina giza eskubideak urratzen dituelako gogor hartzen? Nazio arteko fororen batean noizean behin NBEk edo besteren batek Txina kritikatzen du, edo Pekinen afariren batean ez dakit nongo estatuburuk "eta giza eskubideekin zer?" botatzen dio, baina hortik aurrera ezer ez. Hainbeste pertsona exekutatzen eta urkatzen badituzte zergatik ez dute, kritikatu ordez, Txinaren kontra kristoren boikota antolatzen? Eta zergatik Kubaren kontra aldiz bai? Oso sinplea da azalpena, Txina mila milioi biztanle baino gehiagoko herrialde bat delako, potentzia ekonomiko itzela, bai kontsumitzeko eta bai produzitzeko, eta Txinarik gabe orain janzten dugunik ez genukeelako jantziko.

Idealistek zioten mundua interesen arteko harmonian bizi zitekeela, errealistek berriz beti egongo zirela gerrak, alferrik dela gurekin.
Rousseauk basati onaren teoria zuen. Ni errealistagoa naiz: agian gaizki dago hain garbi esatea, baina beti egongo dira gerrak. Egin behar dena da baliabideak jarri gerra horien ondorioak ahalik eta txikienak izateko, ahalik eta gutxien irauteko eta ahal den moduan konpontzeko. Baina lurrean bizi garen bitartean, interes bat baino gehiago egongo da tartean, interes pertsonal hutsak edo ekonomikoak, edo bestelakoak, eta beti azalduko du pertsonak bere gordinkeria. Horrek ez du esan nahi zu eta ni bizirik gauden bitartean bakerik izango ez denik. Izango dira garaiak, Europan edo beste nonbait, bakea egongo dena. Baina bakea ere zer da ba? Bi gerraren arteko tartea.

Gerra hotza bukatu zenetik munduan superpotentzia bakar bezala gelditu dira AEB. Txina, Europa, mundu arabiarra, altermundializazioaren mugimendua.. AEBn nagusitasuna kolokan egon daiteke luzera begira?
Ez dakit nork berdindu lezakeen, baina historiak bere zikloak ditu, eta dena erori egiten da azkenean. Erromatar inperioa erori zen. Espainolek ere inperioa osatu zuten, ondoren ingelesek... Inperio pertsiarra ere egon zen, eta begira orain non dagoen Iran, AEBen jo puntuan. Nik uste AEBen gainbehera ere etorriko dela. Horren ondoren zibilizazio musulmana berriro nagusituko ote da? Eskuin muturrak hori esaten du, Turkia Europako Batasunean sartzea islamizazio fase baten seinale dela, baina ez dut uste. Beraz nor izan litekeen AEBen ondoren? Ez dakit. Baina hemen azken batean garrantzitsuena da inperio bakoitzak zer uzten duen. Greziar zibilizazioa nagusi zenean filosofia modernoaren oinarriak utzi zituen, esaten dute erromatarrek zuzenbidea eta oraingo kodigo zibilaren oinarriak utzi zituztela, eta AEBek zer utziko dute? Agian mass-medien inperio birtualaren oinarriak jarriko ditu. Agian hori ere onuragarria da.

Munduari buruz Euskal Herrira zein informazio eta nola etortzen den aztertu dugu. Euskal Herriko berri zenbat zabaltzen da mundura?
Euskal Herria ez da ezagutzen munduan. Herritarren artean esaten duzu Basque Country eta ez du inork ezagutzen. ETA bai, hori ezagutzen dute. Nik beti esaten diet, "eta ETA egongo ez balitz Euskal Herriaren berririk ez zenuke jakingo; ez zaizu tristea iruditzen talde bat egon beharra hor, eta talde horrek eman beharra oihartzuna? Talde horregatik izango ez balitz ez zenuke Euskal Herriaren berririk ere izango? Zuk bakarrik zeure estatua, zeure mugak eta kito". Ondoren esaten dizute, "ah estatu bat nahi duzue? Zertarako estatu bat?" "Kontxo, orain frogatzen ari zara: estatu bat ez badaukat ez gaituzu ezagutu ere egiten, eta ez gaituzu errekonozitzen. Agian ez da ona izango estatu bat edukitzea, baina horixe da uzten diguzuen modu bakarra, normaltasunez eta berdintasunean beste herri baten moduan munduan mugitzeko". Estatuarekin bezala pasaportearekin. Nik euskal pasaporterik ez dut nahi, pasaportea erre egingo nuke, baina kanpora ateratzeko pasaportea behar dut. Eman diezadatela Nazio Batuen pasaportea, apatriden pasaportea, eta horrekin mugituko naiz, baina ez didate onartzen, eta Espainiak eta nazioarteko legeriak behartzen nau pasaporte batekin ateratzera. Beraz, beste pasaporteak edukitzera behartzen nauten bitartean nik neure pasaportea eskatzen dut. Eta ez esan "zergatik nahi duzu pasaporte hori?" "Ba zure etxera joateko pasaportea eskatuko didazulako! Ez eskatu pasaporterik eta nik ere ez dut aldean izango".

