Joxe Azarola: Zumaiar bat Broadwayen


2004ko abenduaren 26an

Azarolaren biografia ez dago inon idatzita. Areago, haren figura lausoturik zegoen, bizirik, soilik, ezagutu zuten batzuen oroimenean eta paper solte batzuetan. Horietako bat iritsi zitzaion eskuetara Inazio Tolosa musikari zumaiarrari Zumaiako kultur etxekoen bidez: Vida Vasca urtekariak 1944an argitaratutako artikulu baten fotokopia zen. Ramón Salanova kazetari aragoiarrak Joxe Azarolaren soslaia egiten zuen bertan; argazkietako batzuetan Azarola ageri zen showman gisa, esaterako, aulkitik airean salto eginez pianoa jotzen zuen bitartean. Herrian galdezka hasi eta arrastoren bat edo beste topatu zuen: Azarolaren jaiotza agiria udaletxean, eta Jon Altzibarren lekukotasuna, honen aita, Julian Altzibar, izan baitzen Azarolak Zumaian zeuzkan etxeen administratzailea. Nahikoa Jon Maiak printzak hartu eta kanta sortzeko. "Oso istorio iradokitzailea zen: musikari handi bat, pianoarekin aitzindari… entzun besterik ez dago Aurreskua nola jotzen duen swing erara. Nik imajinatzen nuen Broadwayen adibidez, Xavier Cugaten eta inguruan, eta Samekin parekatu dut: Jo zak, berriz, Joxe.

Auñamendi entziklopediak argazki eta guzti aurkezten du Azarola, baina datu apur batzuk besterik ez: Luis Urteagarekin -San Bizenteko organista- eta Pagola maisuarekin ikasi zuela pianoa Donostian; Madrilgo Kontserbatorioan karrera amaierako sari nagusia irabazi zuela 17 urterekin... Salanovak dioenez, sari horrekin konbentzitu zen Peperen aita semeak pianoan zeukala etorkizuna eta ez, berak nahi zuen bezala, banketxean kontulari gisa. Eta horrela, diru kontuak utzi eta lehenengo lana Tolosako Gorriti zineman izan zuen, pelikula mutuak pianoz laguntzen.

Organoa eta soinu txikia

Laster zabalduko zen Azarolaren sona. Donostiako Euskal Billera elkartean bere argazki bat dago, Usandizaga eta Sorozabalenarekin buruz buru, hauei bezala omenaldia egin zitzaiolako gerra aurretixe. Gazte ageri da Azarola argazkian, baina ordurako sobera ezagutzen zuen Euskal Billerako pianoa.

Aita Gabirikoa zuen Azarolak, eta harako joera handia hartu zuen gaztetatik. Opor zeukanean, hara joaten zen denboraldiak pasatzera. Gabiriko Txoko etxean, Pilar eta Maritxu Txintxurretak, Pepe Azarolak bidalitako argazkiei begira, astindu dituzte oroitzapenak. Lehenengoa: "Ikaragarritako juergista zen". Eta gero, erretratoa orekatze aldera edo: "Oso elizkoia zen, oso. Hona etortzen zenean elizara joan eta organoa jotzen zuen".

Pepe Arzelusek, artean mutikoa bera, behin baino gehiagotan txanda hartu edo eman zion Azarolari Gabiriko elizako organoan. "Jotzen zuen… errejistro guztiak atera-eta…". Arzelusi, Tolosako Santa Mariako Kaperaren organista gaur egun, ez zaio batere kamustu Azarolarekiko mirespena. Elizan organoa astintzen bezala gogoratzen du ostatuan soinu txikia hartu eta kalejirak jotzen, ezer ez eta festa eginez. Madrildik partitura bat bidali zion dedikatuta; piezetako bat, Campanas azaroladas izeneko fox-trota eta bestea estilo andaluziarrekoa. Eta eman, eskura eman zion Azarolak Arzelus mutikoari pianistaren curriculuma ondoen jasotzen duen argitalpena.

