argia.eus
INPRIMATU
Dentsitatea
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2021eko uztailaren 27a
Aztia izateko hezten ari da. Badakizue, ikasgai aldrebes samarrak: oinarrizko sorginkeria eta ikusezintasuna, erratzaren mantentze lanak eta antzaldaketak, edabeak eta izaki miragarrien zerrendak. Eta ikasle saiatua denez, gaizkiari borrokatzen zaio. Gehienetan, arrakastaz. Honez gero jakinen du, ordea, haren hauts magikoek ez dutela beti onik egiten. Ez bederen guri. Ipurdi-bistan utzi baikaitu Harry Potterrek, Euskal Telebista bitarteko dela.
Datuak emanak dira, letra larrietan: 302.000 ikusle gaztelaniaz, 15.000 euskaraz. Gu hogei halako, haiek. Harrigarriena, harrituen kopurua. Aldea parekoa litzateke liburuen irakurketa edo prentsaren segimendua aztertuz gero: hauetan guztietan, gure bateko hogei, haiek, hemen, Euskal (?) Herrian. Haurretan bertzerik uste genuen, hori egia da. Baina gure haurrei fidatu behar diegu, gu konpontzeko gauza izan ez garenaren erantzukizuna?
Errua dentsitatearena omen. Fermin Etxegoienen Neurona eta zeurona irakurri genuenetik, badakigu hiztunen kantitateak hizkuntzaren kualitatea »eta ulermena» sorrarazten duela. Nolanahi ere, gure txikitasunaz negar pixka bat egin ondoan, ez legoke gaizki kontuak eskatzen hastea, sortu zenetik hogei urte iragan direnean, erdararen nonahikotasun telebisibo itogarriari futbolarekin, pilota partida etengabeekin, umorezko telesail mutuekin eta dantza sueltoko txapelketen erretransmisio zirraragarriekin erantzun nahi dion hedabideari.