Gerry Adams etxe zurian izan zen Clintonekin, nazioarteak badu interesa Ekialde Hurbila baretzeko, berdin Sahara eta Marokoren artekoa konpontzeko ere. Hemen ez dago petroliorik, baina iritsiko al da eguna Euskal Herria nazioarteko agendan sartuko dena?
Euskal Herria nazioarteko agendan dago, Euskal Herria Frantziaren eta Espainiaren agendan dago. Kontua da geure kalterako dagoela sartuta. Gainerakoan kasurik ez zaiola egiten? Hori beste kontu bat da. Palestinak mundu osoaren begiradak erakartzen ditu eskualde estrategiko bati eragiten diolako, gu berriz, teorian, bi ustezko demokraziaren menpe bizi gara. Baina nik beti esaten dut: gure desgrazia da 1512an, kastillanoak azkenekoz Nafarroan sartu eta dena hartu zutenean, ez zegoela Nazio Batuen Erakunderik. Orain ezin baita horrelakorik egin. Orain hori egin izan baligute, okupatu, zapaldu, nafarrak desterratu eta lurraldea kastillanoz bete, alegia, garbiketa etnikoa, azkar sartuko ziren ez dakit nongo tropak, agian amerikarrak, edo agian nazioartekoak. Garbiketa etnikorik ez dagoela? Horixe garbiketa etnikoak badaudela, eta hemen ere egon dira. Baina esan dudan bezala gure zoritxarra da orduan NBErik ez zegoela, eta hamarkadaz hamarkada eta mendez mende indarrez kendua orain arrazonamendu demokratiko eta botoen bidez berreskuratzen saiatu behar dugu. Gero esango dute ni arrazista naizela, Pastor abizena eta arrazista! Baina nik orain Madrilen sei milioi txinatar sartzen ditut indarrez, milioi bat madrildar erbesteratu eta ehun urte barru erreferendum bat egingo dugu ea Madril zer den, Txina edo Espainia. Eta Madril berriro Espainia izateko konbentzitu ditzatela madrildarrek txinatarrak hitz onekin, botoen bidez noizbait berriro espainiar izateko. Sinplista da, baina logika horretan mugitu dira.

Aitona batek hil aurretik bere ilobari esan zion berak bi Mundu Gerra ezagutu zituela. Baina lasai egoteko, hirugarrena ezagutuko zuela-eta ilobak. Gerta liteke?
Dena da posible, interesen arabera. Inoiz petrolioa ekoizten duten herri arabiar guztiak elkartuko balira eta esango balute: "Horrenbesteko prezioa jarriko dizuegu eta izorratuko zarete" arriskua legoke gerra handi bat pizteko. Horregatik ari dira orain petrolioaren ordezko beste erregai batzuk bilatzen. Eta horregatik saiatzen da Mendebaldea herri arabiarrak zatitzen, beste modu batera antolatu eta beste erregimen batzuk sartuz. Baina petrolioarekin ez ezik beste lehengai batzuekin ere gertatu daiteke hori, uraren kudeaketarekin esaterako. Hirugarren Mundu Gerra izango ote den? Hori ez dakit.

La Nacionetik deitzen dizut
«Berria ez dute ezagutu ere egiten, eta pertsonaia handi bat harrapatzea zaila izaten da. Estatu bateko egunkari nazionala bazara agian bai, baina bestela nekez. Gu Euskal Herriko egunkari nazionala gara, baina arazoa da ez dugula estaturik, beraz haientzat erregionalak gara. Beraz, batzuetan, baten batekin kontaktatzeko beste erremediorik ez badago, ez dut arazorik beste bat naizela esateko, jakina, gero beraiei benetan nor naizen esaten diet, eta batzuetan pikutara bidaltzen naute. Hori gertatu zitzaigun Juan Guzman, Augusto Pinochet auzipetu zuen epailearekin. Bagenuen bere telefonoa, eskukoa ere bai, beti deika, eta beti erantzun berbera: "Nondik esan didazu? Euskal Herritik? Ez, Juan ez dago". Egun batean, han goizeko zazpiak eta erdiak zirela deitu genion etxera. Hemengo kazetari bat, emakumea bera, laguna izango balitz bezala hasi zitzaion: "Hola Juan, que hay?", eta berak segidan, "si, si, dime". Gero argitu zion: "Begira, Euskal Herriko egunkari batetik deitzen dizut" azkar batean doinua aldatu eta "no, no, no soy Juan". Esango didate niri, Juan Guzmanen etxean eta goizeko zazpiak eta erdietan, ez bada Juan Guzmanen andrearen amorantea nor izango den. Bera izango zen, oraindik bizarra egiteko zuela. Beraz, berak halako trikimailu bat erabiltzen badu alde egiteko, nik zergatik ezin dut antzera jokatu , "La Nacionetik deitzen dut", beregana heltzeko bidea errazteko?

