George Orwellen 1984 eleberrian, Anaia Nagusiak milioika lagun zelatatzen zituen. Telebistak ekarri dizkigun Anaia Nagusi modernoetan, berriz, alderantziz da: milioika lagunek orduak ematen dituzte gutxi batzuren komeriak behatzen. Orain dela urte batzuetatik hona, reality showak, edo telerrealitatea, lehiaketaz mozorrotuta beti ere, izugarri hedatu dira munduko herrialde askotan. Baita ildo desberdin biri jarraituz hedatu ere. Europan, bizikidetza hutsa erakusten duten saioek erdietsi zuten arrakasta lehenik »Big Brother da adibiderik adierazgarriena»; AEBetan, berriz, bizikidetzari biziraupena gehitzen dizkiotenak izan ziren abiapuntua »Survival, La isla de los famosos, Basetxea eta abarren tankerakoak». Azkenean, eredu biek lortu dute milioika ikusle erakartzea, eta ondoren bestelako espezializazioak ere agertu dira; berbarako, jende arruntaren ordez ospetsuek parte hartzen duten saioak.
Euskal Herriko ikusleok, Europako beste askok bezalaxe, Big Brotheren eskutik ezagutu genuen telebista berria. Kritika mordoa jaso arren, berehala geratu zen argi ideiak arrakasta zeukala, ikusle kopuruz behintzat. Luze gabe, bertoko bertsioak agertzen hasi ziren, bertoko partehartzaileekin eta bertoko telebistan emateko.
Izan ere, ETBk apustu garbia egin du reality showen alde. Koro Lasartek, kateko Entretenigarri eta Gazte Saioen buruak, azaltzen du "joerak aldatu egin direla, eta jendeak oso gustura ikusten dituela era honetako saioak". Ikusleari eskatzen duena ematea, horixe omen da gakoa. Zer nahi du, ordea, euskal ikusleak? Audientzia-datuetan bilatuz gero, erantzuna ez da oso argia, denetik baitago.
Espainiako estatu, oro har, Telecincok emandakoek arrakasta handiagoa dute Antena 3koek baino. ETBren kasuan, Globomediak ekoiztutakoek »Basetxea eta La flecha amarilla» eutsi diote katearen batezbesteko ikusle kopuruari, baina besteek, telebista-kate horretako langile batek aitortu digunez, "porrot egin dute". Kronos ekoiztetxeak ETBren beraren eskariz egindako El topok %12ko audientzia eduki zuen »ETB-2ren batezbestekoa %16 ingurukoa da», eta Barnetegiak, berriz, %2,4a baino ez »katearena %6a da». Datuok EAEkoak baino ez dira. Nafarroakorik ez dugu, neurketez arduratzen den enpresak "Espainiko gainerako lurraldeak" izeneko anabasan sartuta daukalako euskal herrialde hau.
Euskal realitya hobea omen
Euskal herritarrok gustuko ditugu reality showak, baina ba omen da idatzi gabeko lege bat: hemen egindakoei ez diegu onartzen gainerakoei onartzen dieguna. Hala uste du behintzat Kronos ekoiztetxeko Gotzon Bastidak: "Hemengo ikusleei gaizki iruditzen zaie audientzia handitzearren etika eskaseko estrategiak erabiltzea, produktua hemengoa bada. Bestelako kontua da Gran Hermanok egitea, kanpokoa delako, baina hemengoari ez zaio onartzen". Ildo bereko doazen iritzi gehiago ere bildu ditugu.
ATELEUSeko (Euskadiko telebista ikusleen elkartea) Urkiol Solagaistuak oro har reality showak gaitzesten baditu ere, Euskal Herrian egindakoen alde ageri da: "Lehiakideek jende aurrean ‘biluzik’ agertzeaz gain, zerbait egin behar dute irabazteko, eta hori ondo dago". ETBko Koro Lasartek ere, bere kateak ematen dituen reality showak eta beste batzuk bereizi nahi ditu: "Guk ematen ditugun saioak eta Gran Hermano ez dira gauza bera, desberdintasun handia dago. Ukaezina da, edonola, hark erakusten dituen gauza batzuk erakusten ditugula geuk ere, lehiakideen artean sortzen diren harremanak batik bat".
Beraz, halako fair play-a dago Euskal Herrian, eta bereziki ETBn, reality showekin. Hori islatzen da batzuek eta besteek saiook erabiltzen dituzten moduan. Espainiako estatuan egindakoen kasuan, oso arrunta da bertan agertzen diren pertsonaiak programaz programa ibiltzea gero, elkarri sekulakoak esaten. Sarritan, reality showari buruzko iruzkinak kate bereko saio ugari betetzeko baliatzen dira. Hala, zenbaitek killer format izena eman die, gainerako programazioa akabatzen dutelako »Gran Hermanoren lehen edizioa horren adibide ederra izan zen». Euskal Herrian hori askoz maila apalagoan gertatu da, eta gaur egun ia inork ez ditu gogoan orain urtebeteko lehiakideak, esaterako. Salbuespenak salbuespen, ez dute osperik erdietsi, baina horren bila joan al dira?