Lau eskuko magoa

Agenda moduko bat da, alde batetik 1944ko egutegia dakarrena, eta horrekin tartekatuta, gaur egun artistaren booka deituko litzaiokeena. Aurkezpen gisa, ezarri izan zizkioten kalifikatiboak: El mago del ritmo, El pianista eléctrico, El pianista relámpago, El pianista cuatro-manos… Mugaz bi aldeetako antzoki eta Salon de Theetan ibilia zen ordurako: Baiona eta Miarritzen bezala, Bilbo eta Donostian, edo Madril, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza, Palma (Mallorca), Paris, Bordele eta Toursen. Irratien zerrendan, dozenerdi bat, Unión Radio Madridetik hasi eta Radio Bilbao eta San Sebastiáneraino. Diskoak, Bartzelonako Odeon etxean eta Parisen. Eta bukatzeko, zinean izandako parte hartzea: Iquinok zuzendutako Un enredo de familia eta Turbante blanco pelikuletan, eta, izenbururik zehaztu gabe, Parisko Excelsior Burdeos produktorako zenbait filmetan. Horixe 1944a bitarteko ibilbide profesionala.

Agenda horretan bertan ageri da Azarolaren helbidea: Zaragozako Hotel Vasconia, San Blas kalean. Gabiriko bi ahizpa, Baztarrikatarrak, ziren hotel horretako jabeak, eta etxean bezala sentitzen bide zen bertan.

Hantxe, Zaragozan, aldatu zitzaion ezkonbidaiaren norabidea Ormaiztegiko Kaxilde Arzelusi. Azarolaren lagun mina zuen senar hartu berria, Joxe Migel Irizar. Joan dira ezkonberriak Bartzelonarako bidean Zaragozara, eta azaldu zaie hotelean, sorpresa emanez, pianista. Bartzelonara jo ordez, Madrilerako bidea hartu zuten hirurek, Azarolak han film batean jo behar zuelako. 1946ko martxoan zen hori, beraz, hirugarren film batean ere parte hartu zuen Azarolak Madrilen.

"Behin »gogoratzen du Kaxildek» eraman gintuen Club Anglo-Americanora. Lehen han aktuatzen ibilia zen eta egin zioten sekulako ongietorria… Berak, pianoan jarri eta Andre Madalen jo zien; haiek ez zekiten fandangoa dantzatzen, baina korroa egin eta han ibili ziren".

Bonba hotsa, pianoz

Kaxildek moto handi baten gainean deskribatzen du Azarola, senarra "lapurtu" eta bi lagunak kostaldera-eta egunpasa joaten ziren garaietan. Eta moto hori azaltzen da gerra hasi zenean ere. Pilar Txintxurretak dio Pepek motoa Gabiriko eliza ondoan jarri eta zarata izugarria aterarazten ziola Española menditik Ormaiztegira sartzeko ahaleginetan zebiltzan erreketeak amorrarazteko. Ormaiztegi eta Gabiri artean zihoala erreketeek motoaren gordailua tiroz zulatu ote zioten ere kontatzen da.

Gerrako ibilien hariari Jon Altzibar zumaiarrak ematen dio segida. "Beste asko bezala, hura ere »Azarola» gorriekin joan omen zen Bilbora. Han, berak zekiena egiten zuen: pianoa jo. Eta tekladuko nota altuenekin egiten omen zuen bonbek erortzean ateratzen duten ziztua: fiiiiii… Eta gero nota baxuenak ipurdiarekin joz, brom-brom-brom, bonba lehertzen deneko hotsa". Halako batean preso hartu zuten frankistek eta Burgosko San Pedro de Cardeñara eraman zuten.

Lagun karlista batek, Berrobiko organista zen Angel Aldanondo tolosarrak egin zituen burubideak Azarola aska zezaten, baina, baldintza bat jarri zioten: Espainiatik alde egitea. Horretan, Parisera jo zuen, eta han bizpahiru urte egingo omen zituen, besteak beste, Radio Parisen pianista gisa jardunez. Antxon Longaron tolosarrak kontatzen du aurrekoa, misterio apur batez, gerra garaiko gorabeherekin sarritan gertatzen den bezala. Longaronek geroxeago ezagutu zuen Azarola, 1941ean, Zaragozan, eta goian aipaturiko Angel Aldanondoren bitartez. "Zaragoza, orduan, kapital garrantzitsua zen, eta kabaret asko zegoen bertan, animadora eta guzti. Giro horretan, bazeukan lana Azarolak". Longaronek Tolosako Inauterietako piezak, Galtzaundi, Isabelita eta konpainia fox estilora jotzen entzun zionekoa dauka gogoan. "Gizon hark zeukan erritmoaren zentzuarengatik, beltza behar zuen izan", ebasten du tolosarrak. Agian horregatik ez zuen inolako zalantzarik izan Azarolak Amerikara salto egiteko. Hemen "oso ikusia" zegoela esaten omen zuen, eta halako batean, hartu zuen Mexikorako bidea.

