argia.eus
INPRIMATU
Toti Martínez de Lezea: «Hau da euskal irakurketari laguntzeko dudan modu bakarra»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 27a
Zein dira lan hau ('Hautsi da katea. Sara izan zen lekuko') euskaraz agertu izanaren arrazoiak?
Nik indioak bezala hitz egiten dut euskaraz, hori da nire problema! Hautsi da katea da euskaraz agertzen den nire lehen eleberria, bai. Zergatik agertu dudan horrela? Nahi nuelako! Ilusio handia egiten zidan jendeak nire lana euskaraz irakurri ahal izateak. Gaur arte ez da posible izan... Arrazoi gehiago nahi? Batetik, nire seme-alabak eta bilobak euskaldunak dira eta haiek nire lana euskaraz irakurtzea nahi nuen. Bestetik, irakurle euskaldun batzuk ere badauzkat, eta haiek ere nire lana euskaraz irakurtzea nahi nuen. Bukatzeko, hau da euskal irakurketari laguntzeko nik dudan modu bakarra.

Baina, euskaraz sortu al duzu?
Ez! Gaztelaniaz idatzita dago, jakina. Nik ezin dut euskaraz idatzi. Baina niri hori berdin zait. Hizkuntza zerbait esateko, zerbait kontatzeko modu bat da, eta niri berdin zait zer hizkuntzetan kontatzen den. Baina gure hizkuntzak laguntza behar du, eta hau zen laguntzeko nire modu bakarra Eta oso-oso harro nago. Euskaraz bakarrik agertu da. Gero gaztelaniaz, frantsesez edo txineraz agertuko da, baina momentu honetan euskaraz bakarrik dago, eta irakurleek irakurri nahi baldin badute, euskaraz irakurri beharko dute.

Iparraldea aukeratu duzu nobelaren kokaleku...
Bai! Nire euskarazko lehen eleberria Iparraldean gertatu behar zen! Guk ez dugulako hangoen historia ezagutzen »beraiek ere ez gurea», eta nobela hau proiektu baten hasiera delako. Ez da euskaraz agertuko dudan bakarra izango.