argia.eus
INPRIMATU
Autokonplazentziaz
Castillo Suárez @casti_suarez 2021eko uztailaren 27a
Aitortzen dut: Civicaneko erabiltzaile txartela egin nuen aspaldi eta Baluarteko abonua ere badaukat. Kultur hartzaile konpultsiboa naizen aldetik, Nafarroako kultur azpiegitura handienetako -eta handikeriaz ari naiz- erabiltzailea naiz, beraz: Caja Navarra fundaziokoa bata eta Baluarte fundaziokoa bestea, biak ere Nafarroako Gobernuaren ingurukoak. Egia esan, mentalizaturik joaten naiz batera zein bestera; zoritxarrez Nafarroako euskaldun asko »euskaldun gisa» mentalizaturik joaten gara foru erakundeetara.

Bi fundazio horietatik igortzen dizkidaten paperezko euskarrietan euskarak tartetxo bat izaten du: sinbolikoki, baina agertu egiten da euskara. Eta agertzeak izorratzen nau gehien, ez agertzeak baino askoz gehiago. Amorratzen nau badakidalako Nafarroako hizkuntzei buruzko gogoeta egin dutela, euskara kontuan hartu dutela gogoeta horren baitan, eta toki murritza eman diotela propio. Euskararen existentziaz jabetzen da gobernua, aitortzen du existitzen dela, baina inoiz ere gaztelaniaren maila berean. Autokonplazentziaz erabiltzen du euskara, ez begirunez.