argia.eus
INPRIMATU
Otxandioko plazan
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 27a

Gorbea eta Anboto nagusi diren paisaietan bada Otxandio, herri dotorea. Etxe, jauregi, dorre eta kale zaharrek aire berezia, usain gozoa eransten dio bertan dabilenari, bertan bizi denari. Giro honek neguko hotz gauekoaz enparantza nagusian du bere azalpen gorena, niri hala iruditu zitzaidan behintzat.
Pilotalekua monumentu dute fosilizatu. 1857koa, Aramaioko Arangio mendietatik ekarritako harlanduz egina. Zoruko harlosatzarrak anonimoak, baina haiek bai monumentalak... Eskubi-pareta, berdea: elegantzi kolonialeko zumardia, ez zumarrez, indigaztainondoz osatua. Ondo koloniala! Plaza barrenean udaletxea. Haren ondoan, kolonialismo gordinetik sasi-mestizaia kosmopolitara garaiak aldatzen ari direnaren aztarna biziak. Zuhaitz ilara. Lau. Udalaren hegalean Lagestroemia indica kultua: uda partean lore arrosazko soinekoa janzten duen konstantinoplarra. Hurren, astigar arrunta, Acer campestre, lur hauetako dama pinpirina, txori-buru samarra; itxurarekin, udazkena erakustearekin urteko lanak egintzat jotzen dituzten hori horietakoa. Segidan Judasen arbola, beste batzuentzat "amodioaren arbola" »Cercis siliquastrum» loraldi arrosa eskandaluzkoa eta giza-bihotz itxurako hostoak engainatuta, zuhaitza denari amodioa eta Judas fruituak direla ustel dutenek arbola izena emana. Muturrean Beterrin maspila eta hizkuntzalariek basagurbea deitzen dutena, Sorbus torminalis. Hau bai geurea. Milaka urtetan larrazkeneko udaretxoz elikatu gaituena eta zura dotorez jantzi gaituena.
Hotz gaueko hartan garaien aldaketarena zenbaterainokoa denaz jabetu nintzen: talka kopetan! Otxandion azken esne-behia kendu berria dute. Bizkaia maite...