Lehiakidegai mota bi
Hainbat reality show egileren ustez, castingetara doazenak multzo bitan bana daitezke: bizipen bila doazenak eta ospe bila edo, behintzat, ikus-entzunezkoen arloan leku bila doazenak. Globomediako Txema Montoyak dionez, "saioan parte hartzeko etortzen zaizkigun hamar lagunetik bik esaten dute ospetsu izan nahian datozela, beste bik jendea ezagutzeko asmoz, eta beste seik bizipenagatik. Baina nik uste dut benetako proportzioa bestelakoa dela: bost ospe bila datoz, eta beste bostak bizipen bila. Sariengatik? Ez dut uste. Lehiaketan hiruzpalau baino ez direnean geratzen hasten dira saria eskura dutela pensatzen eta benetan berau lortzeko borrokatzen, baina lehenago ez".
Montoyak dioskunez, parte hartzaile batzuek protagonismo handia hartzen dute, kamera egun osoan beraiei begira dutela ikusita, eta laster hasten dira galdetzen ea telebistan lan egiteko zer nolako aukerak dauden. "Edozertarako balio dutela pentsatzen hasten dira, eta gainera Basetxeako bi edo hiru ETBn saioak aurkezten ikusi dituztenez… Horretarako datorrenik ere bada".
Zelako lehiakideak nahi dituzte?
Saio egileak ere, zer esanik ez, zerbaiten bila dabiltza. Euren produktua ikusleentzat ahalik eta erakargarrien izatea daukate helburu, eta hori lortze aldera aukeratzen dute lehiakidegai bat edo beste. "Normalean, jende berezia hartzen da »dio Txema Montoyak», eta berezien artean arruntago diren bi edo hiru aukeratzen dira, kaleko ikusle xehearen ikuspuntua lehiaketa barrutik eman dezaten. Gainerakoan, oso berezia dena hartzen dugu, neurri baten barruan, noski. Ez dugu aukeratuko arazoak sor diezazkigukeen zororik".
Xedea, saioa hasitakoan lehiakideek izango dituzten harremanak nolabait bideratzea da. Biziraupenezkoak izan ala ez, reality showetan ikuslea gehien erakartzen duena, bertan daudenen arteko liskarrak edo maitasunak izaten dira. "Horretarako »jarraitu du Montoyak», ez dut esango antzezleak behar direnik, bakoitzak nahi duena egiten duelako, baina bai nortasun bereziko pertsonak".
3komak ekoiztetxeko María Lópezek, Barnetegia saioa prestatzeko egin zen castingari buruz aitortzen du: "Izaera kontrajarriko pertsonak egon daitezen ahalegintzen gara. Saioaren ardatza bizikidetza da, eta bizikidetza horrek audientzia erakartzea behar dugu guk. Horregatik, oso pertsona onaren aldamenean oso berekoia den norbait ipintzen dugu, adibidez".
Errezetaren oinarrizko beste osagai bat hautauek kamera aurrean ondo ematea da, eta hori neurtzean datza castingetako probako asko. Leihakidegaiei beren bizitzaz edo saioan parte hartzeko dauzkaten arrazoiez hitz egiteko eskatzen zaie, eta naturaltasunez diharduten ala ez behatzen da. Umorea, sentiberatsuna, edertasuna… dena hartzen da kontuan, Lópezen berbetan. "Telebistarako pertsonaia egokiak aurkitzen saiatzen gara", laburbildu du 3komakoak.
Euskaldunok uzkur
Zenbat jende joaten da horrelako castingetara Euskal Herrian? Txema Montoyaren ustez gutxi, "saioak zenbatek ikusten dituen ikusita". Askok uste zuen Euskal Herrian reality show bat egitea ia ezinezkoa izango zela, bertakoon izaerak ez duelako horiekin bat egiten. Gauza askoren ospea daukagu, eta horietako bat sentimenduak jende aurrean azaltzeko batere iaioak ez izatearena da. Nola egin milaka lagunen aurrean eta kamera bat dela tarteko? Denborak erakutsi du reality show bat ez, baizik eta dozena erdi egitea posible dela Euskal Herrian, baina topikoak badu bere egia. Hala uste du behintzat Gotzon Bastidak: "Ez gara geure intimitatea agertzeko zaleak, eta gainera herri txikia gara; denok ezagutzen dugu elkar. Horrek telebistan agertzeko lotsarazten gaitu, eta ez bakarrik reality showetan". El topon parte hartzeko, konparazio baterako, 500 lagun inguruk deitu zuten horretarako propio jarritako telefono zenbakira. Gutxi, mundu honetan dabiltzanen aburuz. Urtarrilean ETB-2n hasiko den El conquistador del fin del mundorako, berriz, 1.000ren batek deitu zuen. Ez da oso kopuru handia, baina Euskal Herrirako nahiko ona.
Saioa euskaraz izanez gero, are okerrago da. "Erdarazkoetara deitzen dutenen heren batek deitzen du euskarazkoetara", azaldu du Montoyak. Hala ere, Montoya ez dator Bastidarekin bat euskal senak horretan eduki lezakeen eraginaz: "Gran Hermanorako aurkezten diren euskal herritarrak ez dira beste lekuetakoak baino gutxiago". Nolanahi, Montoyak aitortu digu aurtengo Basetxeako castingean parte hartzeko, esaterako, oso jende gutxik deitu zuela, baita aurreko aldiekin alderatuta ere. "Zorionez, harrituta geratu ginen zelako jendea zen ikusita: oso berezia, indartsua, polita...".