argia.eus
INPRIMATU
Urte berri on
Itxaro Borda 2007ko otsailaren 21a
Kurrinka latzak aditzen dira bazterretan. Goiza doi-doia altxatzen da lur karroinduaren azalean. Bi txori bakarti kantuz aditzen dira ongarri metaren gainean. Ekia lainoen artetik ausartzen da, zinez berotzera atrebitu gabe. Airea lurrin ateratzen da urdearen inguruan bilduen ahoetarik. Urdea zigi-zaga dabil, azken orena hurran duela sentitzen duelako.
Eta gizonetarik bat, ez beti krudelena, laban erraldoia eskuan egurrezko tinkategira hurbiltzen da. Besteek urdea berme atxikitzen dute. Gizonak lepo-zainak mozten dizkio eta orduan, ez-uste bezain misteriotsu, odol gorri-iluna pertz handira isurtzen da burrustan, epel, ketsu eta jori.
Negu mineko saihets-ezinezko gertakaria da urde hiltzea, edo ehaitea leku zenbaitetan erraten den bezala. Ase eta zaindu den zerri gotorrak familiei zenbait hilabeteren janaria eskaintzen du bere borondatearen aurkako sakrifizio horren trukean: xingarrak, lunkak, gurina, tripotak eta oroz gainetik estimatzen ditugun ametsetako lukainkak.
Urdeak bezala datorkigun urteak hazkurri ausarki eman diezagula.