Txapela oroigarri

1949ko azaroaren 12an Mexiko hiritik idatzi zion Pepe Arzelusen amari, esanez "izugarrizko arrakasta" ari zirela izaten. Pluralean mintzatzen zen, izan ere, lehendik lankide zuen Miguel Alegre bateria jole aragoiarrarekin joan zen hara. Lau disko grabatu zituztela ere kontatzen du Azarolak gutun horretan, suerte pixka batekin diru dexente emango ziotenak, eta kexatzeko motiborik ez zutela, "printzipe modura" bizi zirela-eta. Hemengo lagunei bidalitako gutun eta argazki dedikatuen bidez jarrai daiteke apur bat Azarolak Amerikan egindako ibilbidea. Estatu Batuetan ibili zen, Dallasen adibidez 1951an. Bera hil eta gero argitaratutako gutxienez hiru disko New Yorken ateratakoak direnez, Toreador etxeak hain zuzen ere, pentsa daiteke bertan grabatuak izango zirela.

Azarolak ez zuen familiarik utzi. Seniderik ere ez, eta hantxe, Mexikon galdu zen bere arrastoa. Mexiko DFko Sanatorio Españolen bisitatu zuen Jon Altzibarren arreba mojak. Azken orduan pasiotarrek lagundu bide zioten; haiekin adiskidetasun handia zuen lehendik, Gabiriko konbentutik. Kontatzen da, hil baino lehen, aitortza egin eta bizikide izan zuen emakume mexikarrarekin ezkontarazi zutela pasiotarrek. Azarola hil eta ez zeru ez lur geratu zenean, emakume hark pianistaren txapela eraman omen zuen berekin oroigarri bakartzat.

Dantza loturako Aurreskua
Inazio Tolosa eta Jon Maia txundituta geratu ziren Azarolaren Aurreskuarekin. "Aurreskua horrela jotzea urte haietan…".
Izan ere, Acuarela Española eta Piano Loco diskoetan, lehenengoan Música vasca bailable izenburupean, eta bigarrenean berriz Selecciones clásicas bailables, jotzen du Azarolak pot-pourri bat, euskal doinu ezagunekin osatua, hasieran Aurreskua dela. Maiestaterik batere galdu gabe, dantza loturako pieza izugarri dotorea bihurtzen da Aurreskua Azarolaren bertsioan. Eta iradokitzen du, nolabait, nahiz eta "printzipe modura" bizi, herrimina.
Gainerantzean, fox-trotak, bluesak, musika espainola, pieza klasikoak… iturri hain ezberdinetako piezak jotzen ditu Azarolak eta guztiei ematen die bere ukitua: azkarra eta erritmo bizikoa alde batetik, baina baita koloretsua eta adierazkorra ere. Miguel Alegrek »diskoetan José Alegre» laguntzen dio beti, oso modu finean, bateriaren isipuak erabiliz batez ere.
Pieza batzuetan, batez ere Piano Loco diskoko Chineando eta Bolero izenekoetan, pelikula mutuei laguntzen zien musika oroitarazten du. Bestalde, disko honetan bertan dago Campanas azaroladas, berak konposatutako pieza. Dena den, konposatu baino gehiago bertsioak egin ohi zituen, itxura guztien arabera. Eta horretarako, askotan, herri musika erabiltzen zuen; Madrilen Andre Madalen, Zaragozan Tolosako inauterietako doinuak… eta Euskal Billeran berriz, Donostiako danborradakoak jotzen zituen, elkarte horretako historia jasotzen duen liburuan azaltzen denez.


ASTEKARIA
2004ko abenduaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude