argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 27a

Antzerkiaren historia hurbila paperean

Gutxi idatzi da euskal antzerkiaz. Are gutxiago euskal antzerkiaren historia hurbilaz. 70eko eta 80ko Gipuzkoako antzerkiaz, behintzat, apur bat gehiago jakiterik izango dugu hemendik aurrera Mari Karmen Gil Fombellidak atondutako El teatro en Gipuzkoa 1970-1986. Apuntes para una historia de las artes escénicas en Euskal Herria liburuari esker. 1970 eta 1986 bitartean 340 antzerki talde »amateur, profesional nahiz eskolako» zenbatu ditu. Horietatik 170 inguru gipuzkoarrak ziren. 70 hautatu ditu eta haiei buruz idatzi, alfabetoaren ordena segituz. Oraingoan Gipuzkoako antzerkia jorratu du, baina herrialde guztiak aztertu nahi ditu, Euskal Herriko arte eszenikoen historia osatze aldera. 60ko hamarkadako euskal antzerkiaren historia idatzia du dagoeneko, baina oraindik ez du lortu bildutako materiala argitaratzea. Euskal antzerkia paperera hurbiltzen ari da behintzat.


Telebista jaialdiaren txanda

telebistako profesionalak biltzen dituen nazioarteko jaialdia da Biarritzen urtero egiten den FIPA. Urtarrilaren 18tik 23ra, telebistan ikusteko aukera gutxi izaten diren dokumentalak, fikziozko filmak, erreportajeak, programak eta film laburrak erakutsiko dituzte. Iaz, 2.329 profesional bildu ziren. 53 herrialdetako 2.143 programa eta 140 film aurkeztu ziren eta 25.000 ikusle bertaratu. Aurtengo edizioan Warriors eta Whiten Oleander filmen egile Peter Kosminsky omenduko dute eta tele-errealitatearen eragina eta kultura aniztasuna jorratuko dituzte hitzaldi eta mahai-inguruetan.


Nontzefilm lehiaketa lehenengoz

Animaziozko filmen lehiaketa »Nontzeflash» jarri zuen abian iaz Nontzeberri kultura webguneak (www.nontzeberri.com). Aurten bestelako ekimena abiatu du Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren (FANT) laguntzaz: Nontzefilm film laburren lehiaketa. Garai batean Internet atari hainbatek abiatu zituen on-line film labur lehiaketak, baina babesleak galdu zituztenez, gutxi geratzen dira egun. Beraz, egokiera aparta da zinemagileentzat. Filmak martxoaren 11 arte bidal daitezke eta gehienez hiru minutuko iraupena izan behar dute. Lau sari izango dira: film onena, bigarren film onena, ikuslearena eta Euskal Herriko film onena. Jasotzen dituzten lan onenak FANT jaialdian ikusi ahal izango dira.


Bertso kanporaketa Iparraldean

Iaz arte Iparraldeko bertsolariek Nafarroako Bertso Txapelketan parte hartzen zuten. Iaz ez zuten gonbitarik jaso bertan parte hartzeko. Momentuz ez dute Iparraldeko txapelketa antolatuko, Bertsularien Lagunak elkartearen ustetan, baldintzarik eta lehiakide nahikorik ez dagoelako. Dena den, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako kanporaketa egingo dute Iparraldean hilaren 16an, Donibane Lohizuneko Dukontenia aretoan. Bertako bertsolari guztiei egin zieten parte hartzeko deia eta baietza seik eman dute: Miren Artetxek, Amets Arzallusek, Fermin Mihurak, Xumai Muruak, Eneritz Zabaletak eta Egoitz Zelaiak. Horietatik bi bertsolari sailkatuko dira Txapelketa Nagusirako eta Sustrai Colina zuzenean sartuko da aurreko Txapelketako finalera heldu zelako.


Zinegoak jaialdia zazpi herritan

Hogeita hamabost film, iaz baino hamar gehiago, ikusi ahal izango dira Zinegoak gay-lesbo-trans zinemaldiaren bigarren aldian, hilaren 19tik 23ra bitarte. Bilbon, Berangon, Portugaleten eta Sestaon eskaini zituzten iaz emanaldiak eta aurten Leioa, Galdakao eta Getxora zabalduko dute zirkuitua. Gainera, aurten Ikus Entzumen Sorketa Saria antolatu dute lehenengoz, Euskal Herrian jaiotako zinemagile batek bertako gay, lesbiana edo transexualen errealitatea jorratzeko lana egin dezan.

* * * * * * * * * * * * * *

On Kixoteren urtea izango da 2005a Espainian. Izan ere, lau mende igaro dira Miguel de Cervantesek El ingenioso hidalgo Don Quijote de la Mancha eleberri ezaguna plazaratu zuenetik. Ekitaldi andana izango da Espainian haren ohorez: lanaren berrargitalpen bereziak, antzerki ikuskizunak, operak... Gurean ere izango du eraginik, Pedro Berrondo apaizak (Oiartzun, 1919-Donostia, 2002) itzulitako Don Kijote Mantxa’ko berrargitaratuko baitu Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak.

Kexu Vital Kutxarekin. Orain arte diruz laguntzen zituen Vital Kutxak Arabako Nazioarteko Abesbatza Astea eta Nazioarteko Folklore jaialdia. Orain haiei dirurik ez ematea eta beste proiektu batzuk sustatzea erabaki du. Horrek bi ekimenak desagertzea ekarri du, ez baitute bizirauteko baliabide nahikorik. Agurain, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Burgo, Donemiliaga, Iruraiz-Gauna eta Zalduondo herrietako alkateek gutuna bidali diote Vital Kutxako zuzendari Gregorio Rojori, euren desadostasuna adieraziz. Alkateek diotenez, zaila da nekazal eremuan kultur kontsumo ohiturak sortzea eta bi ekimenak errotuta zeuden alkateek ordezkatzen dituzten herrietan.

Bertso Eguna hilaren 22an egingo dute Donostian. Xabier Amuriza, Iñaki Gurrutxaga, Aitor Mendiluze, Andoni Egaña, Jexuxmari Irazu, Sebastian Lizaso, Jon Martin, Amets Arzallus eta Unai Iturriaga arituko dira Kursaaleko taula gainean. Saioaren ostean, afaria izango da Zubietako Araeta sagardotegian.