Winston Arizmendi euskaldun-amerikarra sustraien bila dator


2004ko abenduaren 26an
Winston Arizmendiren istorioa Amerikako Estatu Batuetan hasiko da. Winston, AEBetako familia klasiko batean bizi da, nahiz eta bera euskal txapela jantzita ibiltzen den horietakoa izan. Aita, euskaldunen semea izanik ere, aberri bakartzat Amerikako Estatu Batuak ditu eta Bushen jarraitzaile sutsua da, american way of lifearen eredu paregabea. Winstonek ama Irlandakoa du eta arreba ere haiekin bizi da, burua txoriz betea duen neskato amerikar tipikoa. Bizilagunak Espainiakoak dira eta haiekin ere izango dute hainbat ika-mika.

Istorioaren protagonistak Eusko Jaurlaritzaren beka bat jasoko du eta horri esker etorriko da Euskal Herrira, aiton-amonen herria ezagutzera. Aitak ezin du ulertu, semeak nola nahi izan dezakeen Euskal Herria bezalako toki batera bidaia egitea. Arrebari interesgarria iruditzen zaio anaiak Afrikako iparraldea ezagutzea eta amak ere ongi ikusten du semeak atzerrian denboraldi bat egitea.
Bilbon lur hartuko du Arizmendik eta ezuste itzela izango du; izan ere, berak Euskal Herria inguru bukolikotzat zuen, artzainak eta mendi artean ziren herriak baino ez zituen imajinatzen. Guggenheim museoa ikusteak harritu egingo du mutikoa. Handik Nafarroara joango da noski, bere familiaren berri izan asmoz eta handik Euskal Herriko txoko askotara egingo du bisita.

Walter Garmendiaren oinorde

"Istorioa, orain 17 urte, Carlos Varela eta biok, ARGIAn argitaratu genuen berbera da. Istorioa gaurkotu eta marrazkiak ere pixka bat moldatuko ditut, baina orduko Walter Garmendiarenak eta honek antz handia izango dute", dio Jose Angel Lopetegi komikiaren egileak. Gai hau diasporan bizi diren euskaldunen errealitatea islatu asmoz aukeratu zutela kontatu digu Lopetegik.

Nola amaituko dira Arizmendiren abenturak Euskolanden? Egileak ere ez daki zehatz-mehatz istorioaren amaiera nolakoa izango den, baina Winston behintzat Amerikako Estatu Batuetara itzuliko dela argitu digu. Haren ordez nor etorriko den, ordea? Hortxe misterioa, amaiera arte argituko ez diguna.

Jose Angel Lopetegi
16 urte zituela hasi zen Ipurbeltzen komikiak argitaratzen eta oraindik ere horretan dihardu. Geroago, Juanma Berasategirekin hasi zen lanean eta Kalabaza Tripontzia film luzean parte hartu zuen. Telebistarako egin diren marrazki bizidunen hainbat saiotarako ere egin ditu marrazkiak; Lazkao Txiki edo Txirritarenak, kasu.
Goya saria jaso zuen Karramarro Uhartea filmaren story board-a eta diseinua ere berak eginak dira. Orain Asterix eta Obelixen gisako album bat egiten ari da. Pirata du izenburua eta pirata den 8 urteko mutiko baten bizipenak kontatzen ditu.
Lopetegik komikiak eta marrazki bizidunak krisian direla uste du, ez dela nahikoa argitaratzen, ezta irakurtzen ere: "Euskal Herrian Ipurbeltz baino ez dugu eta Espainian ere ez dago gehiegi, El Jueves eta besteren bat, baina hori ez da nahikoa".


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude