argia.eus
INPRIMATU
Tourmaleta, beste aldetik
Txema Ramirez de la Piscina 2021eko uztailaren 19a
Tourmaletera igotzea beti izango da Tourmaletera igotzea; baina ez da berdin Campan-dik abiatzea edo Luz Saint Saveur-etik igo behar izatea... Ez dakit nola, Pirinioetako gailur mitikora joan zitzaidan ihesi adimena joan deneko abenduaren 30ean, arratsaldeko bostak inguruan, Arnaldo Otegi "hiru bai gehi hiru ez"-en aritmetika politikoa esplikatzen hasi zenean. Agian, gailur bertsuak, baina oraingoan beste aldetik, igo beharko zituela gure politikaren tropelak, izango zen neure neurona bihurriren bati okurritu zitzaiona.

Ez dakit zergatik sortu zuen horrek hainbesteko zalaparta Legebiltzarrean bertan, eta telefono susaldia Euskal Herrian eta Espainian. Xehetasunetan ez bazen ere, katoian datozenetakoa zen Batasunaren hautua: beretzat edonola ere ezerosoak ziren aukeren artean, luzarora emankorrena edo behintzat eramangarriena dirudiena aukeratu zuen. Kostuak, hutsaren hurrengoak; irabaziak, galantak eta berehalakoak, irudiaren arloan... Eta, batez ere, udaberriko hauteskundeen gailurreraino nola iritsi metroz metro aztertu eta planifikatua zutenak, etapa atzekoz aurrera ipinita, igoera beste aldetik egin beharrean uzten zituen: lehen maldan behera zena, goraka da orain, eta alderantziz. Mendia eta errepidea lehengo lekuan dauden arren.

Gogotik ala gogoaren kontra, Sabin Etxetik Alderdi Ederrera, "Ibarretxek behar zaitu" aldarrikatu beharko du EAJk hemendik aurrera. Eta horrek ez ditu denak berdin asetzen asaba zaharren batzokian. Baina egutegia jada eginda dago, eta datozen hauteskundeak irabazi ondoren etor daitekeen tentsioa baino okerragorik bada jeltzaleentzat: hauteskundeak galtzea. 2001ekoa, 604.222 boto EAJ-EA koalizioarentzat, oso egoera berezian lortutako gandorra izan zen. Egia da berriro ere Madrilen biraoen makina martxan ipini dutela, eta horrek artzanoraren papera egiten duela euskaldunon artean; baina ez dut uste ezker abertzaletik iheslari berririk itxaron behar dutenik: Batasunak, bere gutxieneko elektorala finko dauka jada; ostegunekoaren ondoren, finkoago. Aralarrek, kentzekotan, koalizioari kendu beharko dio.

Gehiengoa berretsi ez ezik osatzea egingarria da, haatik, Ibarretxerentzat. Ezker Batuarentzat ez da samurra datozen hauteskundeen Tourmaleta, edozein aldetatik igo behar izanda ere, baina IUk Madrilen bizi duen nahasmenak autonomia politikoa bermatzen dio Javier Madrazori, komeni zaiona egiteko. Eta hirukotik kanpora, larre motza dago Ezker Batuarentzat.

Auzia, beraz, tropela hautsi eta etapa mugiarazi behar duten konstituzionalisten jokoan datza. Eta estrategiak, bi, hasi dira bereizten. Bata, PPrena, aspaldiko inertzien eta babes mediatikoen erosotasunarekin, erabateko konfrontazioa, Ā«zuzenbidezko estatuaren baliabide guztieiĀ» deika; zuzena izan daitekeen aurreiritzi batetik abiatzen da -azkenean, era bateko edo besteko indarraren bitartez erabakiko dela auzia-, eta popularrei oso mesedegarria zaien ezinbesteko korolarioa -Espainiako bi partidu nagusiak eskutik joan beharra, batez ere udaberriko hauteskundeetan- ezkutatzen du. Iazko aldaketa politikoek lehorrera eramanda utzi zituzten submarinoen ahaleginak beste ezer baino argigarriagoak dira.

Urte amaierako estutasun honetan ere aurreikuspenerako gaitasun handirik erakutsi ez duen Zapaterok, hala ere, hartzaren besarkadan ez erortzea erabaki duela ematen du. Berak jakingo du Ibarretxeri hautestontzietan irabazi behar zaiola dionean benetan itxaro duen posibilitate bati buruz ari den, ala gaurdanik baztergarria den horren ondorengo urratsak dituen buruan. Gauzak dauden moduan, PSE-EEren egiazko jomuga, udaberriko Tourmaletean, partidu konstituzionalisten tarteko helmugen sailkapenerako, PPri gain hartzea da. Eta gero gerokoak.

Tourmaleta igaro ondoren hamaika malda geratzen da eta.