Laburrean
- Irak: gerra pizten oso erraza da baina itzaltzen ez. Horrek soka luzea ekarriko du oraindik.
- Palestina: luze joko du. Munduak Israeli utziko dio, eta Israelek palestinarrei ez duintasun minimoa izango duen estatua osatzen.
- AEB: bere askatasuna beste lau urtetan edo gehiagoan mundu osoari inposatzen segituko du. Niri ez baitidate galdetzen askatasun hori nahi dudan ala ez.
- Europa: bere baitan daukan kontraesan askori egin beharko dio aurre, bai arazo sozialei bai gurea bezalako arazo nazionalei. Bestalde ea gai den Europako Batasunari izaera politikoagoa eta sendoagoa emateko.
- Txina: etorkizuneko potentzia da, merkatu ekonomiko erraldoia, eta potentzia militarra ere badena.
- Afrika: kolonizazioaren despotismoa, eta deskolonizazioaren nepotismoa, bi horien artean bizi da.
- Hego Amerika: esperantza askoren iturria. Beraien zoritxarrik handiena AEBen itzalean egotea da.

Bidaia zale amorratua
«Nahi baino askoz gutxiago bidaiatzen dut. Gainera orain gehiago bidaiatzen ari naiz kontu pertsonalengatik kontu profesionalengatik baino. Iraken, Aljerian, Irlandan, Palestinan... nola edo hala aktualitatekoak diren gatazka leku gehientsuenetan egona naiz. Egunkaria itxi zutenean Irakera joatekoa nintzen, orain ere Irakeko hauteskundeetara joan edo ez ibili gara, eta azkenean Berriak erabaki du inor ez bidaltzea, afera oso nahasia dagoelako eta oso arriskutsua izan daitekeelako. Txikitatik gustatu izan zait hara eta hona ibiltzea. Umetan bapore handi batean Afrikara nindoala amesten nuen, edo Kanarietatik platanoak ekartzen nenbilela, marinela nintzela... Santurtzi aldean Euskal Herriko portu handiena dugu eta lagunok 11-12 urterekin horra joaten ginen, portuko kontrolak saihetsi eta marinoekin egotera, itsasontzi handietan sartu filipinar edo venezuelarrekin afaltzera...».

Artzain eleanitza
«Beti gustatu izan zaizkit hizkuntzak, baina ikasle txarra naiz, eta klaseetan aspertu egiten naiz. Beraz, maila batean edo bestean dakizkidan hizkuntzak, ingelesa, espainola, frantsesa, alemana, katalana, eta italiera dira gutxi gehiago. Bertara joan, jendearekin hitz egin, eta irakurriz ikasi ditut. Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin orduan eta hobeto. Ezinbestekoena, inperioaren hizkuntza da, ingelesa, baina idealena litzateke arabiera, txinera, errusiera... horiek ere jakitea».

Nortasun agiria
Barakaldon jaio zen 1961eko urriaren 14an. Santurtziko eskola "nazionaletan" ikasi zuen lehenik, Santurtziko institutuan gero, eta Leioako kazetaritza fakultatean lizentziatu zen. Ikasketak bukatzerako Anaitasuna aldizkarian hasia zen lanean. Urte batzuez Eginen eta ETBn kiroletan aritu ondoren Londresera joan zen bizitzera. Urte eta erdi egin zuen han. Euskaldunon Egunkaria sortu berritan hasi zen bertan lanean, baina 1995ean berriz ere kanpora joan zen, Alemaniara, Nurenbergera, hiru urterako. Handik bueltan Euskaldunon Egunkariara itzuli zen, eta nazioarteko sailaz arduratu zen itxi zuten arte. Orain Berrian dihardu Mundua saileko erredakzio buru. Erredakzio sail horrek irabazi zituen ARGIA saria, Joan Cendros saria, eta Midas kazetaritza sariak 2003an. 2004ko Rikardo Arregi saria ere Jose Mari Pastor berari eman zioten igandeetan Berrian idatzitako Leku-lekutan ataleko artikuluengatik. Liburu bat idatzia du, Paul Nicholson, hiru aste Ramalako setioan. Ofizialki ezkongabea da eta Euskal Herrian uste da ez duela haurrik. Hernanin bizi da.

Bertsoa

Doinua: Mutil koxkor bat

Mundu zabala etxeko zaigu,
eguneroko genero,
urrutiena duguna ere
gertu dago, gertu bego.
Hangoaz kezka, horkoaz poza,
bestekoaz odol bero,
baina auzoan zer gertatu den
ez dugu jakiten gero...
Mundu handian mundu txikirik
ez dagoelako edo?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


'Saharari kantari' diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Eguneraketa berriak daude