argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2005eko urtarrilaren 30

Ugaztunek dinosauruak jaten zituzten
130 milioi urte dituzten bi ugaztunen fosil ia osoak aurkitu berri dira Txinan. Aurkikuntzak ugaztunen bizi eta elikadura ohiturak argitzeko balio izan du, eta harrigarria bada ere, ugaztunen inguruko uste bat zalantzan jartzeko ere bai. Hain zuzen ere, orain arte oso errotua zegoen dinosauruak desagertu arte, hots orain 65 milioi urte arte, ugaztunak txikiak eta ekologikoki garrantzi txikikoak zirela.
Aurkitutako fosilak oso ongi zeuden, batez ere, sumendiko labak harrapatu zituelako eta are gehiago, hiru dimentsioetan ailegatu dira geuregana New Yorkeko American Museum of Natural History-ko Jin Meng paleontologoaren arabera.
Bi gorpuetatik luzeena, metro batekoa, Repenomanus giganticusarena da eta egungo azkonarraren antza du. Hortzak aztertuz animalia heldu eta gaztea zela ikusi da. Urtarrilaren 13an Nature aldizkarian Meng eta lagunek argitaratutako artikuluan adierazi dute animalia honek 12 eta 14 kilo arteko pisua zuela eta dinosauru garaiko ezagutzen den ugaztunik handiena dela.
Topatutako beste fosil multzoa Repenomanus robustusarena da, hots Repenomanus giganticusen lehengusu hurbila, nolabait esatearren.
R giganticusen fosilekin batera beste animalia baten hezur puskak eta hortzak topatu zituzten. Hezur hauek hozkaka puskatuta zeuden eta behin berrosatu ondoren ia 2 metro neurtzen zuen Psittacosaurus dinosauru landare-jalearenak zirela ikusi zen.
Beraz, aurkikuntza honek ekar dezake ugaztunek dinosauruen garaian zuten izaera eta garrantzia berraztertzea.

Kotxeetan telefonoak despisteen iturri
Esku batean bolantea eta bestean telefono higikorra garai bateko argazkia da, gero eta estatu gehiagotan debekaturik baitago. Horren alternatiba "esku libreak" ahalbidetzen dituen telefono eramangarrien bidetik etorri zen.
Illinois eta Utah-ko unibertsitateetako ikerlariek azterketa egin dute «esku libre»ko telefonoen inguruan. Horretarako gutxienez urtebetez gidatzen zeramatzaten hamalau gidari gazte »21,4 urtekoak batez beste» eta hamalau gidari heldu »68,4 urtekoak batez beste» aztertu ziren bi taldetan. Jarritako frogak hauexek izan ziren: errealitate birtualeko ingurunean Chicagoko hainbat kaletako irudi digitalizatuak pantaila batean ematen ziren bitartean, gidariek elkarrizketak edukitzen zituzten. Azterketa hau Zientzia eta Teknologia Aurreratuko Beckman Institutuan egin zen eta begien erregistroekin erlazionaturiko teknikak erabili ziren erreakzio-denborak neurtzeko. Testen arabera, helduek zein gazteek oso portaera ezkorra izan zuten "esku libre»tik hitz egiterakoan. Irudietako aldaketa garrantzitsuen aurrean akatsak egin zituzten eta erreakziorako denbora asko behar izan zuten. Atzerapenak ez ziren segundo hamarretakoenak izan, segundotakoak baizik eta hau oso emaitza txarra da. Beste bi talderekin egin zen azterketan taldekideek soilik entzun egiten zuten eta ez hitz egin. Honen emaitzak aurrekoenak baino askoz ere hobeak izan ziren, are gehiago, aldaketen aurrean erreakzio denbora segundo hamarrenetakoa izan zen. Psikologia irakaslea den Arthur Kramer-en arabera entzuteak hitz egiteak baino baliabide mental gutxiago behar ditu eta beraz, gidatzean askoz ere zentratuago egon gaitezke entzunaz hitz eginaz baino.