argia.eus
INPRIMATU
Bertso eskolak: heldutasunera iristeko ordua
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko uztailaren 27a

Irautea ez da nahiko. 20 urtetik gora dira bertso eskolak sortu zirela eta etengabeko erreleboari esker, oraindik bizi-bizirik daude. Ordea, euren ederrari begira geratu beharrean, muineko arazoak aztertzeari ekin diote Gipuzkoako bertso eskolek. Iraunkortasuna eta kalitatea gordinean neurtu dituzte. Zein herrik du ziurtatuta hurrengo 5-10 urtetako martxa? Zeren esku dago bertso eskolen iraupena? Klaseen kalitatea hobetzen ari al da? Zeren araberakoa da kalitatea?

Gipuzkoako bertso eskola denetara zabaldu dira galderak eta ia bertso eskola denek eutsi diote erronkari: bileretan bildurik, kalitatearen eta egonkortasunaren gaia lantzen ari dira »ikus koadroan diagnostiko orokorra».


Bertsolaritzako oinarrizko lana

«Bildu eta kantatu» egiten dutela da ikasleek bertso eskolaz duten irudipena. Irakaslearena, beste bat da: ondo pasatzera datorren umea etorkizuneko bertsozale, bertsolari, gai-jartzaile... bihurtzen saiatuko da. Horretarako, ikasleak motibatzen asmatu beharko du, taldean giro atsegina bideratzen eta ikasle bakoitzaren gaitasunak garatzeko bideak jartzen, metodologia eta ariketa zehatzak prestatuz.


Dedikazio urria, kalitaterako oztopo

Bertsolaritzaren etorkizunerako funtsezko lan hau, orain arte irakasleak borondatez egin izan du, orokorrean. Irakasleak autodidaktak dira eta eurek garatzen dute metodologia eguneroko jardunean, pedagogia edo irakasle ikasketak egindako gero eta bertso irakasle gehiago badago ere. Laguntzeko, Bertsozale Elkarteak gero eta mintegi eta topaketa gehiago antolatzen ditu irakasleek jakintza eta tresna gehiago eskuratu ditzaten. Irakasleak lanetik edo institutu/unibertsitateko klasetik kanpo duen denbora librearen araberakoa da klasea prestatzeko hartzen duen denbora, eta honek eragin zuzena du eskaintzen duen kalitatean. Bertso eskolen kalitatea irakasleen denbora librearen araberakoa izatea muga handia da hobetzeko. Hiztegi errimatua dela, grabazio eta liburuak, unitate didaktikoak... Prestatzeko denbora hartuz gero, klase magistralak emateko materialik ez da falta egun.

Bestalde, irakasleak kanpora ikastera joaten direnean edo lana aurkitzen dutenean, bertso eskoletara iritsi ezinda aurkitzen dira sarri. Hainbeste urtean Zarauzko bertso eskola eraman duten Pello Esnal eta Rosa Lertxundirena bezalako salbuespen miresgarriak salbu, irakasle gehienek 3-5 urte artean irauten dute. Beraz, esperientzia metatzean utzi eta beste berri batek hasieratik heldu behar izaten dio irakasle lanari.


Egonkortasuna kolokan

3-5 urtez behin irakaslea aldatu beharrak ez du bertso eskolaren epe luzeko proiektua garatzen asko laguntzen. Bertsolaritza irakasle asko ez dagoenez, sarri ordezkorik bilatu ezinda geratzen dira bertso eskolak, eta irakasle faltagatik itxi den bertso eskolarik ere bada.


Elkarlana abiatu dute bertso eskolek

Bertso eskolen egonkortasuna ziurtatuko duen antolaketa diseinatzea da kontua. Era berean, antolaketa hori kalitatea etengabe hobetu dadin bideratu nahi dute irakasleek. Horretarako elkartu dira Gipuzkoako bertso eskoletako ordezkariak. Eta pixkanaka, gogoeta zabaltzen ari da Euskal Herriko beste lurraldeetara. Talde lana, horra hartu duten abiapuntua. Bertso eskola bakoitzak bere izaera du, bakoitzaren egoera desberdina da eta bertso eskola bakoitzak du erabakia, baina arazoak elkarrekin konpontzeko bildu dira, denen indarrak koordinatuta bakoitzaren egoera hobetzeko. Diagnostikoa egiteko eta irtenbideak eztabaidatzeko bertso eskola bakoitzeko ordezkariak bildu ondoren, hainbat irakaslek mugimendua gidatuko duen taldea osatu du eta hamabostean behin biltzen da talde hau. Parte hartu nahi dutenei irekita dago eta erabaki nagusiak hartzeko bertso eskola denak elkartuko dituen bilerak egitea aurreikusten dute.


Erantzun beharreko galderak

Egungo egoerari zuloak ikusi zaizkio, eta antolatu beharra mahaigaineratu da. Antolamendua diseinatzerakoan, orain arteko balioei eusteko hainbat galdera erantzun beharrean daude: nola eutsi bertso eskola bakoitzaren nortasuna eta autonomiari, nola lortu irakasleen funtzioa orain bezain aktiboa eta sortzailea izan dadin...

Bertso eskolak egonkortzeak eta kalitatezko eskolak emateak eskatuko duen lanak profesionalizazioa planteatu du. Herri mugimendua eta lan profesionala uztartzeak ekartzen dituen kontraesanak ere mahaigaineratu dira. Bestalde, bertso eskoletan ez da formula berria profesionalizazioarena. Iparraldean, esaterako, urte batzuk badaramatzate, eta ondo egindako lanaren emaitzak bistakoak dira. Zorionez, egungo irakasleek ez dute egun batetik bestera beste norbaiten esku utzi nahi bere herriko bertso eskola, eta askok etorkizuna funtzionamendu profesionala dela aurreikusi arren, pausoak pixkanaka eta ondo neurtuta eman nahi dituzte.


Aurtengo egitasmoa

Bertso eskolen mugimendua egituratzeko diseinu bat aurkeztu zen iaz. Proposamen hori eztabaidatzea eta funtzionamendua zehaztea izango dira hurrengo urratsak. Eztabaida hau Euskal Herri osora zabaltzea oso aberasgarria litzateke, Euskal Herri osorako diseinua adosten hasteko. Koordinazio lanak egitea jarri du helburu Gipuzkoako bertso eskolen taldeak 2005erako, bertso eskolen harreman sarea osatzeko. Praktikan elkarlanean hasteko, Bertso Eskolen Eguna egingo da aurten »lehen aldia da Gipuzkoan», eta bertso eskolen ariketak bildu eta banatuko dira.

Oraindik dena dago martxan jartzeko, baina gogoeta honek dagoeneko lortu du irakaslerik gabe zeuden 5 herritan -Arrasate, Tolosa, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Goierri- bertso eskolak sortzea edo arazo beragatik larri zebilen aurreko bertso eskolari jarraipena ematea.