argia.eus
INPRIMATU
Inpunitatea lege
Joxemari Ostolaza 2005eko urtarrilaren 23a
PPrekin, PSOErekin, IUrekin eta Maria Santisimarekin. Orain zer da, eta kondena egunez egun beteta ere, ez dago libre uzterik euskal presoa. Eta Iñaki De Juanarekin martxan ezarritako estrategiak bide egingo du, aspalditik presoen aurka bururatutakoak sistematizatu diren bezalaxe. Entregak, urruntzeak, bakartzeak, xehatzeak eta ez damutzeak orokorrean inpunitate osoz zigortze egituratuak bilakatu dituzten legez. Jada, hedabideak hasiak zaizkigu eszenatoki berria prestatzen, Iñakirekin hasitakoa sistematizatzen. Badatoz berriak, kanpoan behar luketenak betikoz kartzelaratzea helburu duten prozedurak. Berdin dio legalak ez baldin badira ere, horiek jasan behar dutenak aski bakartuak baitituzte sozialki ere. Berdin dio hemen milaka lagunetako manifak diegun begirunea eta etxean nahi ditugula adierazten baldin badu ere, horrek ez die boterearen beroan bizi direnei etekinik ekartzen. Alderantziz, euskal presoak zenbat eta egurtuago Espainian orduan eta airosoago boterea. Kartzelak euskal militantez lepo behar du Espainian arrakasta politikoa nahi duenak, eta dinamika hori apurtu ezean edozer izango dute aitzakia egokia gu guztiok kartzelan emateko. Hau bezalako artikulua aski lukete.