argia.eus
INPRIMATU
Eta orain zer?
Allande Boutin 2021eko uztailaren 27a
Urte berria hasten dela eta Iparraldean zer berri? Dena zahar!? Beno...
Orain dela 25 urte »amesten genuen Euskal Herria aipatzen genuelarik» hauxe komentatzen genuen zenbait lagunen artean: "Hemendik hamar urteren buruan gauzak aldatzen ez badituk, alde honetan bederen jai zegok!". Bada, bi hamarkada eta erdi iragan dira eta erreformaren izpirik ez dugu oraino ikusi! Pazientzia izugarria dugu ezta?

Euskal departamendua ez da sortu. 200 urte baino gehiago dituen eskakizuna! Euskal Laborantza Ganbara ez da onartua izan. Euskararen ofizialtasuna ezta ere. Berezko unibertsitatea berdin. Hau balantzea!

Hauexek dira azken bizpahiru urte hauetan Batera plataformak Ipar Euskal Herriarentzat beharrezkotzat jo, bultzatu eta defendatu dituen aldarrikapenak. Ederki gainera, adin, jatorri eta ideologia muga guzien gainetik, aurten berriz ere, Baionako karriketan milaka lagun bilduz.

Hala ere, Parisek behin eta berriro ezetz borobilaz erantzun die eskakizun hauei. Denbora berean badirudi sentitzen duela zerbait egin behar duela Atlantiar Pirineoak deitu departamenduko mendebaldean. 2003ko abenduko Sarkozy barne ministroaren bisita ondotik argi gelditu zen. Urte bat berantago »hau urgentziazko dossierra!» bere ondorengoak egin duen itzuli ondotik baita ere, nahiz "bemol handi" bat eransten ahal zaion. Hau da: denek maite dute Euskal Herria, bere nortasuna lantzen duen euskara ahantzi gabe »baina euskara ez da ezagutua». Euskal kulturak Frantziakoa aberasten du »baina Aturritik goiti ez da aipatzen, ez du lekurik». Biltzarra euskal instituzioa eredugarritzat jo du ministrariak »baina Biltzarrak ez du ez botererik, ez ahalmenik». Ele ederrak dira, eta fede onekoak. Sinest dezaket hori. Hain segur nire baitan bizirauten duen haur hori dela eta! Baina, ez dut ulertzen zergaitik 260.000 bizilagun baizik ez dituen herri honetaz beldur diren. Nola konpreni bestela, saihesbideak hartzeko betiko gura. Esplikatzen naiz: berezko Laborantza Ganbara ez, baina bertako nekazal zerbitzuari bai... Euskararen ezagutzarik ez, baina hizkuntz interes orokor elkargoari bai...

Bestalde departamenduko barne oreka babesteko, Ipar Euskal Herrian zerbait sortzen bada, Biarnoan gauza bera egin behar da. Bearnesekilako errespetu osoz esanda, beraien mintzairaren etorkizunaz guk baino askoz kezka guttiago daukate. Hala ere, euskara eta biarnesa berdin tratatu behar da esaterako... Departamenduko mendebaldean egiten denak parekoa behar du ekialdean! Hala gertatu berri da Paueko Kontseilu Nagusian Euskal Herriko lur batzordea antolatu delarik. Biarnes oro kontra oldartu dira. Euskal hautetsiek bat eginik »eskubi, ezker, zentrista eta abertzale». Kontseilu buru zentristaren alde jarri dira eta beraien taldekide biarnesei esplikatu diete zergaitik Euskal Herriak bere lurraz jabetzeko behar duen tresna hau. Biarnesek ez dute onartzen zergatik Euskal Herriak erdiesten duen nahi duen zerbait, eta haiek ez, nahiz ez duten bergauza eskatzen! Zerbait ulertzen duzue mugaz bestaldekook? Bada, lasai izan. Ezta guk ere batzutan... Baina argi geratzen dena da euro bat Iparraldean inbertitzen delarik, kasik beti, Biarnoan beste bat eman behar dela. Gainera, euro bana ezin delarik eman, 50 zentimo banatzen dira...

Badut uste garaia dela biarnesek beren departamendua edo autonomia edo dena delakoa eska dezaten. Horregatik urte berriaren atarian biarneseri beren departamendua, hizkuntz eskubideak eta lur antolaketa eska ditzaten opa diet. Horrela, euskaldunak eta biarnesak bereizten ahalko dira arazo gehiegirik gabe! Iparraldeari "elkartasun eza" ezinen zaio gehiago leporatu. Euskaldunak ez dira haboro "separatistatzat" hartuak izanen, eta aspaldiko aldarrikapenak berdin onartuak izanen dira... Amets egin daiteke ezta?