argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Antiguedad (EHUko irakaslea eta EHko legebiltzarkide ohia): «Beharrezko astindu ederra»
2005eko urtarrilaren 09a
Astindu ederra gero, ostegunean Gasteizko Legebiltzarrean bizi izan zena. Sozialista Abertzaleak taldeak sortu du astindua Lakuako hirukoaren Estatutu Politiko Berrirako Proposamenari nolabaiteko bidea egiten hasteko behar zituen botoak oso modu kritikoan eskainita. Talde horretako hiru kidek ahozko baietza, beste hiruk ahozko ezetza eta zazpigarrenak idatziz argitu zuen baietzon eta ezetzon zentzu bateragarria.

Bat nator astinduarekin. Izan ere, herri honetako egoera politikoak bazuen astindu baten beharra, aspaldian zegoelako inertziak hartuta, burujabetzan geldi. Askotan esan da, eta egia da, prozesu batean edukia dela inportantea, baina moduak ere badu garrantzia. Eta kasu honetan, Proposamenaren testu osoa bera baino inportanteagoa izan da, nire ustez, batzuek politikaren taula behingoz mugitu eta bizi-berritzeko agertu duten prestutasuna, Proposamenaren funtsezko hitzak abiapuntu hartuta taulako pieza guztiak ezinegonean utziz, eta, bide batez, batzuen interes elektoral neurtuak atzekoz aurrera jarriz. Legebiltzarra epizentroa izan da, eta orain sortutako olatua serio kudeatu beharra dute, astintzaileek batez ere.

Ezker abertzaleak arriskatu egin du, astindu guztiek dakarten arrisku-maila bereganatuz; ez da gutxi, denok egingo balute! Belodromoan egindako apustuari zentzuzko segida eman dio. Gatazka gainditzeko metodo adostu eta baliagarriaren beharra aipatu zuen han, eta berdin egin du osteguneko bilkuran ere, beren botoen ulergarri: "Aukera politiko guztiak berdintasunean garatu ahal izango diren benetako egoera demokratikoa zabaltzeko" metodoa, zazpigarrenaren hitzetan. Bazuen ezker abertzaleak eremu politikoan bazter geratzeko arriskua ere, hirukoak behin eta berriro, batere gelditu gabe, ahalegindu direlako "ezetzaren blokean" sartzen, konstituziozaleekin batera, herri honi galdetzeko aukera bera ukatzeko jarrera modu maltzurrean leporatzeraino. Zaila zuen ezker abertzaleak, gizarte zabalari begira, bere kontrako ekaitz maltzurrean aterpea bilatzea, "Konekta zaitez" garai honetan guztiok ez dutelako konektatzeko aukera bera. Hala ere, sinestuta nago osoko bilkuran hartutako jarrera ez dela aterpe hutsa izan, Anoetako apustuaren benetako neurri bat baizik.

Eta orain zer? Proposamena dagoeneko Legea da, hemen behintzat. Jada ez da datozen hauteskundeetarako batzuen balizko programa; akabo bide hori, beste zerbait eskaini beharko dute. Legea izanda bidean hastea dagokie agintariei, eta ez dirudi bidea luzea izango denik, Espainiako Gorteetako ezezkoa argia izango delako, profeta ez banaiz ere. Gatazka instituzional zabala ekarriko du horrek. Gatazka politikoa, gatazketan gatazkena, behingoz gainditzeko aukera ezin hobea izan daiteke, sortu berri den konfrontazio politiko demokratikoa modu egokian kudeatzen badakite hemengo eragile guztiek, edo gehienek behintzat, eta ez bakarrik politiko huts direnek. Sozialista Abertzaleak taldeak emandako baietza bidea egiten hasteko baietza delakoan nago, jakinda bidean hamaika gauza adostu behar direla, hamaika oztopo saihesteko, eta horretarako metodo adostua behar dela. Metodoa. Osoko bilkuran emana ez da txeke zuria izan, ez beltza ere; grisez gris jauzi kualitatiboa eginez metodoa adosteko txekea baizik, nire ustean.

Bai astindu polita! Eta bai paradoxa!, ezker abertzaleak 2001eko legalitatean baino sinesgarritasun sozial gehiago dauka 2005eko ilegalitatean. Atera bitzate kontuak burua udaberrian jarrita dutenek! Zer ondorio ekarriko du irekitako prozesuak orduko hauteskundeei begira? Egoera berria ahalbidetu duen formazio politikoa legez kanpo segitzea onartuko al du herri-galdeketa, hiru lurraldeetan, batzuen biolentziarik gabeko egoeran egingo dela etengabe esaten dagoenak? Hauteskunde-deia egin behar duen berak? Olatua abian da.