argia.eus
INPRIMATU
Euskal Unibertsitatea eztabaidagai
Txoli Mateos 2005eko urtarrilaren 09a
Azkenaldi honetan, unibertsitatearen egoera, zeregina eta etorkizuna izan dira hizpide. Orain hilabete batzuk, Euskal Unibertsitate Sistema Legearen ebazpenak erantatu egin zituen eremu politikoa eta unibertsitarioa. Berriki, EHUk dituen finantzaketa arazoak lau haizetara zabaldu dira eta, egunotan, berriro ere agertu da gaia Eusko Jaurlaritzarekin sinatu den akordioaren karietara. Noizean behin, Bolognako mamua ibiltzen da hitzetik hortzera, eta Europa mailako unibertsitate erreforma horrek zer ote dakarren jakin gurako genuke. Euskararen presentzia are murritzagoa islatuko ote du ikasketen antolakuntza berriak? Handituko al da unibertsitateak berez duen enpresa kutsua, ikusmolde humanistago baten kaltean? Bateragarria izango ote da europar homologazioak dakarren homogeneizazioa euskal curriculumaren balizko diseinuarekin? Eta hori dena, urte batzuetan unibertsitate ikasle kopurua etengabe jaitsiko dela aurreikusita.

Bada, testuinguru horretan, Udako Euskal Unibertsitateak Euskal Unibertsitatea eginez izeneko ekimena jarri du abian, haren kideek balizko euskal unibertsitate bat egiteko aukeraz eztabaidatzeko asmoz. Hartarako, lau arlotan antolatu da prozesua: akademikoa, ekonomikoa, juridikoa eta soziologikoa, eta Urtarrilaren 22an burutuko den Mintegian izango du amaiera eztabaidak. Horren bidez, Euskal Unibertsitatearen bideragarritasunaz gogoeta eragingarriak burutu gura dira, baita eginkizun horretarako beharrezko den gutxieneko adostasuna landu ere, hori barik alferrikakoa baita edozein proiekturi ekitea. Eta gero gerokoak.

Euskal Unibertsitatearen beharraren inguruko kezka eta aldarrikapena ez dira berriak, jakina denez. Historian urrutiago joan barik, Udako Euskal Unibertsitatea sortu zenetik bertatik egon da lan ildo horri ekiteko asmo finkoa. Aitor dezadan, aurrera jarraitu baino lehenago, urteotan egon den hala-moduzko eztabaida hori beste jende askok bezalaxe jarraitu dudala, hau da, ez eragile moduan. Hala, harrokeriatzat har liteke lerro apur batzuekin laburtu gura izatea energia, denbora eta buruhauste franko eragin izan »eta eragiten jarraitzen» duen gaia. Halaxe egingo dut, apaltasun osoz, ordea.

Zer da, baina, Euskal Unibertsitatea? Ezagun da aurretik euskal hori daramaten kontzeptu guztiek buruhauste ugari eragin ohi dutela, batzuek Euskal Herriko bezala ulertzen dutelako eta, beste batzuek, berriz, euskarari zuzen-zuzenean lotzen dutelako. Nire ustez, Euskal Unibertsitate batean pentsatzen hasi zenean, eta ordutik aurrera urte askoan, euskal horren barruan alde biak batzen ziren: euskara hutsez aritzea, bata, eta Euskal Herriko zazpi herrialdeak hartzea, bestea. Ideia bi horiek banaezintzat jo izan dira urte horietan guztietan barrena. Apurka-apurka, ordea, Euskal Unibertsitatearen irudikapenak ñabardura bat baino gehiago jaso du ibilbidean. Erabili beharreko hizkuntza dela eta, adibidez, asteotan eztabaidatzen ari diren testuetako batean unibertsitate eleanitza izango litzatekeela baieztatzen da; beste batean, Euskal Unibertsitatea euskaraz autozentraturik jardungo lukeela esaten da, eta, beste batek dio Euskal Herriko Unibertsitatea Euskal Herrian dagoena besterik ez dela eta Euskal Unibertsitatea, aldiz, euskarazko unibertsitatea bakarrik izan daitekeela. Denon buruan dago, nik uste, Euskal Unibertsitatearen hizkuntza nagusia euskara izan behar dela, baina ez zait iruditzen huskeria bat hori aldarrikatzeko orduan sumatzen den desberdintasuna.

Hain zuzen ere, antzera gertatzen da Euskal Herriko horrekin. Alde batetik, Euskal Unibertsitateak zazpi herrialdeak barne hartu behar dituelako ideia milimetro bat bera ere ez da mugitu urteotan. Hor ez da egon ñabardurarako lekurik. Baina, hortik aurrera, planteamenduak apur bat aldatu dira. Adibide bakarra jarrita, eztabaidaren zati bat unibertsitatearen izaera pribatu edo publikoa izan da maiz. Hala, herri ekimeneko unibertsitatea izan behar zela esan ohi da sarritan. Euskal Unibertsitate baten sorreraren baldintzapen juridikoak aztertzen dituen dokumentuan, ordea, argi eta garbi baieztatzen da Euskal Herri osokoa izan dadin aukera bakarra izaera publikoko partzuergo bat sortzea dela. Indarra galtzen ari da Euskal Unibertsitatea eta ikastola mugimendua hari berari lotzen zituelako iritzia? Baiezkoan nago.

Eta are garrantzitsuagoa da azken dokumentu horretan esaten dena: edozein delarik ere egiten den aukera, ezinbestekoa da asmo horren aldeko borondate politiko nahikoa egotea, aukera guztietan beharrezkoa baita kasuan kasuko agintaritza politikoaren onespena. Zer ondorio ekar lezake horrek? Nire ustez, bi, gutxienez. Bata, Euskal Unibertsitatearen oinarriak finkatze aldera etengabe lan egin behar bada ere, epe luzerako proiektu gisa ikusi behar dugula. Eta bestea, eremu politikoaren egoerak eta euskal gizartearen egituratze politiko-instituzionalak zehaztuko duela egitasmoaren bideragarritasuna, nahi eta nahi ez. Bestela esanda, Euskal Unibertsitatea Euskal Herriko Unibertsitatea »ez naiz UPV/EHUz ari, noski» baizik ezin daitekeela izan, hots, gure unibertsitate nazionala. Edo hori beste kontu bat da?