argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Arraza beltzeko bikoteak hiru seme-alaba albino izan ditu
Jabier Agirre 2005eko urtarrilaren 30

Argazkian ikusten den familiari gertatutakoa oso-oso arraroa da, ehunka milioiren artean behin gertatzekoa. Baina hain bitxia den gertakaria Londreseko iparraldean bizi den familia nigeriar honetan gertatu da, eta ez behin bakarrik, hiru aldiz jarraian baizik. Dickson eta Cynthia Unoarunhi senar-emazte nigeriarrak beltzak dira, noski, eta izan dituzten hiru seme-alabak »Ayonote eta Osimo izeneko bi mutiko, eta Atinuke, alaba gazteena» albinoak dira. Zer esan nahi du horrek? Melaninarik, hau da azalari, ileari eta begiei kolorea ematen dien pigmenturik, ezin dutela sortu beren gorputzean.
Albinismoa alterazio genetikoa da, arraza zuriari bezala baita beltzari ere erasan diezaiokeena. Baina arraza beltzeko pertsonen artean "akatsa" askoz ere nabarmenagoa da, beltzek melanina gehiago izaten baitute zuriek baino, eta horregatik da euren azala ilunagoa.
Beren aurreneko semea jaio zenetik, Cynthiak eta senar Dicksonek era guztietako txantxak eta esamesak entzun eta jasan behar izan dituzte. Hala ere, familiak harrotasunez eutsi zion umearen berezitasunari. Arrazoi gehiagoz, gainera, bigarren semea ere, medikuen iragarpen guztien kontra, albinoa jaio zenean. Zer esanik ez, hirugarren aldiz, alaba ere, bere bi anaiak bezalaxe, albinoa zela ikusi zutenean. Ez da harritzekoa Guiness liburuan sartzea, seme-alaba albino gehien dituen familia hau »ezagutzen genituen aspalditik Johnny eta Edgar Winter rockero iparramerikarrak ere, baina 2 anaia besterik ez ziren».
Eta kasua bitxikeria bezala hartua izan bazen Britainia Handian »60 albino beltz besterik ez baitaude herrialde osoan», pentsa zer-nola hartu ote zuten albistea Nigerian, beren jaioterrian. Dena den, jaio zirenetik »orain 11, 9 eta 7 urte dituzte umeek», behin bakarrik joan dira Nigeriara, Afrikako eguzkia mehatxu latza baita bere azalarentzat, eta izpiek kalte handia egin baitiezaiekete begietan, argiarekiko oso-oso sentikorrak dira eta.